Mirandarik gabe, ataka okerragoan geratu da Barcinaren gobernua

Lehendakariorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak dimisioa emanda, sakondu egin da Nafarroako gobernu krisiaBarcinak esan du «ahalik eta lasterrena» izendatuko dituela kontseilari berriak

Koldo Aldabe.
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako lehendakariorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilari Alvaro Mirandak dimisioa eman du, eta Nafarroako Gobernuaren krisia sakondu egin da, joan den astean PSNko hiru kontseilariek kargua utzi ostean, orain UPNko batek, Foru Gobernuan hamasei urte zeramanak, hutsik utziko baitu Yolanda Barcina lehendakariarenaren ondotik exekutiboan garrantzi handiena duen aulkia.

Diario de Navarra egunkariak aurreratu zuen berria atzoko edizioan, eta Barcinak berak baieztatu zuen geroago, dimisioaren arrazoiak zehaztu gabe. Kazetak bai, eman zuen dimisioaren arrazoia; haren arabera, Mirandak kargua utziko du UPNk PSNren babesa berreskura dezan parlamentuan, sozialisten botorik gabe Barcinak nekez aterako duelako aurrera legegintzaldia.

Gobernukide sozialistei aurretik ezer esan gabe Ekonomia eta Ogasun kontseilariak 132 milioi euroko murrizketak iragarri izanak bultzatu zuen UPNren eta PSNren arteko gobernu itunaren haustura. Hark kargua utzita, Roberto Jimenezek zuzentzen duen alderdiak berriro Barcinari babesa emango dion itxaropena du Mirandak. Gobernu hausturaren ostean, Barcinak behin eta berriro esan du oraindik ere sozialistekin akordioetara iristeko itxaropena duela.

«Ikuspegi zabalekoak»

Gaiaz galdetuta, Yolanda Barcinak ez zuen erantzun nahi izan Mirandaren dimisioarekin UPN eta PSN gerturatuko diren: «Eskuzabal eta ikuspegi zabalarekin jokatzeko unea da» esatera mugatu zen lehendakaria.

Askotan errepikatu zuen esamoldea izan zen, baita egun hutsik dauden gobernuko besaulkiak beteko dituztenez mintzatzeko orduan ere. Kontseilari berriak «ahalik eta azkarren» izendatuko dituela hitz eman zuen Barcinak. «Pertsona onenen bila ari naiz, eskuzabalak eta ikuspegi zabalekoak izan behar dute».

Barcinak Justizia eta Barne kontseilaria, Ekonomia eta Ogasunekoa, Sustapen eta Etxebizitzakoa eta Gizarte Politika, Kirol eta Gazteriakoa izendatu beharko ditu, eta baita bi lehendakariorde, edo gutxienez bat.

Gobernua, «lurra jotzen»

Oposizioko alderdiek gobernua «lurra jotzen» ari den seinaletzat hartu dute Mirandaren dimisioa, eta ulergaitza iruditzen zaie horrek UPNren eta PSNren arteko gerturatzea ekartzea. Oposizioko alderdi guztietako legebiltzar taldeetako eledunek hitz egin zuten atzo, Juan Jose Lizarbek izan ezik; sozialisten eledunak ez zuen ahorik ireki nahi izan.

Lizarberen ordez, PSNko Antolaketa idazkari Santos Cerdan mintzatu zen, Nafarroako Gobernua «goitik behera» datorrela esateko, eta Mirandaren dimisioaren ostean Nafarroako diru kontuak argitzeko premia areagotu egin dela azpimarratu zuen.

«Yolanda Barcinaren azken erabakiek egoera harrigarrira eraman dute Nafarroako Gobernua, are gehiago Alvaro Miranda kontseilariaren dimisioarekin, atzo bertan [herenegun] lehendakariak, konfiantza berresteaz gainera, erantzukizun esparru gehiago eman baitzizkion», esan zuen Cerdanek.

Buruzagi sozialistak gaineratu zuen PSN «oso kezkatuta» dagoela egoerarekin; «orain, inoiz baino gehiago, Nafarroako diru kontuak argitzea premiazkoa da». Prentsa ohar bidez egindako adierazpenak izan ziren.

Kazetarien galderei erantzunez, berriz, NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek azaldu zuen Mirandaren dimisioa «gobernu honek kateatu dituen krisietako bat gehiago» dela, eta «ziurrenera» UPNren eta Barcinaren gobernua«desegitea» ekarriko duela. «Egia izango balitz Barcina andereak PSNrekin hautsi aurretik Miranda jaunaren burua mahai gainean jartzeko aukera zeukala, halaxe egingo zuen gobernua hautsi aurretik», adierazi zuen NaBaikoak.

«Une honetan, dagoeneko arazoa ez da kontseilari batek kargua uzten duen edo ez; arazoa sakonekoa da, UPNk eta PSNk ezarri duten eredu politiko eta ekonomikoa da», azaldu zuen, berriz, Bildu koalizioko Bakartxo Ruizek. Ruizen ustez, UPN «inprobisazio hutsez» ari da jokatzen, eta «eskandalutzat» jo du Gobernuak asteon onartutako neurriak Legebiltzarretik igaro ez izana.

Ezkerra taldeko Jose Miguel Nuinek sinesten du Barcinak PSNrekin harremanak konpondu nahi izan duenaren teoria. Nuinen ustez, Barcinak bi mezu argi eman zituen asteazkenean; batetik «eskuineko politika» erakutsi zuen 132 milioi euro murriztuta, eta bestetik, Mirandaren dimisioa onartuta, «PSNren babesa berreskuratzeko asmoa» berretsi zuen. «Goizean ederki markatzen du bere politika, eta arratsaldean jakitun da politika horri eusteko PSNren sostengua behar duela. PSNk erabaki beharko du, azkenean, eskuinaren politikekin bat egiten duen edo aurre egiten dien», azaldu zuen Ezkerra taldeko parlamentariak.

«Zur eta lur» geratu da, berriz, PPko Eloy Villanueva, eta Yolanda Barcinari eskatu dio «herritarrak itxaroten ari diren neurriak» har ditzala, alegia, «gobernua berrosatu dezala, egin beharreko izendapenak egin ditzala, eta gobernu honek normaltasunez lan egin dezala».

PPko parlamentariak ziurtatu zuen bere alderdiak «beti» emango diola «sostengu instituzionala» Nafarroari.

Foru erkidegoak «egonkortasuna» behar duela azpimarratu ondoren, Villanuevak esan zuen ez dela ausartzen esatera orain UPN eta PSN berriro gerturatuko diren. Erregionalisten eta sozialisten arteko formula oso atsegin ez dutela aitortu arren, onartu zuen «Nafarroak egonkortasuna» behar duela, eta horretarako bi alderdi horiek oinarrizko gaietan ados jarri behar dutela, eta PPren babesa izango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.