Lezioa oso ondo ikasia eraman du. Aurreko egunetan Miguel Sanzek eta Enrique Maiak emandako azalpenak jakiteak bere alde jokatu du, baina, epaileak Nafarroako Gobernuari inspekzio eta zaintzari buruz galdetutakoan, Alvaro Miranda presidenteorde ohiaren bertsioa ahultzen hasi da. Nafarroako legediak eta, 1976tik, Nafarroako Kutxaren estatutu guztiek zehazten dute aurrezki kutxen ohiko inspekzioa eta kontuen ikuskatzea Gobernuari dagokiola, eta goi inspekzioa Espainiako Bankuari. Mirandaren arabera, ordea, bi erakunde horien artean «ardurak banatu» zituzten: inspekzioaz eta kontuak gainbegiratzeaz arautzailea arduratzen zen, eta soilik kontuak baimentzeaz Gobernua. Azken 30 urteetan, horrela funtzionatu dute.
Auzi polemikoa da, orain arte Gobernuko inork ez duelako zehaztu zer akordio edo interpretaziotan oinarritu diren legez dagokion ardura bat saihesteko. Ostiralean, Sanzek arrazoitu zuen ez zegoela banku inspekzioa egiteko teknikaririk. Alta, erkidego batek eskumen bat bere gain hartzen duenean, horretarako giza eta diru baliabideak bideratzen ditu.
«Ez naiz jurista»
Mirandak azaldu duenez, zerbitzu juridikoetara jo zuten hori argitzeko. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epai baten arabera etaNafarroako Kontseiluaren ebazpen baten arabera, 1987ko foru legea «ez betetzea» zegokiola azaldu zieten CANi. Mirandaren arabera, irizpide bera erabil daiteke 1992ko foru dekretuarekin. Hots, CANek ez zituen Nafarroako legeak zertan bete. Epaileak galdetu dio, Gobernuak CANen emaitzak baimentzerakoan zergatik aipatzen den 1992ko dekretuaren 10. artikulua, baldin eta ez badagokio legea betetzea. «Ez naiz jurista. Ez dakit zergatik aipatzen zen artikulu hori», erantzun dio. Era berean, Mirandak ez du jakin argudiatzen zergatik zegokion Gobernuari CANen emaitzak baimentzea. Zer interpretazio egin behar duen ere iradoki dio epaileari: «Egin behar dugun galdera da Nafarroako Kutxa gainbegiratua al zegoen, eta, dokumentazioaren arabera, 2006ko uztailaren 26tik, gutxienez, Espainiako Bankuak gainbegiratua dago».
Epaileak estutu egin du
Epaileak ez du amore eman:1992ko dekretuaren arabera, aurrezki kutxen kreditu eta gestioaren eskumena gobernuari zegokion, eta galdetu dio ea nola gauzatzen zuten eskumen hura. Mirandak erantzun du Ekonomia Departamentura iritsi zenean administrazioak horrela funtzionatzen zuela eta ez zegokiola aldatzea. Deklarazioaren arabera, inork ez zion esan ezer aldatu behar zuela, eta hark ez zuen aldatu.
Epaileak gogorarazi dio, 1992ko dekretuaren arabera, kutxak kontseiluko goi kargudunei edo senideei kreditu bat ematerakoan gobernuaren eskumena zela operazioa baimentzea. Horri buruz galdetuta, Mirandaren erantzuna: «Ez zen egiten»; haren interpretazioaren arabera, ez zegokiolako CANi dekretu hori betetzea.
Espainiako Bankuak, bere gainbegiratze lanean, hiru hilean behin egindako txostenak jasotzen al zituen galdetu diote, eta Mirandak esan du ezetz. Ez zekien ezta zenbatetik behin egiten zuen gainbegiratzea arautzaileak.
2009 amaieran, CANek bere eraikin eta bulegoen salmentaren bidez inbertsio bat egitea proposatu zien lehentasunezko bezero batzuei —Yolanda Barcinari eta haren amari, esaterako— eta inbertsio haren gaineko txosten kritiko bat kaleratu zuen 2010ean Espainiako Bankuak. Orduan Ekonomia kontseilari zenez, dokumentu hura jaso al zuen galdetu dio epaileak, eta erantzun du ezetz, aurrezki kutxaren «barne kontuak» zirelako. Hark esatera, gobernuko kontseilariak aurrezki kutxaren goi organoetan izanagatik, «bi eremu erabat desberdin» balira bezala aritu dira.
Batzorde Iraunkorraren osaeraren gainean, Miguel Sanzen bertsioa berretsi du gehienetan Mirandak. Adibidez, esan duenez, 2010eko Erakundeen Sortzaileen Batzordearen lehen bileran ohartu zen beste «informazio bilkura» batzuk egingo zirela.Iraunkorrak abuztuaren 31n egin zuen lehen bilera; Mirandaren arabera, han zehaztu zuten eguneko bi bilera egingo zituztela. Mirandak onartu du bilkura haiek jarraian egiten zituztela. Ez du gogoratzen zergatik ezarri zen sistema hori, ezta nork eman zituen irizpide horiek. Eta ez du gogoan inork esan al zien dieta jasoko zutela. Azalpenen beharrik gabe, «egintzat» eman zuten. Haren ustez, sistemaren arazoa da egunean bi izatea, egun desberdinetan egin beharrean. «Agendak egokitzeko beharrari» erantzuten omen zion egunean bi bilera egiteak.
Mirandak esan du hilero dieta horiek jaso izanaz ondo jabetzen zela. Arantza Izurdiaga Kontuz-eko abokatuak gogorarazi dio jendaurrean onartu zuela diru hura bere soldataren parte zela —legearen arabera, ez da bateragarria goi kargudun batek beste enpresa bateko soldata izatea—. Mirandak esan du komunikabideen aurrean egindako adierazpenak zirela eta sari hiek ez direla soldata.
Deklarazioa amaituta, azalpenak emateagatik «oso lasai» dagoela esan du: «Nire ibilbide pertsonala eta publikoa azken 16 urtetan idatzi da. Beti lan egin dut zintzo nire lurraren alde, eta nafarrek bizi-kalitate hobea izan dezaten ahalegindu naiz».
Mirandaren deklarazioarekin amaitu da hiru inputatuen jarduna. Maria Paz Benito epaileari dagokio orain, deklarazio horiek aztertu ostean, hurrena egin beharreko urratsak erabakitzea.
Mirandak dio emaitzak baimentzea zegokiola soilik Gobernuari
Mirandak arrazoitu du ez zegokiola aurrezki kutxen gaineko Nafarroako legedia betetzea, eta Gobernuak ez zuela zertan gainbegiratuEkonomia kontseilari gisa, ez zituen Espainiako Bankuaren txostenak jasotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu