Mira zabaldu, zokoratzeko

Gaur bete dira hogei urte Garzonek Batasunaren jarduera eten zuela. Ezker abertzaleak mobilizazioaren eta milaka boto baliogaberen artean egin zuen Loiolako prozesurako bidea.

Milaka lagun Bilbon, Batasunaren jarduna eten eta gutxira egindako manifestazioan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun

Ezker abertzalearen neurrira berariaz egindako legea, hura jokoz kanpo uzteko asmoz. Horixe izan zen Alderdien Legea, eta asmo horretan txirikordatu ziren Espainiako botere legegilea, exekutiboa eta judiziala. Jakina da legearen xedea, eta hala berretsi zuen onartu ondotik izandako gertakarien kateak: 2002ko ekainean onartu zuten Espainiako Kongresuan, eta handik bi hilabetera agindu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasunaren jarduna eteteko, artean legez kanporatu gabe zegoela —erabakia berretsi zuen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak, 2006an—. Hogei urte dira gaur egun hartatik.

 

Hala ere, ezker abertzalearen hanka instituzionala legez kanpo uzteko asmoa lehenagotik zetorren, eta, hainbat saiakeraren ondoren, horri bide eman zion PPk eta PSOEk 2000n onartutako Itun Antiterroristak. Bi alderdiek independentismoaren kontra elkarrekin jarduteko konpromisoa hartu zuten. Hala, bi indar politikoen arabera diseinatu zen Alderdi Politikoen Legea, eta Espainiako Kongresuan bozkatu zuten 2002ko ekainean. Aldeko 214 boto jaso zituen (PP, PSOE, CiU eta CC) eta kontrako 15 (EAJ, EA, IU, ERC, BNG, CpC).

Joseba Permach Batasuna alderdiko Mahai Nazionaleko kide ohiaren arabera, 1997an dago mugarria. Jon Idigoras Herri Batasuneko bozeramailea atxilotu zuten lehenik, eta Mahai Nazional osoa, ondoren —urtebete geroago, 18/98 sumarioa zabaldu zuen Garzonek—. «Ordura arte, egitura politikoak eta demokrazia formalaren barruan mugitzen ziren erakundeak errepresiotik kanpo geratzen ziren», azaldu du. Lizarra-Garaziko prozesua amaituta egin zuen «jauzi kualitatiboa» Espainiako Estatuak. «Deslegitimatu» behar zena ETA ez ezik, «proiektu independentista osoa» ere bazela ebatzi zuen, Permachen arabera. Paradigma aldaketa horretarako, aurretik, bideak ireki zituzten, dioenez: «Baldintza sozial eta mediatiko batzuk sortzen aritu ziren jendea prest egon zedin horrelako jauzi baterako, eta momentu batean alderdi politiko bat legez kanpo uzteko, horrek dakarren guztiarekin».

Batasuna legez kanporatu aurretik —2003ko martxoan ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak— etena zuen Garzonek haren jarduna, eta egoitzak ixtea izan zen lehen neurria. Lau hilabete geroago auzipetuak izan arte, «linbo juridiko» moduko batean geratu ziren Batasuneko kideak, Permachek azaldu duenez; ez Mahai Nazionaleko kideak soilik, baita Euskal Herri osoko milaka militante ere; horietako asko, tokian tokiko instituzioetan alderdiaren ordezkari zirenak.

Garzonen agindua iristean, Donostiako egoitzan zegoen Permach. Han itxi ziren Batasuneko kideak. Kanpoan, babesa erakusten ari zitzaizkien herritarren kontra oldartu zen Ertzaintza. «Inpotentziarekin» batera, egun horretan Euskal Herrian egindako mobilizazioak ditu gogoan iltzatuen Permachek, handik gutxira Bilbon Gora Euskal Herria lelopean egindako manifestazio erraldoiaren aurrekari izan zirenak. Ertzaintza mobilizazio hura sakabanatzen saiatu zen, borrak, pilotakadak eta ura erabilita.

Erantzuna, «herriak»

Bilboko manifestazioa, hain justu, ezker abertzaleak legez kanporatzeari aurre egiteko hautatu zuen norabidearen erakusgarri da, Permachen esanetan. Errepresioak norbere baitara biltzera eraman badezake ere, kontrakoa egin zutela dio, mugimendu politiko baten kontrako neurria izatetik harago, ilegalizazioak «herri osoa» jopuntuan zuela iritzita. Permach: «Erabaki genuen ez zela izango zuzendaritza bat erantzungo zuena, baizik eta herritarren babesarekin erantzungo genuela». Planteamendu horri jarraikiz osatu zuten AuB Autodeterminaziorako Bilgunea plataforma, 2003ko udal eta foru hauteskundeetarako, eta, halaber, herri plataformak eratu zituzten herriz herri —gehienak legez kanpo utzi zituzten—. Zerrenda «kutsatuen» kontzeptua erabiltzen hasi ziren orduan. Jardun politikoan aritzeagatik, kartzeletako bisitak egiteagatik eta beste hainbat arrazoirengatik, bozetara ezin aurkeztuta geratu ziren milaka lagun: 40.000, gutxienez.

Garai hartan herritarrek erakutsitako prestasuna nabarmendu du Permachek, plataforma horien alde sinatzen —ia 60.000 bildu ziren—, legezkoak ez ziren milaka boto paper ekoizten, nahiz boto paper horiek hautetsontzira eramaten. Hala, foru hauteskundeetan guztira 160.000 boto baliogabe baino gehiago jaso zituen AuBk, eta herriz herri eratutako plataformek 150.000tik gora.

Prozesu ikuspegia

Legez kanporatzearen kontrako herritarren mobilizazioak, lehenik, eta hauteskundeetan erakutsitako indarrak, bigarrenik, helburuak finkatzen lagundu ziela azaldu du Permachek: «Xedea ez zen ilegalizazioa gainditzea; instituzioetan egotea edo hauteskundeetan parte hartzea ez da inoiz izan, bere hartan, helburua». «Askapen prozesuari» errotik heldu nahi izan zion ezker abertzaleak, eta logika horren barrukotzat jo du Orain herria, orain bakea proposamena, 2004an Donostiako Belodromoan aurkeztutakoa, 15.000 lagunen aurrean. Bi negoziazio esparru sortzea proposatu zuen Batasunak. Espainiako Gobernuaren —Jose Luis Rodriguez Zapaterok urte horretan lortu zuen presidentetza— eta ETAren artekoa, batetik, gatazkaren ondorioez aritzeko; eta Euskal Herriko eragile politikoek osatutakoa, bestetik, gatazkaren erro politikoari heltzeko.

Proposamen horren ondorio dira, hein batean, Loiolako elkarrizketak, baita ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean Genevan (Suitza) eta Oslon izandakoak ere. Prozesu hori zapuztuta, legez kanporatzearen urterik gogorrenak iritsi zirela dio Permachek, halere: Segurako atxiloketak, Segi gazte antolakundearen kontrako auziak, eskualdez eskualde gazteen kontra egindako «sarekadak»... Gogoratu du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministro ohiak negoziazio betean esandakoa: «Prozesua bertan behera geratuz gero, zuetako berrehunek kartzelan bukatuko duzue». Azkenean, «berrehun baino gehiago izan ziren», deitoratu du Permachek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.