Seigarren urtez jarraian eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatuta, Mintza Eguna egingo dute ekainaren 4an Elizondon (Nafarroa). Euskara elkarteek herrietako euskaltegiekin eta euskalgintzako beste zenbait eragilerekin kudeatzen dituzten mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen dutenentzako festa izango da. «Berbalagun, mintzakide, mintzalagun, solaskide guztiek elkar ezagutzeko eta egun-pasa ederra egiteko parada dute bertan», azaldu dute antolatzaileek.
Mintzapraktika proiektuak 1993an hasi ziren Donostiako Bagera elkarteak Mintzalaguna sortu zuenean, eta orduz geroztik beste hainbat ingurunetan jarri dira abian. Gaur egun 3.600 lagun inguru ari dira mintzapraktika egitasmoetan. Araban ia 800 partaide ditu zortzi herri eta eskualdetan, Bizkaian 1.700 inguru 28 gunetan banatuta, Gipuzkoan 900 bat hogei herritan, eta Nafarroan 400 mintzalagun inguru ari dira sei herri eta eskualdetan.
2006an antolatu zuen, aurreneko aldiz, Topaguneak Mintza Eguna Iruñerrian, eta gerora Donostian, Getxon (Bizkaia), Gasteizen eta Arrasaten (Gipuzkoa) egin dute.
Mintza Eguna 11:00etan hasiko da, mintzalagunei egingo dieten ongietorriarekin, eta arratsaldean ere jarraituko du. Bazkalondoren mintzapraktika egitasmoen bilakaeran garrantzi handia izan duten zenbait erakunde eta laguni omenaldia egingo diete antolatzaileek.
Mintzapraktikan aritzen direnak bilduko ditu VI. Mintza Egunak
Mintzalagun egitasmoetan parte hartzen dutenen festa egingo dute ekainaren 4an Elizondon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu