Ipar Euskal Herriko mintzalagunen lehen topaketa egin dute Baionan

50 jende bildu dira euskararen irakaspenak praktikara ekartzeko gogoz, Lapurdi hegoaldetik eta BAM eremutik gehienbat. Ipar Euskal Herriko AEK-k mintzalagunen egitasmoa barnealdera hedatu nahi du ondoko urteetan.

Baionako AEK-ko Kalostrape jatetxean egin zuten bazkaria topaketetara joan ziren 50 mintzalagunek. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako AEK-ko Kalostrape jatetxean egin zuten bazkaria topaketetara joan ziren 50 mintzalagunek. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko martxoaren 22a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Mintzalaguna bi motatakoa izan daiteke: bidelaria edo bidelaguna. Bidelariak trebatzea ez du bukatu: hizkuntzaren zenbait ñabardura lantzekoak ditu oraino; bidelagunak, berriz, gaitasuna du erreferente izateko, baina ez da irakaslea. Bi rolek, elkarrekin, mintzalagunen komunitatea osatzen dute: euskara lantzen jarraiki eta gehiago erabiltzen jardun nahi dutenen komunitatea. Zeren ez baita nahikoa kurtsoetara joatea; hizkuntza, gero, mintzatu behar da. Gaur, Baionan, euskaraz mintzatu dira karrika gora eta karrika behera, Ipar Euskal Herri mailan lehentze antolatu dituzten mintzalagun topaketen karietara.

«Praktika guneak eskaintzea, naturalki sortzen ez diren taldeak bultzatzeko»: hori bera da mintzalagunen egitasmoaren helburua, Paulo Arzelus AEK-ko irakasleak azaldu duenaz. «Desberdintzen dugu gure jarduera akademikotik: ez dira kurtsoak; jendea mintzatu behar da. Talde horiek herriz herri antolatzen dira. Baditugu hogei talde baino gehiago, 120 pertsona baino gehiago, astero-astero guttienez oren batez elkartzen direnak mintzatzeko».

Asko edo anitz

50 bat jende bildu dira topaketetara, Hego Lapurditik eta BAM Baiona, Angelu eta Miarritze eremutik. «Garrantzitsua da mintzalagunak saretzeko ere, sentitu dezaten ez direla bakarrik, bakoitza bere herrian egiten ari dena beste batzuek beste herrietan egiten dutela». Momentukoz eremu horietaraino baizik ez da iristen mintzalagunen egitasmoa, baina Arzelusek kontatu du praktika talde horiek zabaltzeko xedea dutela heldu den urteetarako.

10:30ean elkartu dira Baionako Gau Eskolan, eta «mintzalagun» pegatina jarri dute denek. Uste zuten hizkuntza trebatzera jinak zirela, eta matematikekin hasi dute eguna: pista jokoari hatsarre emateko, hain zuzen, talde parte hartzaile bakoitzak zatiketa baten emaitza atzeman behar izan du; abiatu dira gero, bakoitza bere aldi. Baionako AEK-tik partiturik, hirian gaindi ibili dira mintzalagunak, taldeka, Baionako hiriaren historia ardatz zuten proba batetik bestera.

Lapurtarrak taldea osatzen zuten Melanie, Eneko, Andrea, Paul, Aña eta Idoiak. Denek ez zuten elkar ezagutzen, baina denak mintzalagun talde baten barne dira; batzuk Baionan, besteak Hendaian (Lapurdi). Melanie Verdier bi taldetan ari da, asteartez eta ostegunez. «Mintzatu nintzen lagun batekin, eta motibatuak ginen euskaraz mintzatzeko. Xerkatu genuen norbait laguntzeko, eta mintzapraktikan hasi ginen. Gero beste pertsona batzuk etorri ziren».

Baiona Ttipia eta Baiona Handia lotzen dituen zubietarik baten gainetik, merkatu estaliko plazara iritsi dira: han «jende anitz» bazen. Taldekideetarik batek galdegin du: «Anitz?»; eta besteak erantzun: «Bai, anitz. Asko». Argiago zuen gero. Ez dirudi, agian, baina ezberdintasunak ere badira Baionako eta Hendaiako euskararen artean, baina ikasprozesuan, anitz edo asko izan daitezke.

Azkenean, Kalostrape jatetxean bildu dira talde guztiak, eta bertan bazkaldu dute. Verdierri bereziki garrantzitsuak zaizkio horrelako egitasmoak: «Baionan, batzuetan, zaila da euskaraz mintzatzea. Pariskoa naiz, ez dut familiarik euskalduna... Hemen [mintzapraktiketan], ezagutzen ditugu jende batzuk, interesgarria da mintzatzeko bakoitzak egiten duen euskararen irakaspenaz. Plazer ematen dit euskaraz bakarrik ez mintzatzeak, egun bat osorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.