Astean behin ordu batez euskaraz mintzatzea: hori da AEKren Praktikatu proiektuak proposatzen duena. Mintzalagun taldeak bospasei pertsonakoak izan ohi dira: bidelariak —euskara praktikatzeko beharra dutenak— eta bidelagunak —euskarazko komunikazioa bermatuko dutenak—. 2005etik martxan da proiektua Hego Euskal Herrian, baina iaz abiatu zuten Lapurdi kostaldean: Urruñan, Ziburun, Donibane Lohizunen eta Getarian sortu zituzten taldeak. Aurten, Baiona, Uztaritze, Kanbo, Itsasu eta Hendaia gehituko dira. Ipar Euskal Herri osora zabaltzea da xedea.
Proposamena ez da AEK-ko ikasleentzat bakarrik; euskara praktikatu nahi duen orori irekia zaio, eta urririk da izen ematea. Egitasmoari atxiki diren herrietako gau eskoletara joanez edo Emanizena.praktikatu.eus webgunearen bidez egin daiteke. Iazko esperimentazioan 35 pertsonak parte hartu zuten. Kopuru hori azkarki emendatuko dutela espero dute.
Mireia Mochales Zumelaga @aekiparralde-ko didaktika arduradunak esplikatu du iazko esperientzia biziki baikorra izan zela. Balorazio oso ona egin dute @berriapic.twitter.com/Wezjrw7vB4
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 18, 2024
«Mintzalagun proiektua euskararen normalizazioaren barnean kokatuta dagoen egitasmo bat da: euskaraz dakitenak eta euskara praktikatu nahi dutenak harremanetan ezartzen dira, haien hizkuntza ohituretan eragiteko. Helburua euskararen erabilera sustatzea da», esplikatu du Mireia Mochales Zumelaga AEK-ko Ipar Euskal Herriko didaktika arduradunak. «Euskara ikasi edota hobetu nahi dutenen artean jariotasuna lantzea ahalbidetzen du, eta hitz egiteko ohitura txertatzea. Horrela, euskararekiko lotura eta motibazioa hobetzen dira. Horrez gain, harreman sare berriak sortzea dakar, erabilerarako tokiak eta momentuak irabaztea. Herrietan euskara presenteago izatea».
Lapurdi kostaldean iaz abiatu zuen proba koordinatu zuen Paulo Arzelus AEK-ko irakasleak. Biziki balorazio baikorra egin dutela adierazi du. «Otsailean egin genien inkesta parte hartzaileei, eta 'oso ongi' eta 'bikain' baloratu zuten guziek». Programari esker, euskara gehiago erabiltzen dute Arzelusen hitzetan, konfiantza handiagoz, eta ahalke gutxiagoz. «Lagun giro bat sortzen da mintzalagun taldean; horrek errazten du». Parte hartzaileek euskara erabiltzeko espazio gehiago kausitzen dituztela baieztatu du.
«Giro goxo batean biltzen gara. Batzuk hasieran ez ziren ausartzen, eta orain kalakariak dira»
KATTALIN TOTORIKA ONDIKOLABidelaguna
«Lehen erranen nuen euskaraz ez nekiela biziki ongi; orain, ausartzen naiz»
ANA ONDIKOLABidelaria
Ana eta Kattalin Ondikola ama-alabek ere eman dute lekukotasuna. Kattalin gau eskolan euskaldundu zen orain dela urte batzuk; Ana ikastolan ibili zen txikitatik, eta ama hizkuntza bezala ikasi zuen euskara. Baina ikasketetarako Frantziara joan zenean euskara «galdu» zuela kontatu du. «Itzultzean, lotsa nuen; ez nintzen gai sentitzen euskaraz mintzatzeko». Mintzalagun taldeen berri izan zuenean, berehala izena eman zuen, eta ama akuilatu zuen bidelagun jardun zezan. «Giro goxo batean biltzen gara. Batzuk hasieran ez ziren ausartzen, eta orain kalakariak dira», azaldu du Kattalinek.
Ana eta Kattalin Ondikola ama-alabak mintzalagun talde batean ari dira. Anak ama hizkuntza du euskara eta ikastolan ikasi zuen, baina atzerrira joan zen ikastera, eta hizkuntza «galdu» zuen. Euskara berreskuratu dute etxean @praktikatu-ri esker @berriapic.twitter.com/xTvfo8jjw7
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 18, 2024
Mintzalagun taldean parte hartzeak etxeko hizkuntza aldatu diela baieztatu du Anak: gurasoekin euskaraz ari da orain «ahal bezainbat», eta bere bikotekidearekin ere entseatzen dira, hura ere euskara ikasten ari baita. «Lehen erranen nuen euskaraz ez nekiela biziki ongi; orain, ausartzen naiz», erran du, jendaurrean euskaraz mintzatu izanaz pozik.
Babes instituzionala
EEP Euskararen Erakunde Publikoaren 20.000 euroko laguntza jaso dute ikasturte honetan Praktikatu programa zabaltzeko. Halako egitasmo batek duen garrantzia azpimarratu du Maider Behotegi EEPko lehendakariak. «Oso ongi dakigu erabileraren erronka funtsezkoa dela; erabakigarria da. Irakaskuntza baldin bada erabilerarik gabe, ez dugu hizkuntza-politika proiektua nahi bezala garatzen ahalko». Haren hitzetan, Praktikatu programak bete-betean erantzuten dio egoerari, «espazio goxo batean» biltzeko aukera emanez, «euskara praktikatu dezaten, gerora bizitza sozialean erabiltzeko».
Behotegi euskara ikasten ari da azken urteetan, Bardozeko (Lapurdi) AEKren euskaltegian. Praktikatu egitasmoan parte hartzeko B1 maila beharrezkoa bada ere eta Behotegi horra iritsi ez bada ere, bere esperientziaren arabera «begi bistakoa» zaio euskalduntzeko lagungarria dela. «Klasean ikasten dugunean ere, inportantea da talde txiki batean izatea, mintzatzeko lotsa galdu eta mintzatzen entseatzeko. Gaur egun, saltegira sartu eta 'egun on', 'milesker', 'laster arte' erranen dut, baina gero ez naiz ausartzen urrunago joaten». Lapurdi kostaldean egin den saiakera goraipatu du: «Eraginkorra dela ikusten dugu lehen taldeetan parte hartu duten pertsonen lekukotasunaren bidez, eta ahal bezainbat garatu behar direla halako proposamenak. Begi bistakoa da».
Mattin Rafu Ruiz de Alda Laaksonen Urruñako hautetsiak bere herriko bizipena eman du @berriapic.twitter.com/Qms7r71cog
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 18, 2024
Hainbat herritako hautetsiek ere parte hartu dute Praktikatu egitasmoaren aurkezpenean. AEK-k «lan bikaina» egiten duela erran, eta mintzalagunen proiektua goraipatu du Xabier Parrilla Baionako euskara axuantak, eta instituzio bezala euskararen promozioan duten erantzukizuna nabarmendu du, «euskarari eguneroko bizian merezi duen lekua emateko». Mikel Hiribarren Itasuko auzapezak erran du «zaila» dela harremanetarako hizkuntza aldatzea, eta halako proiektu batek lagundu dezakeela horretan aitzinatzeko.
Bide beretik jo du Nikolas Blain Uztaritzeko axuantak ere. Euskara plana bozkatu dute aurten, eta diagnostikoa egin dute herrian euskarak duen lekuari buruz. Kirol eta aisialdi taldeen adibidea eman du: «Ohartu gara parte hartzaileak eta kudeatzaileak nagusiki euskaldunak izanik ere frantsesak gaina hartzen duela maiz». Indarra alde guzietatik egin behar dela erran du. Mattin Rafu Ruiz de Alda Laaksonen Urruñako hautetsiaren hitzetan, «ohore handia» izan da haren herrian mintzalagun taldeak sortzea. «Plazera da nire aita ostiralero mintzalagun talde batean parte hartzera joaten ikustea. Bizitza soziala du euskarari esker».