Ministro ohi batek onartu zuen bonbak bidali zituela Espainiako Gobernuak

Antoni Asuncion Barne ministro ohiak HBko kideen aurkako paketeen atzean Corcuera zegoela aitortu zion CESIDeko zuzendari izandakoari

Antoni Asuncion Espainiako Barne ministro ohia; 2016an hil zen. JOSE HUESCA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Herri Batasunako kideei bonbak bidali zizkiela azaleratu du dokumentu batek. Antoni Asuncion Espainiako Barne ministro ohiak CESID Espainiako inteligentzia zerbitzuko orduko zuzendari Emilio Alonso Manglanorekin bazkaria izan zuen 1994ko abenduaren 22an. Bilkura hartan izandako hizketaldia grabatu egin zuten, eta edukiaren zati bat argitara eman zuen atzo Abc egunkariak.

1989ko irailaren 20an Errenteriako (Gipuzkoa) Juan de Olazabal kalean gertatutako hilketa izan zuten hizpide, besteak beste. Jose Antonio Cardosa postaria Ildefonso Salazar HBko kidearen buzoian gutun bat uztera zihoan, baina gutuna lehertu, eta bertan hil zen. Onik atera zen Salazar.

Asuncionek inteligentzia zerbitzuko zuzendariari aitortu zion Espainiako Barne Ministerioa zegoela gertatuaren atzean. Jose Luis Corcuera zen 1989an Barne ministro. «Corcuerak baditu gauzak: nik dakidala, hil zen postari hura, bonbak eztanda egin ziona», adierazi zion espioien buruari. Bonba-pakete hori nahiz HBko kideei bidalitako beste zenbait haren ministerioak igorriak zirela argi esan zuen: «Gutun horiek haiek bidalitakoak ziren. Postariak paketea tolestu egin zuen, eta, buzoian sartutakoan, eztanda egin, eta hil egin zen».

Leherketatik ordu gutxira, agerraldia egin zuten, Salazarrekin batera, Iñaki Esnaola eta Tasio Erkizia HBko buruzagiek. Espainiako Estatuaren gerra zikineko ekintzatzat jo zuten gertatutakoa, eta Erkiziak Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakaria ere egin zuen erantzule, HB eta ETA «gauza berbera» zirela esan zuelako.

Espainiako Gobernuak ez zuen erasoaren jatorria ikertu, ordea, eta, aitzitik, Barne Ministerioak, 1999ko legea baliatuz, terrorismoaren biktima gisa aitortu zuen Cardosa. Bertsio horri atxiki zitzaizkion ezker abertzalea zokoratzeko asmoz Ajuriaeneko Ituna izenpetu zuten alderdi politikoak.

Abc-k galdetuta, Corcuerak ukatu egin zuen herenegun, berriz ere, bonba-paketeekin lotura duela: «Ez dut zerikusirik gisa horretako kontuekin». Halako gutunak bidaltzen zituena ETA zela nabarmendu zuen, eta harekin lotu zuen Cardosaren hilketa: «Hori eragin zuen gutuna ETAk bidalitako beste hainbaten modukoa izan zen».

Corcueraren ukoa

Ez da gerra zikinak Corcuera busti duen lehen aldia. Errenteriako leherketa 17/95 sumarioan sartu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak, eta sumario horren barruan Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohiak egindako deklarazioan ere atera zen haren izena. Roldanek azaldu zuen 1989ko udan bilera izan zutela Espainiako Barne Ministerioan «terrorismoaren kontrako» koordinazio taldekoek. Hori amaituta, beste bilera bat egin zuten Rafael Vera Segurtasuneko estatu idazkariak, Roldanek eta Corcuerak, eta, Roldanen arabera, Verak azaldu zion ETAri «erantzun sendo bat» ematea pentsatu zutela: «Bonba-paketeen sorta bat prestatu, eta HBko kide jakin batzuei bidaltzea, haiek izutzeko».

Salazarren etxe atarian lehertu zenaz gain, beste bi pakete ere bazeudela jakinarazi zioten Roldani, eta horiek lehertu ez zitezen «ahalegin guztiak» egin behar zirela. Hori egiteko enkargua Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohiari eman zioten, Roldanen esanetan. Haren deklarazioaren arabera, Barne Ministerioak jomugan zituenetako bat nor zen argitu zion Galindok: Iñigo Iruin abokatua. Beste paketea Azpeitira edo Azkoitira bidali zutela esan zion. Azkenean, Barne Ministerioak bidalitako lehergaiek ez zuten eztanda egin.

Azalpen eskea

Atzo argitara emandako informazioaren inguruan Espainiako Kongresuan «premiazko azalpenak» emateko eskatu zien EH Bilduk Corcuerari eta Fernando Grande-Marlaska egungo Espainiako Barne ministroari. Ezagutarazitako informazioak lehenengoa «zuzenean inplikatzen» duela azpimarratu zuen koalizioak, eta Grande-Marlaskari, berriz, «eskura duen informazio guztia jakinarazteko» exijitu zion. Horrez gain, «biktimei ematen zaien tratuan dagoen desberdintasuna» salatu zuen eta «estatu terrorismoa» ikertzeko eta argitzeko galdegin zuen, baita horretarako sortutako tresnak deseginda dauden ihardetsi ere: «EH Bilduk galdetu du ea noiz jarri zitzaion amaiera estatu terrorismoari, eta ea dagoeneko desegin diren estatu terrorismoa gauzatu zuten talde guztiak».

EAJk, beste ohar batean, adierazi zuen «gerra zikina deitu zuten aberrazio demokratikoaren kontra» posizionatu zela hura hasi zen une beretik, eta epaitu gabeko edozein gertaera argitzeko eskatu zuen, «biktimek eta beren senitartekoek aitortza, memoria eta erreparazioa merezi dutelako». Alde horretatik, Sekretu Ofizialen Legea aldatu behar dela nabarmendu zuen.

«Egia, justizia eta erreparazioa» exijitu zituen Miguel Angel Navarro Elkarrekin Podemos-IUko Giza Eskubide eta Memoria Demokratikoko ordezkariak, «Euskadin izan diren indarkeria kasu guztietan». Azpimarratu zuen «biktimekiko elkartasuna» inoiz ez dutela baldintzatu «ez egileak ezta indarkeria motak ere», eta aurrerantzean ere ez dituztela bereizita ulertuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.