Joan den astean jendaurrera atera ziren Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen paper batzuk, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiaGALekin nahasten zutenak. CIAren paper horien arabera, Gonzalezek onartu egin zuen ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea. Gonzalezen eta GALen arteko loturari buruzko auzia berriro sartu da agendan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina hasteko egun gutxiren faltan.
Nola bizi izan du GALen biktima batek CIAko dokumentu horien agerpena? Nola ikerketa batzordea sortzeko aukerarekiko alderdiek hartutako jarrera? Ez ezustean, Maider Garciak BERRIA-ri azaldu dionez: «Denok dakigu zer dagoen. Baina, egunak pasa ahala, ikusten duzunean inork ez duela albistea aipatzen, oso jende gutxiri iruditzen zaiola eskandalagarria... min ematen du. Ahaztuak gara». «Abandonatuta» sentitu dira sarri, eta baita orain ere, ikusirik «ia inor» ez dela irten haiek babestera. Juan Carlos Garcia Goenaren alaba da Maider Garcia; 1987ko uztailaren 24an hil zion GALek aita, Hendaian (Lapurdi).
Garciak ez du ezkutatzen; CIAren paperek esperantza izpi bat sorrarazi zioten: «PSOEren egungo zuzendaritzan banuen itxaropena. Urteak igaro dira; kontziente izan behar dute izena zikinduta daukatela eta 40 urtean daramatela zama hori... pentsatu nuen zuzendaritzak pentsa zezakeela urrats bat egitea alor horretan». Baina egunak igaro ziren, adierazpenak heldu; Adriana Lastra eta Margarita Robles Gonzalez babesten, Unidas Podemosen hitzak esanez ez zela behar ikerketa batzorderik «mundu guztiak» dakielako «zer gertatu zen...; minduta eta, beste behin, umiliatuta» sentitu zen Garcia: «Niri eskatzen didate elkarbizitzarantz pausoak emateko, baina aitortzarik ez dudan bitartean nik ezin dut aurrera egin; ez atzera ez aurrera nago». Izan ere, gertatutakoa ezaguna izateaz harago, uste du beharrezkoa dela ardura politikoak kitatzea: «Hemen agian jakina da zer gertatu zen, baina Espainian oso gainetik kontatu da. Baina, jakinda ere, beharrezkoa da aitortza; norbaitek ardura hartzea».
PSOE, PP eta Vox, batuta
Espainiako Kongresuko Mahaiak atzo zuen mahai gainean Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak GALen izandako ardurari buruzko ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria, baina ez zuten tramiterako onartu. Kontrako botoa eman zuten PSOEk, PPk eta Voxek. Bederatzi diputatuk osatzen dute mahaia; hiruna dituzte PSOEk eta Unidas Podemosek, bi PPk, eta bat Voxek. Horiek horrela, kontrako sei boto jaso zituen eskariak, nahiz eta Kongresuko zerbitzu juridikoek oniritzia eman zioten batzorde hori sortzeari. Ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria EH Bilduk, EAJk, ERCk, Junts Per Catalunyak, CUPek eta BNGk erregistratu zuten, eta, mahaiaren erabakia ikusirik, Egiari Zor fundazioak bere balorazioaren berri emango du gaur. Atzo bertan, Maria Jose Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan zuen gobernua «harro» dagoela Gonzalezen «lorpenez».
«Konturatzen zara gai horretan duela 40 urte bezala gaudela oraindik ere. Ez nau batere harritu; badakit alderdi horiek ez dutela interesik ezer ikertzeko, besteak beste eurek ere izango dutelako zer ezkutatu», dio Garciak.
EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak gaia estali nahi izatea egotzi die ezezko botoa eman duten alderdiei: «Beto politiko bat da; ez dago inolako argudio juridikorik. GALen biktimek ere merezi dute argipen bat». Aitor Esteban EAJko diputatuaren arabera, berriz, erabakia «ulertezina» da: «Gutxienez osoko bilkurara eraman daiteke eztabaida. Abagune hori ere ez dute eman gura».
«Minduta eta umiliatuta gaude»
CIAren dokumentuak zabaldu eta gero, GALen biktimek «aitortza» behar dutela uste du Maider Garciak. Espainiako Kongresuak baztertu egin du ikerketa batzorde bat sortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu