«Medikua, medikua da; erizaina, erizaina». Ofizio bien arteko bereizketa aski argia dela dio Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialeko presidente Pilar Lekuonak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966). «Gurea zainketa lana da». Eta ozen aldarrikatzen dute beren ogibidearen garrantzia. Lan horren barruan azken urteotan protokolo jakin batzuei lotuta botikak agintzeko bidea egin dute. Espainiako Gobernuak erizaintza preskripzioen inguruan egindako errege dekretu batek, ordea, guztiz itxi die horretarako bidea. Hauts handia harrotu du azkenaldian erabakiak, eta kezka dute horregatik sektorean; ofiziora babesgabetasuna ekarri duela salatu dute. Atzo, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna zela gogora ekarriz, Arabako eta Bizkaiko elkargoetako ordezkariekin batera azaldu zen Lekuona. Dekretua bertan behera utzi behar dela adierazi zuten, eta tokiko agintariei ere egin zieten dei: Jaurlaritzaren partetik laguntza handiagoa nahi dute.
Botikak errezetatu ezina ekarri dizuen dekretuak zedarritu du hiru elkargoetako buruek egin duzuen agerraldi bateratuaren muina. Kezka handia da, ezta?
Bai, nolabaiteko batasuna erakutsi nahi genuen. Preskripzioa da egun elkargoetan lan handiena ematen ari den gaia, eta esplikatu egin nahi genuen gure iritzia.
Eta zer eragin du, bada, dekretu horrek zuen jardunbidean?
Egunerokoan, urte askoan, guk medikuekin kolaboratu egindugu zenbait botikaren preskripzioan; beraiek egin dute lehenbizikoz botikaren preskripzioa, baina gero sarri jarraipena guk egin dugu, edo dosiak aldatu ditugu. Emaginek ere, esaterako, onartua izan dute beren eguneroko jardunbidean botikak erabiltzea, eta zaharren egoitzetan ere zer esanik ez... Errege dekretu honek, ordea, badu artikulu bat, 3.2 artikulua, esaten duena erizainak botika bat eman dezakeela, baina lehenik profesional preskriptore ofizial batek —eta hori medikua da— etorri beharko duela diagnostikoa egin eta preskripzioa egiteko: kasu guztietan. Bai paziente osasuntsuetan eta bai minez daudenetan; eta ez hori bakarrik, gainera jartzen du segimendua ere berak egin beharko duela. Horrelaxe jartzen du.
Eta horixe da, hain zuzen ere, gatazkaren muina, ezta?
Bai, hori lege bihurtu delako. Eta orain medikuak etorri behar badu legez hori egitera, etorri egin beharko du. Hori da gu esaten ari garena. Artikulua argia da: dio lehenik —eta lehenik, nire etxean,lehenik da—, botika eman aurretik, medikuak etorri behar duela aztertzeko zer gertatzen den.
Zuen autonomia urratzen du...
Erabat. Eta medikuekin genuen kolaborazio harremana desegin egin da. Egoera duela berrogei urte bezala geratu da. Zerbait daukazu? Ba sendagilearengana joan beharko duzu. Orain arte, gauza askotarako, erizainengana joaten zen jendea; protokolo batzuk bagenituen zenbait egoeratan erizainek artatzeko pazienteak. Baina orain lege dekretuak dio lehenengo medikuaren aurretik pasatu behar dela. Esaten digute ez dugula ulertzen zer jartzen duen artikulu horretan; baina bai, argi ulertzen dugu.
Horrek dakarren babesgabetasuna da zuen kezka nagusia?
Legez kanpokoa da orain arteko jardunbideekin jarraitzea. Beraz, horiek eginda zerbait gertatuko balitz, inolako babesik gabe geratuko litzateke profesional hori. Erizainak bere kabuz erabaki duela esango dute. Gure aseguruak argi esan digu atal horretan ez duela ezer bere gain hartuko; ez gure aseguruak, ez beste inork ere. Osakidetza esaten ari da bere aseguruak hori bere gain hartzen duela; poliza hori ikusi nahi dugula esaten ari gatzaizkio. Ez dago hori bere gain hartuko duen aseguru etxerik; zuk baldin badakizu legez ezin duzula gidatu alkohola edan eta gero, ez gidatu. Bestela, harrapatzen bazaituzte...
Erizain asko datoz elkargora horren inguruan dudak argitzera?
Bai, bai, asko. Bilerak egin ditugu hainbat talde eta zerbitzurekin, eta baita beren kabuz kezka azaldu diguten erizainekin ere. Ez sinestekoa, baina askotan galdezka datozkigu: «Buruko minarentzat ezin diot parazetamol bat ere eman?». Eta ezin duzu. Legeak esaten du zein zaren zu baloratzeko. Sendagileari deitu behar diozu: kasu guztietan. Ez du aitzakiarik, agertu egin behar du.
Eusko Jaurlaritzak aski babes eman dizuela iruditzen zaizue?
Gu prest gaude denok elkarrekin esertzeko: medikuen elkargoetako presidenteak, erizainen elkargoetakoak eta Osasun Saila. Denok mahai batean. Izan ere, dekretu hori indarrean dago, mediku eta erizainoi eragiten digu, eta bete egin behar da. Beraz, eztabaidatu beharko da zer egin lege hori ezeztatu bitartean. Denok ados gaude desastre bat dela, baina hor dago. Oraindik, ordea, zain gaude denok mahai baten bueltan esertzeko. Eta hori da bidea; ez errege dekretuak dioena makillatzea. Osakidetzak esaten du badutela ahalmena instrukzio bat emateko erizain guztiek bete dezaten. Nik duda daukat. Nor dira beraiek estatuko lege baten gainetik pasatzeko?
Medikuen babesik ez duzue...
Ez, egia esan ez. Batetik, medikuen elkargoek ez dutelako informaziorik eman gaiaren inguruan. Gainera, esan dute beraiek ados daudela dekretuaren esaldi horrekin. Bada, horrela bada, konpli dezatela. Artikuluak dio edozein botika eman aurretik etorri behar dutela. Ez dugula ongi ulertzen diote; baina hor dago. Ados daude? Ba konpli dezatela.
Bi ofizioen arteko elkar ulertu ezina ere badago atzean, ezta?
Historikoki hori egon da: erizaina azpian. Baina egun gradu bat da, konpetentziak ditu, espezializazioa... Hori dena uste genuen ari zela aldatzen, eta egunerokoan, zerbitzu askotan, normalizatuta dago. Baina dekretu honek ekarri du berriz ikuskera hura. Eta Jaurlaritzaren jarrerak ere bai. Beti jaso dugun mezua da: «erakutsi elkarlanerako jarrera», «izan ulerberak»... Eta non daude sendagileak? Haiei ez zaie esan behar dekretuan jartzen duena betetzeko? Horregatik, honaino esan dugu. Errespetatu behar da erizainen erabakia. Eta esaten ari gatzaizkie: «Ez duzue asegururik».
Pilar Lekuona. Gipuzkoako Erizainen Elkargoko presidentea
«'Minarentzat ezin diot parazetamolik eman?' galdezka datozkigu»
Ez dagokienik ez dutela nahi dio: «Erizainok harro gaude garenaz». Ofizioaren alde, ordea, ezinbestekoa iruditzen zaio botikak agintzea eragozten dien dekretuaren aurka ahotsa ozentzea. Horretan ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu