MINAREN ZAURIAK KEMENA DU ORBAIN

ETAren biktima da Rosa Rodero, GALena Ane Muguruza. Batak senarra galdu zuen, eta besteak ez du inoiz aita ezagutu. Ustez, aurrez aurre behar lukete, baina elkarren ondoan dira, elkarri goxo entzuten, elkarri zauriak arintzen, eta bat egiten minari aurre egiteko.

ARGAZKIA: MARISOL RAMIREZ / FOKU. MUNTAKETA BERRIA.
Maider Galardi
Bilbo
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Bilboko alde zaharreko Lamiak tabernan egin dute hitzordua, hiriburuko topagune feministetako batean. Ane Muguruza iristerako, terrazan da Rosa Rodero. Pandemiagatik, ez dira sutsuki agurtu, baina igartzen da bien arteko harreman estua. Joseba Goikoetxea ETAk hildako ertzainburuaren alarguna da Rodero, eta Josu Muguruza GALek hildako Herri Batasunako kidearen alaba Muguruza. Senide bat gatazkan hil izanaz gaindikoa da haien arteko lotura: Aneren eta Rosaren artekoa. Aspaldi da elkar ikusten ez dutela, eta argazkietarako paseoan eguneratu dituzte elkarren artekoak. Tartean, Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohia GALekin lotzen duten txostenez aritu dira —elkarrizketa baino bi egun lehenago zabaldu ziren CIAren paperak—.

Roderok eta Muguruzak itxialdia amaitu berritan egin nahi izan dute hitzordua. Lehenak Kantabriara joan nahi du, uda lasai pasatzeko eta bilobez gozatzeko: «Bizi proiektu hori genuen Josebak eta biok, baina bera gabe egin behar izan dut azkenean». Muguruzak, berriz, Madrilera joan behar du, bikotekidea —Iurgi Garitagoitia— espetxean daukalako, eta elkarrizketako aste horretan bertan jakinarazi diotelako 389 urteko espetxe zigorra jarri diola Espainiako Auzitegi Nazionalak. Solasaldia egin eta zenbait egunera, ordea, Lannemezanera lekualdatu dute Garitagoitia —Frantzian ari zen zigorra betetzen Espainiaratu aurretik—, eta Muguruzak beste aste batzuk pasatu ditu bikotekidea ikusi gabe.

Ane, zure bikotekidea Madrilen egon da preso itxialdiak iraun bitartean, Espainian epaiketa zuelako. Zigor handia jarri diote. Zer moduz zaude?

ANE MUGURUZA: Hiru hilabeterako etorri zen, berez, baina bakartuta egon da denbora gehiago. Epaiketa izurriak iraun bitartean izan da, eta berak bakarrik prestatu du defentsa. Abokatuarekin bi bideokonferentzia izan ditu. Tentsio egoera bat da, ez soilik barruan dagoenarentzat. Uste dut presoei eta presoen senideoi aztarna utziko digula itxialdiak. Osasun eta higiene neurriak zehatz-mehatz bete behar dira, baina osasun mentalari buruz ere hitz egin behar dugu.

Eusko Jaurlaritzak egin du eskaera Euskal Herriko presoak hurbiltzeko, Nafarroako hainbat eragilek eskatu dute euskal presoen baldintzak hobetzeko...

ROSA RODERO: Eskubidez dagokie: presoek beren etxetik gertu egon behar dute, gaixo direnak beren familiekin egon behar dute. Niri harrigarriena iruditzen zait ETA desagertu eta bi urtera oraindik berdin segitzea.

A.M.: Nola salduziguten hurbiltze gisa Julen Atxurrarena? Iktus bat izan zuen, eta «gerturatu» egin dute, baina ez hona, Madrilera.

R.R.: Ez, ez da gerturatzea. Hitzemandako ezer ez da erabat bete. Ezin dut inolaz ere ulertu. Legez da horrela.

Sareren urtarrileko Bilboko azken manifestazioan, Axun Lasarekin irakurri zenuen amaiera ekitaldiko manifestua, Rosa.

R.R.: Gure helburua da erakustea beste garai batzuk direla, erabat diferenteak. Presoak urruntzea erabaki politiko bat izan zen; jada ez daude gatazka horiek, baina badaude ondorioak. Beraz, erakutsi nahi dugu elkarrekin gaudela. Hemen bai, batuta gaude, berdin pentsatzen dugu: min handia dugu, eta etxe bakoitzean badago alde bateko edo besteko bat, sufritu duena. Kanpoan beste modu batera bizi dute, eta beste modu batera informatu dira.

A.M.: Kontuan hartu behar da, gainera, informazioa askotan distortsionatuta kontatu dela kanpoan.

R.R.: Bai, erabat.

A.M.: Indarkeria bati besteari baino garrantzi handiagoa eman zaio; are gehiago, indarkeria mota bat justifikatu eta laudatu egin da.

Hain justu, GALen auzia hizpide da. Orain, CIAk desklasifikatutako txostenetan iradokitzen da PSOErekin lotura zuela. Nola hartu duzue albistea?

R.R.: Ez nau harritu. Eta gertatu zenean ere ez.

A.M.: Ni gehien mugiarazi nauena da duela bi aste pintaketa batzuengatik beren onetik irtenda zeuden horiek orain, beren etxeari begira, ez dutela ezer esaten. Eneko Andueza atera da, eta iruditzen zait adierazpen interesgarriak egin dituela, baina ikusi behar dute etxean zer duten. Uste dut ETAk eta ezker abertzaleak egin dutela ariketa hori, onartzea eragindako mina.

R.R.: Oraindik ez da guztiz egin.

A.M.: Baina maila indibidualean ari dira.

R.R.: Bai, bai, ari dira. Eta argi diot: ez alde batean eta ez bestean. Guri esaten ziguten: barkamena, barkamena eta barkamena. Niri hori beti absurdu bat iruditu zait.

A.M.: Nik ez dut barkamenik behar.

R.R.: Niri inork ez dit barkamena eskatu behar. Ez didate nire senarra itzuliko, eta zuri, zure aita ere ez. Baina, gutxienez, aitortza bai. Ni, azkenaldian, adinagatik nekatuta nago. Denbora asko pasatu da, eta borrokatu naiz ahal nuena, baina orain esaten dut: begira, paso egiten dut guztiaz, ze azkenean nahi dutena egiten dute. Eta horrek nekatu egiten zaitu, erre egiten zaitu, eta oso apatikoa bihurtu naiz.

A.M.: Une batean deskonektatu behar izan dut. Iritsi da puntu bat erabat gaindituta sentitzen nintzela. Haserre handiagoa nuen, ekarpena egiteko gogoa baino.

Maila pribatuan etorri zaizue PSEko norbait gaiari buruz hitz egiteko?

A.M.: Ez.

R.R.: Biktimengana ez da inor hurbiltzen. Gerturatzekotan, argazkia ateratzera etortzen dira. Gainontzean, ezertarako ez.

Ahanzturarenlubakietan barrena

Biktima batzuek beste batzuek baino aitortza gehiago dutela uste duzue?

R.R.: Biktima guztiekin egon da erabateko babesgabetasuna. ETAren biktimei ez zitzaien aitortzarik egin 1996 arte, PPk biktimak banderatzat hartu arte.

A.M.: Badago jendea ez duena behar aitortza, edo ez duena min horretan sakonago joan nahi. Orain lasaiago hitz egin dezakegu gaiaz. Baina gobernuak, zenbait estamentuk eta talde politikok badute interesa gatazkak iraun dezan, min horretan sakontzeko, bigarren biktimizazio bat egiteko. Ez du justifikaziorik.

Ane, Egiari Zor elkartean ari zara lanean. Salatu izan duzu biktima izaera ez zaizuela aitortzen askori. Beste biktimen pareko aitortza eskatzen duzue.

A.M.: Inork ez du bere erantzukizuna onartu.

R.R.: Eusko Jaurlaritzak onartu du torturatuak eta GALen biktimak egon direla...

A.M.: Aitortza instituzionala bai, baina ez Espainiako Gobernuak, ez PSOEk ez dute aitortu zerikusia izan zutela GALen sorrerarekin. Zergatik ez dute hori onartzen? Erantzukizunak araztu behar dira, horrela bakarrik lortuko baitugu minak baretzea.

R.R.: Ohartu naiz guztiok segitu behar dugula kontatzen eta idazten. Ez ETA, ez GAL, baizik eta guztiok. Baditugu Triple A, Komando Antikapitalistak... Askotariko hilketak daude, bereziki Euskal Herrian. Eta jende horrek guztiak ez du aitortzarik jaso. Halere, egia absoluturik ez dago, bakoitzak duelako bere egia.

A.M.: Egiari Zor-en esaten dugu egia poliedrikoa dela.

Askotariko ikuspegiez ari zarete. GALen eta ETAren biktimak zarete. Elkarri begiratuta, zer sentitzen duzue?

A.M.: Elkarrekiko aitortza bat.

R.R.: Pertsona arruntak gara. Honek guztiak, bereizi beharrean, gehiago batu gaitu, eta helburu beragatik borrokatzen gara. Sufrimenduak batzen gaitu.

A.M.: Arlo humanoan egiten dugu bat, eta hortik egin nahi dugu ekarpena. Elkarbizitzan eragin nahi duenak, posizio horretatik egiten du: inork ez dezala sufritu guk sufritu duguna.

R.R.: Ez du inork merezi; bizi guztirako eragiten duen zerbait da.

A.M.: Motxila bat da.

R.R.: Bai, gaixotasunak eragin dizkigun motxila bat.

Osatze horretarako, Rosa, senarra hil eta berehala hasi zinen biktimen arteko solasaldietan parte hartzen, 1995 inguruan, oraindik hori pentsaezina zela.

R.R.:Nire senarrak Langraitzen [Araba] preso zeuden batzuekin bazuen harremana; beraz, ETAren biktima izan aurretik ezagutu nituen ETAkoak.

A.M.: Ez da hain kontu polarizatua, alegia.

Beste aldeko biktimekin elkartzeagatik babesgabe sentitu zara inoiz, Rosa?

R.R.: Bai, jakina. Beste biktima batzuk denetarik esan dute nitaz, beste diskurtso bat izateagatik.

Ustez parte zaren taldeak baztertu zaitu?

R.R.: Halaxe da. GogorrenaAVTrekin izan nuen. Gaixo eta puta izan ezik, denetarik deitu izan naute. Beti esan dut biktima guztiak diferenteak garela, ez dagoela bat bera ere berdina. Denok ditugu gauzak sentitzeko eta bizitzeko modu diferenteak.

Kanpotik ikusita, pentsa daiteke alde bateko eta besteko biktimakbi lubakietan zaudetela, eta talde homogeneoak osatzen dituzuela.

R.R.: 2011n, Biktimen Legea atera zen. Zazpi urte egon ginen legea osatzen. Madrilen ahate itsusia sentitzen nintzen.

A.M.: Biktimen elkarte batzuek beste elkarte batzuk sortzen dituzte dirua eskuratzeko.

R.R.:Nire senarra, nik dakidanez, AVTren zerrendan dago nire oniritzirik gabe. Hamaika aldiz salatu dut.

Saminaren kartografiak

Esan duzue sufrimenduak batzen zaituztela. Nola aldatu zitzaizun bizitza senarra hil zutenean, Rosa?

R.R.: Guztiz aldatu zitzaidan. Nik bizi proiektu bat nuen; hemezortzi hilabete lehenago alaba bat izan genuen. Lehen urtean amets batean bezala zaude. Pentsatzen duzu atea igaroko duela. Esaten dute hori alargunen kontua dela. Bigarren urtean hasten zara onartzen zer ari zaren pasatzen, eta orduan erabaki nuen zerbait egin behar nuela. Pentsatu nuen nire hondar alea jar nezakeela. Jo eta su hasi nintzen horrekin eta nire seme-alabak zaintzen. Zortea izan dut, kuadrilla eder bat nuelako, babestu ninduena. Ez ninduten bakarrik utzi. Eta, politikoki ere, nire senarra oso ezaguna zenez, harreman horiek guztiek on egin zidaten. Horren ostean jausi nintzen. Hiru urte egon nintzen ezin inon egon, etxean itxita; ez nuen inorekin egon nahi, sekulako depresioa nuen.

A.M.: Ez gara ohartzen askotan dolua ez dugula pasatzen momentuan, geroago baizik. Nik, esaterako, 22 edo 23 urte nituenean jo nuen lurra. Momentu hartan oso galduta nengoen. Arkaitz Bellon presoa bihotzeko batez kartzelan hil zenean, Elorriora [Bizkaia] gorpua eraman zutenean, nire senitarteko zuzena izango balitz bezala bizi izan nuen, eta esan nuen: «Zer ari zait gertatzen?».

R.R.: Ba, ordura arte dena ezkutatu zenuela.

A.M.: Hori da; orain arte ez diogu gure buruari baimendu sufrimendua.

Zu, Ane, aita hil eta hamazazpi egunera jaio zinen. Prozesua desberdina izango zen: ez zenuen ezagutu, baina etengabe egongo zen presente.

A.M.: Jaio nintzenerako aita sinbolikoki bertan zegoen, hilda egonda ere. Beti egon da presente, baina 30 urteotan rol diferentea izan du. Noski, prozesu bat da. Hasieran esaten zidaten: «Aita Josu ez dago», gero hilda zegoela, gero hil egin zutela, eta gero nork eta zergatik. Baina, nik erabat normalizatua nuen.

Sentitzen zenuen zure bizia ez zela gainontzeko haurrenen antzekoa?

A.M.: Nik banekien aita hilda zegoela, baina ez nekien ondo zergatik. Egun batean, ikastolako lagun baten etxera joan nintzen, eta beren gurasoei ideia ona iruditu zitzaien nire aitaren gorpua Bilbora iritsi zeneko bideoa jartzea. Etxera joan, eta amari esan nion.

R.R.: Guk ere badugu bideoetan jasota aste horretan gertatu zena, ze azaroaren 22an eman zioten tiroa, baina 26ra arte ez zen hil.

Egun horietan zer zenuen buruan?

R.R.: Gauza bakarra: nire senarrarekin egon nahi nuela.«Maite zaitut» esaten ikasi nuen. Esaten nion sentitzen nuela lehenago ez esan izana.

Ane, Rosak dio egun horietan ikasi zuela «maite zaitut» esaten. Maitatu al daiteke inoiz fisikoki egon ez den aita bat?

A.M.: Ahal da, baina oso zaila da, eta psikologoarekin hasi nintzenean galdetzen nion: «Zer sentitu behar dut nire bizitzan presente egon ez den norbaitengatik?». Figura hori maite duzu, hala transmititu dizutelako, baina harreman erreala falta da, eta niri kostatu egiten zitzaidan ariketa hori egitea. Agian bizirik balego ez genukeen harreman ona izango.

Aske sentitu zarete emozio horiei buruz hitz egiteko?

A.M.: Ez. Ni Josuren alaba izan naiz, eta ez didate utzi honetaz guztiaz ahazten eta nire bizitza propioa egiten. Ez dut espazio hori eduki. Aldiz, azaroaren 20a jai egun gisa oroitzen dut. Elkartzen ginen lagunartean, aitaren monolitoaren inguruan, bazkaltzera joaten ginen...

Ez al da nekeza urtero ekitaldietara joatea?

R.R.: Nire senarraren omenaldiak soilik lehen urtean eta hogeigarren urteurrenean egin dira. Lehen urteetan guk egiten genuen meza, eta hilerrira joaten ginen, baina egun batean zerraldo erori nintzen hilerrian. Orduan erabaki nuen mugara iritsi nintzela.

A.M.: Nik onartu behar izan dut ez dudala beste tokirik. Inork ez dit galdetu ekitaldietan edo elkarrizketetan parte hartu nahi dudan. Momentu batean bai, sortzen zidan halako arrangura, baina ohartu naiz estatuen terrorismoaren biktimek ez dugula beste erremediorik. Gutxi gara, hitz egiteko prest dagoen jende gutxi dago. Jakina, batzuetan pentsatu izan dut: «Paso egin nahi dut, eta nire bizitza egin».

Omenaldiak, hilerria... Absentziak leku handia du zuen bizitzetan.

A.M.: Absentziarekin hazi naiz, eta horrekin bizitzen ikasi dut. Askotan galdetzen diot neure buruari nola izango litzatekeen aita bat edukitzea.

R.R.: Nik argazkietan begiratzen dut, eta esaten dut: «Kabroia. Zu beti gazte, eta ni, gero eta zaharrago». Argazki horrekin hitz egiten dut. Esaten dute alargun guztiak apur bat eroak gaudela, eta izan daiteke, baina mina arintzen dit.

Bada estrategia bat, ezta?

R.R.: Bai.

Nola egiten diozue aurre min horri guztiari?

A.M.: Ikasi egiten duzu.

R.R.: Horrekin bizi zara. Mina, joan den pertsona hori... beti daude hor.

A.M.: Badaude oraindik irekita dauden zauriak, eta badirudi batzuetan alkohola botatzen dizutela, gainera. Baina egia da ikasten duzula horrekin bizitzen, eta zure parte egiten duzu.

Indarkerien Pandoraren kutxa

Parte izateaz ari zaretela,beti izan zarete Josebaren alarguna eta Josuren alaba. Nola kudeatzen da hori? BERRIAk ere horregatik batu zaituzte.

A.M.: Niri horregatik gustatzen zait esatea Elenaren alaba ere banaizela. Baten batek har dezake gaizki, esaten dudalako gehiago naizela Elenaren alaba Josurena baino. Hori horrela da.

R.R.: Ni gogoratzen naiz; hasieran esaten zutenean ez dakit noren alarguna nintzela, esaten nuela ezetz, emaztea nintzela.Azkenean ohitzen zara, baina…

Sentitzen duzue indarkeria bizi izan duzuela zuen larruan? Ala zuzenekoa ez den biktimatzat duzue zuen burua?

A.M.: Bizi osoan izan dut gatazka gertu, ez soilik nire aitagatik. Haurtxoa nintzenetik espetxera joaten nintzen aitaren kideak bisitatzera. Marseillara [Frantzia] joaten nintzen han zegoelako konfinatuta lagun bat; Parisera joaten nintzen... Gatazkaren parte naiz, gatazka bizi izan dut nire larruan, eta, egun, ondorioak ere jasaten ditut, ezin naizelako nire bikotekidea bisitatzera joan.

Lehenago aipatu duzue kalte psikologikoak jasan dituzuela.

R.R.: Medikazioarekin daramatzat 22 urte.

A.M.: Parisera bisitan joaten nintzenean, gaueko trena hartzen genuen. Automatikoa zen Orfidala hartzea lotarako. Ongi deskantsatuta egon behar nuen. Trenean sekulako tentsioa egoten zen, eta kasik hobe zen pilula hartu eta lo egitea.

R.R.: Semea hitz egin gabe gelditu zen; autoan zegoen Josebari tiroa eman ziotenean. Berea pasatu zenean, 2000. urtean erori nintzen.

«Erori zinen». Esaldi hori asko erabiltzen da preso hartutakoekin edo hildakoekin...

R.R.: Ba bai... Eroriko totala izan zen. Bi hilabetean 50 kilora heldu nintzen. Eta horrela pasatu nituen hiru urte.

Norbaitek eman dizue babes psikologikoa?

R.R.: Neuk bilatu dut.

A.M.: Nik ere bai. Badago sare bat psikologoena orain, baina urte askotan ez diogu geure buruari baimena eman hau guztia kanpora ateratzeko. Horrek ondorio batzuk ditu: hainbeste min eta sufrimendurekin bizitzearenak.

Eta kalte ekonomikoak?

A.M.: Guk eduki genuen kalte-ordaina, baina gero, esaten dutenez ETArekin zerikusia duela aitak, ba... Beti atzera botatzen dituzte diru laguntzak.

R.R.: Nik ez dut aparteko dirulaguntzarik izan.Jaso genuen diru kopuru bat biktimen legea egin zenean. Alargun eta umezurtzen pentsioa ere jaso dugu.

Emakume gisa gutxietsita sentitu zarete inoiz? Iruditeriari erreparatuta, behintzat, andreak zarete gatazkaren ondorioak jasan dituzuen gehien-gehienak.

A.M.: Infantilizatuta sentitu naiz. Nire aita gora, nire aita behera... Tira, 30 urte ditut, eta iritzi propioa daukat.

R.R.: Niri, behin, AVTko batek esan zidan: «Zuek, alargunak, ederki bizitzea tokatzen zaizue. Anaiok pasatzen dugu okerren». Diruagatik esaten zuen.

A.M.: Istorio honen guztiaren alde emozionala gara. Guk sufritu dugu hau, baina baita aurrera ateratzeko lanean aritu ere.

R.R.: Euskal Herrian elkartzen garen guztiak andreak gara.

Non hartzen duzue babesa?

A.M.: Amarekin. Berarekin husten naiz, eta pentsatzen dudan guztia esan dezaket.

R.R.: Nire seme-alabekin. Esaten zidaten indarra nuela, baina bai zera. Haiengatik egin behar nuen.

Egin dituzue biktimen arteko topaketak, bake konferentzietan izan zarete. Sentitu duzue aitortza zuen lan politikoagatik?

A.M.: Ez da hainbeste aitortzen. Niri batzuetan gertatzen zait. Egiten ari naizen lan politikoagatik norbait etortzen bada zoriontzera, esan izan didate: «Zure aitaren antza duzu». Eta nik: «Ados, baina hau ni ari naiz egiten, ez nire aita». Aitortza horrek niretzat beharko luke, baina beti dago azpimarra hori.

R.R.: Nik uste dut ekarpena egin dugula, eta, hain justu, horregatik segitu dut lanean.

Inoiz sentitu zarete erabilita biktima gisa?

R.R.: Pertsonalki, ez, baina biktimak erabiltzen dira.

A.M.: Bai, eta oraindik ere bai.

Datorren urtean hamar urte beteko dira ETAk borroka armatua utzi zuenetik.

A.M.: Hari solte asko dago oraindik, baina egungo espetxe politika amaitu behar da. Presoak hurbildu behar dira, larri gaixo direnak eta adinekoak kaleratu, presoen egoera malgutu... Ezinbestekoa da alde horrek ikustea urratsak egiten ari direla.

R.R.: Gustatzen zait zuk esatea nik pentsatzen dudana,aldarrikapen horiekin bat egiten dut. Beti eskatu izan dut presoak gerturatzea eta gaixoak askatzea.

Bi ordu daramagu gaiaz hitz egiten. Zauriak ireki dira berriro?

A.M.: Nik pisua kentzen dut.

R.R.: Nik egiten dut uste dudalako egin behar dudala, ekar-pen bat egiten ari naizela.

A.M.: Bai, ekarpen bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.