Euskal Herrian badira hainbat min, baina hitzak falta dira horiek izendatzeko. Atzo, termino egokiak bilatzeko asmoz, mahai baten bueltan bildu ziren Maria Reimondez idazlea eta itzulpengintzan eta interpretazioan doktorea, Cira Crespo historialaria, eta Ibai Atutxa hizkuntzalaria eta EHUko irakaslea. Kolonialismoaz aritu ziren, baita arrazakeriaz eta barbarismoaz ere. Zein termino erabili erabat ados jarri ez baziren ere, kontu bat argi utzi zuten: auzi horren inguruan eztabaidatu behar da.
BERRIAk, Jakinek eta Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu zuten solasaldia, Bilboko Bira Kulturgunean. Haritz Azurmendik gidatuta, Reimondezek iaz argitaratutako A casa do amo liburua (Nagusiaren etxea, 2024) izan zuten abiapuntu; galizieraz idatzitako literaturan dauden diskurtso kolonialak eta arrazistak aztertu ditu bertan. «Kaltegarria da geure burua herri kolonizatu gisa deitzen jarraitzea, horrela kolonizazioan egindako ekarpena albo batera uzten dugulako», nabarmendu zuen Reimondezek.
Ikusi gehiago
Beste terminologia bat bilatu beharra dagoela adierazi zuen idazleak. Izan ere, aipatu zuen galiziarrentzat oso erraza dela ulertzea nola estatu batek bere baliabide naturalak ustiatzen dituen, lurraldean bizi diren herritarrentzat onurarik ekarri gabe. «Erlazio kolonial bat dela uler dezakegu, baina beste hitz batzuk erabili beharko genituzke. Kolonialismoarekin paralelismo handiak aurkitu arren, guk ere prozesu horretan parte hartu genuen». Hala ere, Reimondezek argi utzi zuen beste lurraldeekin alderatuta badagoela diferentzia bat: kolonizazio horrek ez zuen inoiz «nazio proiektu bat» bultzatu, interes guztiak «Espainiako estatu-nazioa bultzatzeko» izan baitziren beti.
Beraz, «gontz» moduko batean dago Galizia: aldi berean, ez-hegemonikoa —estatu batek zapaldua— eta hegemonikoa da —zuria gehienbat, europarra, Mendebaldekoa—. Hitz hori erabiltzen ez badu ere, Atutxak auzi horren inguruan jarduten du 2022an argitaratutako Barbaroak eta zibilizatuak lanean, berak ere uste baitu Euskal Herriaren «kolonizazioa» aipatzeak kalteak sor ditzakeela.
«Pentsamendu kritikoan badago sintonia bat: gaur egungo gizartea kapitalista da, eta zisheteropatriarkala, arrazista, inperial koloniala eta ekozida», esan zuen Atutxak, eta erantsi gaur egungo gizartea indarkeria horiei esker existitzen dela. «Are, hizkuntza minorizatuak hitz egiten ditugunon aurkako indarkeriak logika berari jarraitzen dio». Euskaldunak «barbaro» gisa izendatzen dituzte, eta horri esker eraikitzen da gizartea, baita izendatze horrek dakarren «makineria legal, administratibo, polizial eta mediatikoari» esker ere.
«Komunitate zapaldu bakoitzari zapalkuntza mekanismo ezberdinak ezartzen zaizkio. Gu ez gara hiltzen Mediterraneoan, baina torturatuak izan gara sistematikoki»
IBAI ATUTXAHizkuntzalaria eta EHUko irakaslea
«Euskaldun barbarizatuez» gain, «euskaldun zibilizatuak» ere badaude Euskal Herrian. Azken horiek euren burua eraikitzen dute besteen «barbarizazioaren» bitartez, «baita indarkeria kolonialaren eta patriarkalaren bidez ere». Atutxak uste du izendapen bakoitzak «nagusiaren tresna diferente batzuk» izendatzen dituela, eta «gorputz diferente batzuei» jazartzen diela: «Komunitate zapaldu bakoitzari zapalkuntza mekanismo ezberdinak ezartzen zaizkio. Gu ez gara hiltzen Mediterraneoan, baina torturatuak izan gara sistematikoki. Elkarrekin nagusiaren etxea eraitsiko badugu, kaltegarria da guri jazartzen ez zaigun tresna bat guri buruz hitz egiteko erabiltzea».
Elkarrizketen beharra
Cresporen ustez, gutxi hausnartu da gai horien inguruan. «Ez dugu tresnarik euskararen kontrako diskurtsoari aurre egiteko», esan zuen atzo. Eta erantsi zuen: «Batzuetan zalantzak ditut ea Euskal Herrian konturatzen garen gu ere Europan nazio zapaldua garela, edo, areago, zer esan nahi duen horrek». Crespok iritzi du ez dela inoiz pentsatu ea «hau kolonia bat» den. Hori dela eta, funtsezkotzat jo zuen horri buruzko elkarrizketak edukitzea.
Atutxak, berriz, iritzi diferentea agertu zuen: «Euskal Herriaz asko hitz egin da kolonia moduan, batez ere 1960ko eta 1970eko hamarkadetan». Horrek balio izan zuen Euskal Herrian bizi ziren zapalkuntzen inguruan gogoeta egiteko, baina gaur egun jada ez da erabilgarria: «Euskal Herriko herri mugimendu antirrazistek eta arrazializatuek oso argi azaldu dute kolonialismoa dela zapalkuntza arraziala erdigunean jartzen duen hori». Interpelazio hori jaso behar dela adierazi zuen Atutxak. «Eta hortik pentsatu behar dugu guk geure zapalkuntzan». Ohartarazpen bat ere egin zuen: «Kontzienteki jarraitzen badugu esaten Euskal Herria herri kolonizatua dela, arazo jakin batzuetan sartzen ari gara».
«Kontu batek ez du beste ukatzen: Galizia kolonia gisa definitu nahi ez dudala esaten dudanean, ez dut esan nahi ez dudanik hitz egin nahi [Espainiako Estatuak] egiten duen Galiziaren esplotazioaz»
MARIA REIMONDEZIdazlea
«Katalanak eta euskaldunak ezin gara izan kolonizazioaren partaideak, horretan agentziarik izan ez dugulako», erantzun zuen Crespok. Izan ere, aipatu zuen mundu modernoaren sorrera kolonizazioan oinarritzen dela, eta horretarako estatu nazioak ezinbestekoak izan direla. «Horien barruan zeuden herriak ukatu behar izan dituzte. Beste herriak konkistatzera edo kolonizatzera joan direnek gure herriaren desjabetzea sustatu dute, eta konkistatzaileak ez daude gure alde. Beraz, ez dut ulertzen nola atera ditzakegun herri gisa onurak kolonizaziotik».
Onura horien adibide moduan, Galizian ezarrita dagoen Inditex enpresa aipatu zuen Reimondezek. «Amancio Ortegak ez du Galiziako nazio proiektua sustatzen, baina galiziar eskoletan hainbat gauzatarako sarbidea izan dezatela bermatzen du; nik, Galiziako herritar gisa, onura bat jasotzen dut beste pertsona batzuen esplotaziotik». Diskurtsiboki ere kolonizazioaren parte izaten jarraitzen dute. «Gure irudia zibilizatu moduan sortzeko, besteak barbaro moduan eraiki behar ditugu».
Norekin sortu aliantzak?
«Kontu batek ez du beste ukatzen: Galizia kolonia gisa definitu nahi ez dudala esaten dudanean, ez dut esan nahi ez dudanik hitz egin nahi [Espainiako Estatuak] egiten duen Galiziaren esplotazioaz», argi utzi zuen Reimondezek. Egokiago hitz egitea da gakoa, «denek elkarrekin bizitzeko etxe bat» sortzeko eta aliantzak sortzeko. Hain justu, gontz posizioak aukera ematen du horretarako.
Baina, aliantzak norekin sortu? Reimondezen arabera, «gatazkarekin bizitzen» ikasi beharra dago. «Istorioek, herrialdeek, lekuek eta pertsonek ez digute utziko mundu guztiarekin aliantzak egiten». Hori dela eta, aliantzak norekin egin ulertu beharra dago. «Gure kasuan, hizkuntzaren auzitik etorri behar dira aliantzak; ezinezkoa izango da elebakartasunak indar handia duen lurralde bateko pertsonekin aliantzak sortzea».
«Zalantzan jarri behar dugu beti tronuan jarri dugun Mendebaldeko kanona; hizkuntza ez-hegemonikoetan irakurri behar dugu, eta beste kontu batzuk itzuli»
CIRA CRESPOHistorialaria
Beste lurraldeekin aliantzak sortzeko, gako bat aipatu zuten hirurek: itzulpenaren aktibismoa. «Ahalegina egiten dut Galiziako literatura sisteman itzulitako lanak sartzeko; lan horiek ez dira nahitaez zentrotik pasatzen direnak», azaldu zuen Reimondezek. Eta Crespok erantsi zuen: «Zalantzan jarri behar dugu beti tronuan jarri dugun Mendebaldeko kanona; hizkuntza ez-hegemonikoetan irakurri behar dugu, eta beste kontu batzuk itzuli». Are, Atutxak zera esan zuen: «Itzulpenak guztia egin ahal digu».