Bata besteari adi so aritu ziren atzo iluntzean Karmen Galdeano eta Jexux Mari Mujika, jendez mukuru zen aretoan. Xabier Galdeanoren alaba da Karmen. Duela 33 urte hil zuen GALek, kazetaria zen. ETAk Jexux Mariren lagun mina zen Joxe Mari Korta hil zuen, 2000. urtean. Enpresaburua zen. Biak zer batzen dituen azpimarratu zuten: minak. Eta zer nahi duten: zauriak ixtea eta berriz ez zabaltzea. Horretarako bermeak galdegin zituzten.
«Guk ez dugu izan instituzioen babesa, baina lortu dugu gorrotorik gabe bidea egitea», adierazi zuen Galdeanok. «Guk, aldiz, beste biktima batzuek baino babes handiagoa izan dugu. Baina beti pentsatu dugu biktimek ez dutela beren mina erabili behar alderdi edo ideia politiko baten alde», azpimarratu zuen Mujikak. Nork bere bizipenen berri eman zuen, eta hausnarketarako hainbat gai utzi zituzten. «Finean, Euskal Herria da biktima», adierazi zuen Galdenok, eta iraganean eginiko okerrak ez errepikatzera deitu zuen. «Ez dezagun egin frankismoarekin bezala». Antzera mintzatu zen Mujika. «Hori zor diegu belaunaldi berriei». «Aurrera goaz, baina hitz egin nahi ez dutenak gehiago dira; beldurraren isiltasuna hor dago», ohartarazi zuen.
Euskal Herriko gatazkak eragin dituen indarkerien bi testigantza horiekin eta alor horretan adituen direnen hausnarketekin abiatu dute asteburu honetan eginen den bakegintza foroa, Bakegileak eta Bake Bideak antolatutakoa. Industria eta Merkataritza Ganberan egin zen atzoko saioa, eta erakunde horretako presidente Andre Garretak agurtu zituen han bildutakoak. «Bakerik ez bada, lurralde bat ez da garatzen», adierazi zuen.
Bakegileen izenean, Mixel Berhokoirigoinek hartu zuen hitza, eta azpimarratu zuen biktimen auzia ez dela «gai periferiko bat»: iraganari buruzko analisi «zorrotza» egitea «guztien» ardura dela, «bake justua eta iraunkorra» eraiki nahi bada.
Antzera mintzatu zen Julen Mendoza Errenteriako alkatea (Gipuzkoa), eta biktimen alorrean udal talde guztiekin batera —EH Bildukoa da— egindakoa xehatu zuen —alde guztietako biktimei omenaldiak eta haiei buruzko txostenak—. Udal baten ahalmenak mugatuak izan arren, «keinuen» garrantzia eta indarra azpimarratu zuen Mendozak. «Keinu batek, pauso batek hurrengoa ekartzen du». Eta iraganari buruzko analisi zabal eta barneratzaile baten alde egin zuen. «Ez da egongo kontakizun bakar bat, baina guztiek lotzen gaituzte».
Jean Pierre Massias unibertsitate irakasleak eta Versaillesko Gorteko epaile ohi Serge Portellik ere parte hartu zuten atzo. Justizia trantsizionalaz mintzatu ziren.
Miarritzen, gaur
Gaur goizean, Miarritzeko Bellevue aretoan, Parisko Gobernuarekin zabalduriko lan esparruari buruzko bilana eginen du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak. Eta presoen alorra landuko dute mintegian izango diren epaile eta abokatuek.
Bakegintza. Foroa
Minak eta zauriak ixteko nahiak batuta, Baionan
Biktimen gaia landu dute asteburuan Baionan eta Miarritzen egingo den bakegintza foroko lehen saioan. «Berriro ez errepikatzeko bermeak» galdegin dituzte biktimek eta adituek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu