Haurra galtzea zer den ongi daki Nereida Barrikartek (Barakaldo, Bizkaia, 1985). Haurdunaldian hil zitzaion lehen semea, 2018an, eta handik urte batzuetara bigarrena, minbiziarekin, 22 hilabete zituenean. Psikologo perinatala da, eta dolu prozesuan laguntza eskaintzen die familiei. «Dolua patologizatu ez dadin, seme-alabei buruz hitz egitea da gakoa», adierazi du.
Zer da dolu perinatala?
Doluak beldur handia ematen digu guztioi, oso une mingarria delako, baina prozesu moldagarri eta naturala da, eta igaro egin behar da. Jaiotzaren inguruko dolua horixe da, hain zuzen ere: haurtxo bat haurdunaldian, erditzean edo jaio eta egun gutxira hiltzen denean igaro behar dugun mina.
Zergatik da garrantzitsua dolu hori egitea?
Pasatu berri dugun esperientzia hori gure egin behar dugu. Jaiotzaren inguruko doluaren kasuan, hainbat fasek lagunduko digute esperientzia hori txertatzen; beharbada, hasieran shock-ean egon gaitezke, ez dugu sinetsiko zer gertatu den, baina, gero,burmuina pixkanaka esperientzia hori txertatzen hasiko da, hartaz jabetu eta gure haurra benetan galdu dugula uler dezagun.Hortik aurrera, bizitza min horrekin bizitzen hasiko gara. Izan ere, min eta dolu horiek ez dira desagertzen, ez dira amaitzen, horrekin bizitzen ikasi behar dugu. Gure garunak pintzelkadekin prestatzen gaitu ahalik eta modurik osasuntsuenean izango dugun oinaze horretaz arduratu gaitezen; dolua modu batera edo bestera aterako baita, baina, lekurik ematen ez badiogu, egokienak ez diren moduetan aterako da.
Gizartean oso gutxi hitz egiten da jaiotzaren inguruko doluaz.
Isilarazita dago. Gizarteak berak uko egiten dio haur bat hil daitekeela ulertzeari. Heriotza adineko pertsonekin lotzen dugu, bizitzaren amaierako zikloarekin, baina asko kostatzen zaigu onartzea haur bat hil daitekeela: maila sozialean ez gaude horretarako prestatuta, eta alde batera uzten dugu. Semea edo alaba galtzeaz gain, gero gizarteak, familiak, lagunek edota ezagunek ez badizute dolu hori onartzen, are zailagoa da bidea.
Zer ondorio ditu gizartearen isiltasun horrek seme edo alaba bat galdu duten familietan?
Zuzenean eragiten die. Dolua ez patologizatzeko modurik onena da galera hori izan duten familiek askatasunez negar egin ahal izatea, horretaz hitz egin ahal izatea, eta inguruan dituzten gainerako pertsonek galera hori gutxiesten duten esaldiak ez esatea. Askotan entzun behar izaten dituzte «beste ume bat izango duzu», «gaztea zara» eta halako esaldiak... Haur bat ez da existitzen jaiotzen den unetik, gure buruan proiektatzen dugun unetik baizik; beraz, horrelako esaldiekin hori baliogabetzea oso mingarria da. Dolua patologizatu ez dadin, familiekin egotea eta haien seme-alabei buruz hitz egiten uztea da gakoa.
Gaur egun ez zaizkie toki eta tresna nahikoa eskaintzen haur bat galdu duten familiei. Zer behar dute?
Dolu perinatalerako protokolo bat behar dute. Ospitaleko arta ezin da geratu osasun langileek duten jarreraren esku. Hori dena ongi jaso beharko litzateke protokolo batean, zirrikiturik egon ez dadin min handiagoa eragin dezaketen ekintza, jokabide edo esaldietarako. Oso garrantzitsua da maila multidiziplinarrean ondo ezarritako protokoloak egotea, ez bakarrik familia hori artatuko duen ginekologoaren aldetik, baita osasun langile guztien aldetik ere. Hainbat tresnaren alde egiten dugu: adibidez, ama amatasun eremutik aldentzea, ondoko umetxoaren negarra entzuten egon beharrik izan ez dezaten; taupadarik ez dagoela jakitean, handik aurrera erditzear dauden beste ama batzuekin batera ez egotea; haurrari agur egoki bat egin ahal izateko sehaska hotzak jartzea; agur gela bat sortzea, hilda jaio den edo jaio eta egun gutxira hil den haurtxo horrekin egon ahal izateko...
Zer mezu emango zenieke haur bat galdu duten familiei?
Dolu hori bizi egin behar dute, horrek lagundu egingo dielako sendatzeko prozesuan. Negar egin dezatela, hitz egin dezatela beren haurtxoei buruz, beren haurrak aipatu ditzatela, ez dezatela egin ezer gertatu ez balitz bezala. Izan ere, min hori ez da sekula desagertuko, baina, harekin bizitzen ikasiz gero, euren bizitzekin aurrera jarraitu ahal izango dute.
Nereida Barrikarte. Psikologo perinatala
«Mina eta dolua ez dira desagertzen, haiekin bizitzen ikasi behar da»
Familiek gizartearen sostengua ezinbestekoa dute dolu perinatala egin ahal izateko, Barrikarteren iritziz. Prozesu horretan ez dira lagungarriak «beste ume bat izango duzu» edo «gaztea zara» eta halako esaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu