Miloi bat sinadura bildu nahi dituzte Europan COVID-19aren txertoen patenteak askatzeko

Hainbat elkartez osatutako Right2Cure plataformak abiatu du egitasmoa. Elkarretaratzera deitu dute asteazkenean, Bilboko Areatza plazan.

Right2Cure plataformako kideak gaur, Bilboko prentsaurrekoan. ENDIKA PORTILLO
Maialen Arteaga.
2021eko ekainaren 7a
17:27
Entzun

Right2Cure plataformak sinadura bilketa masibo bat abiatu du COVID-19aren aurkako txertoen patenteak askatzeko eskatzeko. Europa osoan antolatuta dago plataforma, eta estatuko hainbat erkidegotan osatu dira taldeak. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban ere badago Right2Cure taldeak agerraldia egin du gaur. Hainbat taldek osatzen dute. Horien artean daude, besteak beste, Medicos Mundi, Ongi Etorri Errefuxiatuak, EH Feministalde eta Osalde elkarteak. Patenteak askatzea eskatzeko, elkarretaratzea egingo dute asteazkenean, arratsaldeko zazpietan, Bilboko Areatza plazan, Txertoak guztiontzat lemapean.

Plataformak azaldu du pandemiari aurre egiteko hainbat mekanismo ezarri diren arren «defentsarik handiena eta eraginkorrena» txertoak direla. Mekanismorik egokienak badira ere, taldeak dio ez daudela herritar guztien eskura: «Birusa amaitzeko defentsa tresnarik onena da, eta ez da mundu guztiarengana berdin iristen. Herrialde batzuetan hiru hilabeteetan biztanleriaren %50 txertatu dute. Hemen, berriz, oso geldo doa; eta Afrikan, esaterako, %2 bakarrik txertatu ahal izan da», azaldu du Right2cure plataformako bozeramaile Yahcov Ruizek. Horren arrazoiak argiak direla uste du: «Batetik, patenteen jabe diren industria farmazeutikoek ezin dute behar den ekoizpen erritmoa jarraitu; eta, bestetik, jabetza intelektualaren ondorioz, ezin dira txertoak beste laborategi batzuetan produzitu». Horregatik, patenteak askatzea «ezinbestekoa» dela esan du.

Europako Batzordera iristeko, kontinente osoan miloi bat sinadura bildu behar ditu plataformak, eta, helburu horretara bidean, egitasmoa sinatzera animatu nahi dituzte Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako herritarrak. Beren web orrialdearen bitartez sinatu daiteke eskaera. Sinadurak biltzeaz gain, patenteen auzia azaleratu nahi dute. Plataformak azaldu duenez, patenteen askapenerako proposamena Indiatik eta Hego Afrikatik abiatu zen, baina, Europako erakunde eta estatuek proposamen hori «blokeatu» egiten dute, eta «freno» hori gainditzeko sortu da plataforma: «Industria farmazeutiko handienak Europan daude, eta, ondorioz, hemengo lobby farmazeutikoen presioak Europako Batasunaren posizioa baldintzatzen du», zehaztu du Ruizek. Europako Batasunak ez du oraindik adierazpenik egin proposamen honen inguruan. Dena den, datozen egunak «erabakigarriak» izan daitezke; hurrengo egunetan Ekonomia saileko mundu osoko ordezkariak bilduko baitira, eta COVID-19aren txertoen patentea izango dute eztabaidagai.

Gardentasun falta

Medicos Mundi elkarteak salatu du txertoen salerosketan gardentasun falta egon dela. «Txertoen ikerketan eta ekoizpenean laguntzeko, diru publikoa erabili da, eta, aldiz, kontratu eta hitzarmenen inguruan gardentasun falta handia egon da», adierazi du Eduardo Garcia bozeramaileak. «Horrek baimendu die farmazia eta laborategiei nahi dutena egin ahal izatea», gehitu du. Uste dute praktika «ilun» hori bukatzeko patenteak askatu behar direla, eta horretarako giltza Europar Batasunak duela esan du: «Nahi politikoen araberakoa da, eta Europako Batasunak, nahi baldin badu, egin dezake».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.