Duela bi aste pasatxo, Galder Barbado Sortuko militanteak salatu zuen Guardia Zibilak kolaborazio eskaerak egin zizkiola; egun horretan, bere lagun batek ere dei anonimoak jaso zituztela adierazi zuen Barbadok, eta gaur adierazi dute Sarai Goitia zela deiak jaso zituena. Goitiarenganako jazarpena, baina, ez zen dei anonimo horietara mugatu. Sortuk argitaratutako ohar baten arabera, Goitia etxera iritsi zen egun batean gauzak mugituta zeudela ohartu zen, baina ez zioten lapurretarik egin. Bestalde, egun berean bere autoan «Hola»zioen pintaketa bat egin zioten autoan.
Gertakari horiek guztiek «kasualitatetik gutxi» dutela adierazi du Sortuk, eta salaketa jarri dute Bilboko Guardiako Epaitegian. Sortuk gogor gaitzetsi ditu euskal militanteak pairatzen ari diren polizia jazarpena, eta nabarmendu du halakoak ez direla iraganeko kontuak: «estatuaren estoldek euskal militanteak zelatatzen eta mehatxatzen jarraitzen dute, eta xantaia egiten ari dira. Azken batean, militanteen aurka beldurra eragin nahian ari dira nazio askapen prozesua geldiarazteko», esan du oharraren amaieran.
Barbadoren kasua
Joan den maiatzaren 20ean, Galder Barbado Sortuko militanteak jakinarazi zuen, alderdiak Donostian duen egoitzan, polizia jazartzen ari zitzaiola. Haren hitzetan, lau lagun autoan zeudela, Guardia Zibilak gelditu egin zituzten kontrol batean. «Hasieran normala izan zen kontrola, baina, denbora pasatu ahala, gaiztotuz joan zen. Ordu eta erdi baino gehiago eman genuen kontrolean, mendira begira, eskuak kanpoan, sakabanatuta eta euripean», adierazi zuen. Orduan, «kamuflatutako bi auto» hurbildu ziren, eta auto horietan zihoazenek estalita zeukaten aurpegia.
Aurpegia begi bistan zuen bakarrak, Harley ezizena zuenak, kolaborazio eskaera egin zion Barbadori. Bere egoera zein zen bazekiela adierazi zion poliziak, eta gauzak kontatuz gero epaiketan lagunduko ziola. Horren ostean, Bilbon kafe bat hartzeko gonbidapena egin zion poliziak militante gazteari. Hala ere, non bizi den eta non ibiltzen den bazekiela esan zion Harleyk, eta harremanetan jarriko zela iragarri zion. Egun hartatik aurrera, telefonoz etengabe deika aritu zen polizia, baita SMSak bidaltzen ere, eta Barbadoren lagun bati ere deika aritu zen, Goitiari.
Barbadok egun batzuk beranduago pairatu zuen azken jazarpena: autoa gidatzen zebilela, pertsona bat jarraika zuela ohartu zen. Polizia zela konturatu zenean, autotik jaitsi zen Barbado, eta herritik alde egiteko eta bakean uzteko eskatu zion poliziari. Hura barrez hasi zen, eta han geratu zen Barbadok alde egin arte.