Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxe zigorra ezarri die Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteei, lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta. Orain, helegitea aurkeztea izango da hurrengo urratsa.
[youtube]https://youtu.be/hNmLQiaz9Uo[/youtube]
Launa urteko espetxe zigorra. Nola jaso duzue berria?
AITOR ZELAIA: Edozer gauza espero genuen. Badakigu gure herriak ezin dezakeela ezer onik espero Auzitegi Nazionaletik. Azkenean, Euskal Herria eta bere militanteak suntsitzeko etsaiak baliatzen dituen sistema politiko-judizialaren aurpegia da.
GALDER BARBADO: Sententziaren berri prentsatik izan genuen, eta ordu arraroak izan ziren, ez genekien atxilotuak izango ginen ala ez. Baina zer esango dugu [Angela] Murillo eta Altsasuko gazteak espetxeratu zituen fiskala epaiketan izanda? DNA frankista duen auzitegia da, inoiz ez da zilegi izan euskal militanteak epaitzeko, eta ez da inoiz izango.
Lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatu dizuete. Frogen artean hatz markak daude, eta baita itsasgarri batzuk ere. Aski arrazoi al dira zigortzeko?
A.Z.: Noiz behar izan dituzte arrazoiak eta frogak auzitegi faxista horretan? Haien helburua militantzia politikoa zigortzea da, eta berdin du zer froga dituzten.
G.B.: Larriena da operazio honek izen-abizenak dituela, eta ez dela auzitegitik atera: Ertzaintza eta EAJ. Epaitegiari urte luzez Euskal Herrian handitu den elur bola bat heldu zitzaion, eta gustura hartu zuen. Kasu honetan, gure aurkako txostenak oso larriak dira, eta gure militantzia politikoa behin eta berriz aipatzen dute. Guk, ordea, argi diogu: militante politikoak gara, eta hala izaten jarraituko dugu; horregatik zigortu nahi bagaituzte, egin dezatela.
Ertzaintzaren azpijoko bat dela ere salatu izan da.
A.Z.: Azpijokoa? Garaiz kanpoko operazio bat da. Hamar urte dira ETAk behin betiko su etena iragarri zuela, baina askok tematuta jarraitzen dute gure herria iraganera kateatuta mantendu nahian.
G.B.: Deklarazioek bakarrik hitz egiten dute, eta epaiketan ertzainak ez ziren ados jartzen. Milaka orrialde gure jardun politikoari buruz, eta oso gutxi aurkitutako zuloaren inguruan.
Materiala «helburu terroristekin» edukitzea ere leporatu nahi zizueten hasieran. Zein asmo dago horren atzean?
A.Z.: Argi utzi behar dugu nondik datorren operazio hau: EAJk kozinatu du, zipaioek ekin dute, eta auzitegiak epaitu gaitu. Atzoko etsaiak gaurko berdinak dira, eta min egiten jarraituko dute, gure herriaren aurka.
G.B.: Eremu horretan alderdi eta aparatu ezberdinak oso gustura daude oraindik ere, baina dena da ETA estrategiak Euskal Herrian jada ez du sinesgarritasun handirik. Halere, sententzian termino aldaketa bat jaso dute, eta «terrorismo indibiduala» aipatu dute. Ez dakigu ondo zertaz ari den, baina horrek aurrera begirako bidea markatuko du. Hau da, uste dugu herri eta gazte mugimenduko edozein protesta edo ekintza, inolako erakunderik egon gabe, terrorismo izendatu ahal izateko pauso bat dela.
Gazte izategatik epaitu eta zigortu al zaituzte?
A.Z.: Gazteak beti izan dira abangoardia, askapen borrokaren lehen lerroan egon eta egongo direnak, eta, beraz, baita kriminalizatuak ere. Ez dira garai gozoak gazte antolatuentzat, baina gure historiak erakutsi digu bidea ekinez egiten dela, konplexurik gabe eta akatsak egiteko beldurrik gabe. Ziur gaude bide zuzenetik goazela, eta ez dela erraza izango, ez delako inoiz izan; baina, horregatik, inoiz baino gehiago jarraitu behar dugu antolatzen, kaleak hartzen eta borrokatzen. Ez dadila borrokan etenik egon.
G.B.: Gazteria izan da beti iraultzaren motorra. Horregatik egurtzen dute, eta horregatik egongo gara beti errepresioaren jo puntuan. Ezin dute jasan belaunaldiz belaunaldi euskal gazteriak antolatzen eta borrokatzen jarraitzen duela ikustea; haien porrot errepresiboaren adierazgarri nagusia da. Beldurraren mamua zabaldu nahi dute, eta berriro ere zipaioak paper nagusia hartzen ari dira, sekulako sarraskiak eginez aste hauetan. Orain, badakigu garai gogorrak datozela, eta hau da egungo gazteoi tokatu zaigun aroa, baina antolatuz eta borrokatuz, determinazio osoz aurrera egiteko prest gaude.
Zeintzuk izango dira orain egingo dituzuen urratsak?
A.Z.: Auzitegi Nazionalean helegitea jartzea, eta, ondoren, Auzitegi Gorenean. Honek hilabete gehiago luzatuko du egoera. Ez dugu justiziarik espero. Guk hartutako erabaki politikoa izan da epaiketara aurkeztea, sententziari aurre egitea izango den eran. Garenaz eta egindakoaz harro gaude, eta baita Euskal Herriak erakutsi digun elkartasun eta borroka berriengatik ere. Ez dugu hitzik jaso dugun maitasun eta babes guztia eskertzeko. Beti zuzen, makurtu gabe.
G.B.: Babesak indar handiagoa besterik ez digu ematen, gure militantzian berresteko osagai berriak, eta, beraz, jardun militantearekin jarraituko dugu. Ez gara kriminalak; militanteak gara, eta ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste epairik. Makurtu nahi bagaituzte, oker dabiltza. Borroka gehiagorekin erantzungo diogu faxisten sententziari, ez izan zalantza izpirik.