Konponbide prozesua

Milakabilaka gustura da orain arte jaso duen babesarekin

Ekaina bukaera bitartean 20.000 argazki eta mila herri elkarteren sinadura biltzeko asmoa daukate. Laster bloga sortuko dute.

2007ko apirilaren 13a
13:44
Entzun
"Milaka herritarren ahalegina ari gara garatzen errespetuaren alde, prozesu eta konponbide demokratikoaren alde". Halaxe definitu du gaur Milakabilaka herri ekimenak orain arte egin duena. Urte hasieran sortu zuten ekimena, "bake prozesuaren krisialdia nabarmena zelarik", eta jende askoren babesa izan dutela esan dute.

Euren deialdia "herritarrentzat" da, eta atxikimenduak biltzen segituko dute, Milakabilakaren beraren kamioian eta herrietan egindako argazki bidez. Ekaina bukaera bitartean 20.000 argazki eta mila herri elkarteren sinadura biltzeko asmoa daukate.

Milakabilakak herriz herri kamioia martxan jarri zuen eta honek bere ibilbidea segituko du datozen egunetan: bihar Sartagudan (Nafarroa) izango da, hilaren 18an Ordizian (Gipuzkoa), 21ean Bilbon, 26an Gernika-Lumon (Bizkaia), 28an Baigorrin (Nafarroa Beherea)... Milakabilakakoek iragarri dutenez, kontzertuak ere antolatzen ari dira, arte erakusketak, egun-pasak...

Gainera, laster bloga izango dute (www.milakabilaka.org). Hainbat lagunek eguneratuko dute: Jon Maiak, Gari Berasaluzek, Victoria Mendozak, Amparo Lasherasek, Amaiur Lujanbiok, Didier Rougerrek...

"Euskal Herriari errespetua izateko eskatzen dugu, errespetua herritar guztien eskubide guztiei, eta ezagutu dezagun, behingoz, zein den herritarron erabakia, denon artean huraxe gauzatzeko", diote herri ekimeneko kideek, eta beharrezkotzat jo duten herritarren babesa jasotzea, alderdi politikoei "eskertzeko" exijitzeko, "eta gatazkaren iturburua den arazo politikoa konpontzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.