Milaka zorion esku

Sorionekuak egitasmoak deituta, jendetza elkartu da Iruñean: 10.000 pertsona, antolatzaileen esanetan. Euskara nafar guztiena dela aldarrikatu dute, jai giroan

Haurrentzako ekitaldiak antolatu zituzten goizean, Taconeran. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Batzuek pentsatzen dutenaren kontrara, euskara ez da inondik heldu: euskara hemen zen, euskara hemen da. Eta izango da». Jendetzak txalo zaparrada batekin hartu zituen Saioa Cresporen hitzak, manifestazioaren bukaeran. Tuterako Argia ikastolako zuzendariak (Nafarroa) mezu argia eta zorrotza bidali zien euskara «toponimia hutsa» edo «museoetan gordetzeko pieza» izatera mugatu nahi dutenei: «Euskara gure bizitza blaitzen duen ezinbesteko elementua da [...]. Euskara parkeetan eta kaleetan dagoelako, tabernetan, gure arteko solasaldietan, eskolan, kirolean, kulturan, aisialdian; finean, gure egunerokoan dago, gure bizitzan».

Euskara, miretsi bainoago, erabili behar dela, eta horretarako aukerak eta baliabideak behar direla aldarrikatu zuten atzo milaka lagunek Iruñeko kaleetan, Sorionekuak egitasmoak deituta. Zehazki, 10.000 pertsona batu ziren deialdira, antolatzaileen esanetan. Atzokoa, ordea, manifestazioa baino gehiago izan zen: egun osoz, Iruñea festaren koloreez margotu zuten sorionekuek.

Goizetik, jai giroa nagusi izan zen Taconera parkearen eta Basotxo kalearen ingurumarietan. Horixe izan zen sorionekuen elkargunea atzo, eta ekitaldi ugari eskaini zituzten goizez eta arratsaldez: dantzaldiak, txarangak, Irulegiko eskuak egiteko tailerrak, kale animazioa, Iruñea Kantuz, Txantreako erraldoi eta buruhandien konpartsa... Salmenta postuak ere paratu zituzten hainbat tokitan, eta erruz saldu zen Irulegiko Eskuaren logoa zeramaten elastikoak eta jertseak. Crespok bere hitzaldian esan bezala, euskararen herriak erakustaldia egin zuen hiriaren bihotzean.

Eguneko ekitaldi nagusia, baina, arratsaldeko manifestazioa izan zen. Antoniutti parketik abiatu zen mobilizazioa, txarangaren doinu artean. Ume talde batek urratu zuen bidea, Sorionekuak egitasmoaren banderola zeramatela. Atzean, manifestazioaren lelo nagusia zuen pankartari eutsi zioten manifestuaren sinatzaileek: Euskara, nafar guztiona irakur zitekeen, eta horren gibeletik, milaka lagun batu ziren euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Hamaika doinu eta kolore

Ibilbide motzeko manifestazioa izan zen: Antoniuttiko patinaje pistatik, Gaztelugibel kalea hartu zuten manifestariek, eta Pio XII.aren etorbidea zeharkatuta, Taconeraraino eta Basotxo kaleko gune nagusiraino joan ziren. Ibilbide motzekoa, baina alaia eta koloretsua. Zenbaitetan, sanferminetako kalejira jendetsu bat zirudien, ohiko manifestazioa bainoago. Izan ere, txarangaren doinuez gain, mobilizazioa kolorez jantzi zuten momotxorroek, hartzak, jentilek eta euskal mitologiako beste zenbait pertsonaiak.

Beste talde batzuek ere bat egin zuten sorionekuen deialdiarekin, eta bakoitzak bere aldarrikapen propioak eraman zituen festara: Gora aniztasuna! irakur zitekeen EH 11 Kolore ekinbidearen pankartan; Hordago taldeak, berriz, zonifikazioaren aurkako eta euskararen ofizialtasunaren aldeko mezua nabarmendu zuen.

Basotxo kalera iritsita, hitza hartu zuen Crespok, Sorionekuak manifestuaren sinatzaileen izenean. Euskara «kanpotik ekarritako» elementu gisara tratatzen duten diskurtsoak arbuiatu zituen Tuterako ikastolako zuzendariak: «Nafarroa euskara da, eta euskara, Nafarroa», laburbildu zuen. «Abestian esaten zen bezala, Nafarroa euskararik gabe ez da arraroa, sorionik gabe, ez da arraroa: euskararik gabe, Nafarroa ez da». Horregatik, «eskubide berdintasuna» eskatu zuen euskaldunentzat: «Justizia soziala aldarrikatzen dugu, ez dugu besteek baino oztopo gehiago merezi». Hitzaldiaren amaieran, azpimarratu zuen euskararik gabeko Nafarroa bat ezin dela «ez ulertu, ez onartu, ezta gozatu ere», eta bertaratutako euskaltzale guztiak gonbidatu zituen «euskararen aldeko bidea batera egitera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.