Ibilian-ibilian, etxerako bidean zioen manifestazioaren leloak, eta halaxe egin zuten atzo milaka lagunek Donostiako Antiguako tuneletik Bulebarrerainoko bidea: ibilian-ibilian, euskal presoen «etxerako bidean» urratsak egiteko. Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta eragile andanaren babesarekin egin zuen bidea euskal presoen eskubideen aldeko protestak, eta eskari nagusi bat plazaratu zuten bukaeran Joseba Azkarraga eta Arantza Aldezabal Sareko bozeramaileek: euskal presoei aplikatzen zaizkien «salbuespenezko» espetxe politikak «bertan behera» geldi daitezela. Horien artean hiru eskari nabarmendu zituzten: euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea, «ezkutuko bizi osorako» kartzela zigorrak etetea eta gradu progresioei eta baimenei bide ematea. «Giza eskubideak» direla azpimarratu zuten: «Ez gara ari pribilegioak eskatzen; justizia eskatzen dugu».
[YouTube]https://youtu.be/a-ojdIduJ_4[/YouTube]
Antolatzaileen arabera, 25.000 lagun batu ziren atzo Donostian egindako protestara, eta hurrengoaren deialdia egiteko baliatu zuen Sarek. Urtarrilaren 8rako manifestazio jendetsua iragarri du: «Egun horretan berriro bete behar ditugu kaleak». Orduan ere euskal presoen eskubideak «urratzeari uzteko» eskatuko dute, eta salbuespenezko neurriak hartzen edo mantentzen dituzten instituzioei eginen diete deia: «Ozen entzun behar gaituzte denbora luzez aplikatu den eta pertsona askori eta askori hainbeste sufrimendu eragin dien salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko ahalmena duten instantzietan».
Arratsaldeko lauretarako Antiguako tunelaren aldamenean dagoen begiratokian elkartuak ziren alderdi politiko, sindikatu eta eragileetako ordezkariak atzo. Han ziren, bertzeak bertze, EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu-ko politikariak; Hego Euskal Herriko sindikatu guztietako ordezkariak; Etxerat eta Bake Bidekoak; baita hainbat pertsona ezagun ere: tartean, Alaia Martin bertsolaria, Iñaki Artola pilotaria, Iñigo Iruin abokatua, Amalur Alvarez Gure Esku-ko kidea eta ezker abertzaleko kide ezagun ugari. Preso egondako politikari katalanek piztu zuten ikusminik handiena, halere: txalo zaparrada handiz hartu zituzten ibilbide osoan.
Izan zen, ordea, manifestazioa arbuiatu zuenik ere: Covite ETAren biktimen elkarteak bi pankarta zintzilikatu zituen Antiguako tuneletik beheiti, manifestazioaren burua azpitik pasatu bezain laster. Banderola zurietan gurutze gorriz ezabatuak ageri ziren beltzez idatzitako gudariak eta preso politikoak mezuak, eta, horien partez, hiltzaileak eta preso hiltzaileak hitzak zituzten idatziak. Beheitian zeuden manifestariek «euskal presoak etxera» oihukatuz eta Kalera, kalera kantatuz erantzun zieten, eta ez zen aparteko istilurik sortu.
Bukaerako ekitaldia maiatzean zendutako Mixel Berhokoirigoin bakegileari omen eginez abiatu zuten, Txoria txori kantatuz, eta Aldezabalek eta Azkarragak «pertsona guztien eskubideak» aldarrikatuz abiatu zuten hitzartze nagusia, «salbuespenik» ez egiteko eskatuta: «Giza eskubideak ezin direlako partzelatan bereizi; ezin dira batzuk defendatu eta beste batzuk baztertu».
Aurrerapausoak, ez aski
Aldezabalek eta Azkarragak nabarmendu zuten azken urtean «aurrerapausoak» eman direla «beste espetxe politika» baten bidean. Hala, gogoratu zuten jada ez dagoela euskal presorik Herrialde Katalanetako, Andaluziako eta Galiziako kartzeletan, baina ohartarazi zuten ez dela aski: «Oraindik ehun preso inguru daude Espainiako espetxeetan, eta hogei bat Frantzian». Denak Euskal Herrira ekartzea jarri zuten hurrengo urrats gisa, eta oro har «legeria arrunta» aplikatzea: «Ezkutuko bizi osorako kartzela zigorrak eragotziko dituen legeria, euskal presoen eskubide diren gradu progresioa eta espetxeko baimenak ahalbidetuko dituena». Zehaztu zutenez, izan ere, espetxe politika «arrunta» aplikatuz gero etxean egon beharko lukete euskal presoen «heren batek baino gehiagok».
Eusko Jaurlaritzari ere egin zioten deia. Izan ere, urriaren 1az geroztik haren esku dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen eskumena, eta, Sareren hitzetan, «haren esku du espetxe politika humanista eta errepresiorik gabekoa garatzeko aukera». Hori «gauzatu» ahal izateko, ordea, «konfrontazio antzuak baztertzeko» deia egin zien «guztiei», elkarlanerako eskua luzatuta: «Hori bada —eta hala izatea espero dugu— espetxe politika berri hori garatuko dutenen aukera, ondoan izango gaituzte, laguntzeko; baina, hala ez bada, hor jarraituko dugu bidezko bakea lortzeko, ausardia, justizia eta humanitatea behar direla gogorarazteko».
Batzeko deia
Sareko kideek nabarmendu zuten beren «xedea» ez dela «arlo politikoaren jardunean lehian» sartzea: «Sare batzeko baino ez dago». Era berean, «errespetua» adierazi zieten «indarkeria mota guztien biktimei», eta «haien mina aurkariaren kontrako jaurtigai politiko gisa» erabiltzea gaitzetsi zuten. Sarek uste du, hain zuzen, «bateragarria» dela «edozein indarkeriaren biktimekiko errespetua» eta «askatasuna kendu zaien pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea» eskatzea.
«Azken bizpahiru urteetan» egindakoaren «baliorik garrantzitsuena» gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren «adostasuna gauzatzea» izan da, Sareren hitzetan, eta «adostasun» horri eusteko deia egin zuten atzo, horrek aukera emanen duelakoan «Madrilgo eta Parisko gobernuen aurrean euskal gehiengo politikoaren % 80k eta euskal sindikatu guztien adostasunak emandako babesarekin aurkezteko». Sarek uste du hori dela haien «indarra», kalean elkarturiko «milaka eta milaka herritarrekin» batera: «Ibilia dugu bidearen zati handi bat». Mobilizatzen segitzeko deia egin diete herritarrei.