Lindano kutsadura Bizkaian. Lemoizko kasua

Milaka tona lindano daude Lemoizko zabortegi zahar baten azpian lurperatuta

Jaurlaritzak 1989tik dauka lur kutsatu horren berri. Mungiako Udala aurreko astean hasi da lanean kutsatutako gunean, Jaurlaritzak egindako eskaera bati erantzunez. Inguruko erreketako uretan ere lindanoa topatu du URAk. Bideoa, albistearen amaieran.

Milaka tona lindano daude Lemoizko zabortegi zahar baten azpian lurperatuta.
Amagoia Mujika Tolaretxipi, Iñaki Petxarroman
Lemoiz
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
2017an, Ekologistak Martxan-ek salaketa bat jarri zuen Larrezabale zabortegi zaharrean (Lemoiz, Bizkaia) aurkitutako lindano arrastoen inguruan, bazterrotan zebiltzan mendizale batzuek ohartarazita. Taldeak berriki ohartarazi du bi urte hauetan erakundeek ez dutela «ezer» egin, eta «kautelazko neurriak» eskatu ditu berriro ingurua garbitzeko. Jakinarazi du, jaso dituen informazio batzuen arabera, 10.000 bat tona daudela Jatako Larrazabale eremuko zabortegi ohiaren azpian. Orubeko errentariak kazeta honi baieztatu dio zuzena dela kalkulu hori, alegia, 10.000 tona inguru lindano daudela jadanik hazita dagoen eukalipto sail baten azpian, beste milaka tona zaborren artean nahastuta. Gaineratu duenez, 2011n, kutsadura kontrolatu eta lurzorua iragaitz egiteko proiektu bat aurkeztu zuen. Jaurlaritzak oniritzia eman zion, baina, baldintza administratiboek trabatuta, egitasmoak ez du aurrera egin.

1980ko hamarkadara arte erabili zuten Larrazabaleko zabortegi hori, eta Jatako hondakindegiaren alboan dago, ia 90.000 metro koadroko orube batean. Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren 1989ko agiri ofizial batek jasota dauka inguru horretako lindano kutsadura. Hala dio, zehazki: «Mungiako Udalak eta inguruko enpresek isurtzen zituzten materialak zabortegi horretan. Lindano isurketa aipatzen da. Sua ematen zitzaien isuritako zaborrei».

Hamarkada horretatik hona, ordea, ez dute ezer egin ingurua lehengoratzeko eta kutsadurari aurre egiteko. Duela bi urte, Ekologistak Martxan-ek jarritako salaketa horren harira, Ertzaintzak plastikozko hesi bat jarri zuen sailaren sarreretako batean. Aurreko astera arte ez da oztoporik izan hara sartzeko.

Lurreko errentariak eta ekologistek kalkulatu dute 30.000 metro koadro lur daudela kutsatuta. Lindanoa Barakaldo eta Erandioko bi fabrikatan ekoitzi zuten 1990eko hamarkadara arte, nekazaritzan pestizida moduan erabiltzeko, eta milaka tona HCH hondakin toxiko isuri zituzten kontrol gabe Bizkaiko eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan. 40 urte ondoren, oraindik azaltzen ari dira isurketa horien arrastoak. Esate baterako, duela bi urte Gasteizko Gardelegiko zabortegian ere HCHa topatu zuten, eta hango udalak iragarri zuen zortzi milioi euro inbertitu beharko dituela hura kontrolatzeko. Santurtzin ere 1.000 tona lindano aurkitu dituzte azken urteotan, Etxeuliko zabortegi zaharrean.

Javier Vazquez Ekologistak Martxan-eko kideak salatu duenez, «lekukotasunak eta agiriak ditugu Jatan izugarrizko isurketa gertatu zela erakusten dutenak, eta okerrena da administrazioak badakiela». Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak gertatutakoaren ardura egotzi dio Mungiako Udalari. «Gobernuak bere eskuduntza bete du. Lindanoz kutsatutako lurzoruei dagokien txostena zabaldu, eta zabortegiaren arduraduna den Mungiako Udalaren esku utzi du eremu horretan hartu beharreko kontrol neurrien zerrenda».

Alegia, ingurua hesitu, lixibatuak birbideratu eta isurketa gertatu zen ingurua inpermeabilizatzeko eskatu dio. Ingurumen Sailak jakinarazi du, gainera, zigor prozedura bat zabaldu aurreko tramiteetan hasi dela, Mungiako Udalak ez dielako erantzun egindako ohartarazpenei. «Hilabete honetan jakinarazi zaio Mungiako Udalari zigor txostena ireki aurreko ekintzak hasi ditugula». Dioenez, 2018ko martxotik hainbat aldiz eskatu dio udalari egoera horri heltzeko, baina orain arte ez du halakorik egin. «Beste hilabete bat eman zaio eskatutako neurriak betetzeko».

Udalaren erantzuna

Mungiak erantzun dio gobernuari. Alegia, hark eskatutako pausoak eman dituela: obra proiektuaren erredakzioa eta lur zoruaren egoeraren aurretiazko ikerketa egitea eta beste prebentzio neurriak hartzea. Nabarmendu du ez dela geldirik egon: «Udal teknikarien iradokizunak jaso eta kontratazio publikoaren legezko izapideak beteta, beharrezko zuzenketak egin ostean, proiektua esleitzeko prozesuan dago». Ildo horretan, prebentzio neurriei dagozkien obrak uda honetan hastea aurreikusten du Mungiako Udalak. Areago, ikerketari dagokionez, Jaurlaritzak dagozkion oharrak egin dituela nabarmendu du: «Kontratazio pleguak lantzen ari gara, lizitazio publikoaren prozedura martxan jartzen eta lege prozedura betetzen».

Gaineratu du «bere esku dagoen guztia» egingo duela egungo egoera jatorrizkora bueltatzeko. Ingurumenarekiko eta kontserbazioarekiko «konpromiso irmoa» duela adierazi du. BERRIAk duela hiru aste ekin zion gai hau ikertzeari, eta aurreko astean bertan sartu ziren langileak orubera, Mungiako Udalak aginduta. Lurreko errentariaren abokatuak salaketa bat jarri du, obra horiek egiteko eta bere lurretara sartzeko baimenik ez diotelako eskatu. Aitzitik, Mungiako Udalak adierazi du lur-jabearen baimena duela lanak egiteko. Aitortu du oraindik ez dakiela proiektuak zenbateko aurrekontua duen.

Ekologistek «egoeraren larriaz» ohartarazi dute: «1 motako hondakin minbiziaren eragileez dihardugu, eta zorua, ura eta biota kutsatzen ari dira, kate trofikoaren bidez hedatuta. Eremu horretan, gainera, ohikoa da ehizan eta arrantzan jardutea». Beste kontu bat ere nabarmendu du: sute arriskua. «Basoa erretzen bada, lindanoa fosgeno bihurtzen da tenperatura handietan, eta hori da I. Mundu Gerran erabili zuten gasa jendea hiltzeko».

Kazeta honek jakin duenez, duela bi urte Bizkaiko suhiltzaileek eskatu zioten Bizkaiko Foru Aldundiari mapa bat egin zezan toki arriskutsuak identifikatzeko, baina foru erakundeak uko egin zion halakorik egiteari, eskuduntza hori ez dagokiolakoan.

Bizkaian zortzi suhiltzaile parke daude, eta lindanoa lurpean den eukalipto sail horretan sute bat gertatuko balitz, Deriokoek joan beharko lukete lehenengo. Parke horretako suhiltzaileek adierazi dute inork ez diela ezer jakinarazi Jatako zona horretan egon daitekeen arriskuaz. Baso suak direnean, maskara huts batekin joaten dira suhiltzaileak, eta prozedurak ez du aurreikusten kasu honetan erregai toxikoetarako erabiltzen diren bestelako babes materialak eramatea.

1992an Ihobek egindako plano batek agerian uzten zuen lindanoa pilatuta zegoen Barakaldoko lantegiak su hartuz gero inguruko herritarrentzat egon zitekeen arriskua. Hain zuzen ere, segundoko kilo bat fosgeno bost metro segundoko abiaduran barreiatuz gero, kilometro bateko eremuan harrapatuko lukeen jendearen %90 hiltzeko aukera aurreikusten zuen ikerketa horrek.

Uraren egoera

Ekologistak Martxan-ek kezka azaldu du inguruko erreka eta ur baliabideetan kutsadura horrek izan dezakeen eraginagatik ere. Hain zuzen ere, Jatako zabortegi horretatik eta ondoan dagoen beste zabortegi batetik —han ere lindanoa isuri zutela esan diote kazeta honi lekukoek— bi erreka jausten dira Urbietako urtegira: Artadi eta Zabala. Urbietako urtegia Lemoizko zentral nuklearraren garaian eraiki zuten, erreaktoreak hozteko sistemaren parte.

Inguruko lekukoek esan dutenez, inguruko baserritar batek utzi egin zion bere behiei urtegiko ura emateari, kalte egiten zielako. URA agentziak laginak hartu ditu berriki, eta aitortu du lixibiatuetan lindano zantzuak topatu dituela, «zabortegian metatu izan den lindanoa iturri». Hain zuzen ere, Gasteizko Gardelegi zabortegian gertatutakoaren parekotzat jo du Uraren Euskal Agentziak Lemoizko egoera. URAren asmoa da lagin berriak hartu eta analisi berriak egitea, lindano kontzentrazioaren jarraipena egiteko.

Hain zuzen ere, Iñaki Antiguedad EHUko Hidrologia katedradunak gogoratu du HCHa «hidrofoboa» dela eta erreketako edo urtegietako zati solidoetan metatzen dela: lohi, sedimentu eta zati organikoetan. «Eurite handietan mugitzen den buztina materia organiko eta sedimentuetan nahasten denean bihurtuko da bioerabilgarri. Hori urtean gutxitan gertatzen bada ere, kutsadura larriko momentua izango litzateke hori». Beraz, haren iritziz, laginak hartzeko protokoloa ezin da izan tarteka joan eta hartzea. «Bestelako prozedura bat izan behar da, zehatzagoa eta kutsadura arrisku handiko garaiak aintzat hartuko lituzkeena».

Bi errekak itsasoratzen diren Bizkaiko kostalde zatia Natura 2000 sareko parte da, eta, beraz, horri dagokion babes izaera dauka.

 

-Kutsatutako gunean izan da BERRIA:  "Goizez, zaborra botatzen zuten, eta, gauez, lindanoa"

-[INFOGRAFIA] Gaur arte dirauen iraganeko ondare toxikoa

[youtube]https://youtu.be/bCXsvbglLsc[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.