Zaldibarko (Bizkaia) zabortegira milaka tona altzairu errauts bota zituzten instalazioa amildu zen arte. Geroztik, altzairuetako zepa beltzak botatzeko beste biltegi batzuk aurkitu behar izan dituzte sektore horretako enpresek. BERRIAk eskuratu duen informazioaren arabera, Zumarragan (Gipuzkoa), Arcelor Mittalen instalazioetan, 2016tik itxita dagoen zabortegi batean aritu dira enpresa horren Olaberriko plantako hondakinak botatzen. BERRIAk duen dokumentazioak agerian utzi du gutxienez urtebetez jardun direla horretan, 2021eko martxotik aurtengo martxora arte. Gaur egun utzi egin diote errautsak botatzeari, baina makinak lur mugimenduak egiten ari dira bertan.
EH Bilduko Zumarragako zinegotzi taldea jabetu zen iaz kamioi andana sartzen ari zela Zumarragako Arcelor Mittalen instalazio horietara errautsak botatzera, nahiz eta lantegi horren jarduera geratuta zegoen 2016tik. Urte hartan, jarduera amaitutzat jota, itxi osteko 30 urteko zigilatze eta behatze epe bat ireki zion administrazioak Arcerlorri, horri dagokion ingurumen baimen bateratua emanda. Zabortegian hondakinak botatzen ari zirela ohartu zirenean —2021eko azaroan—, galderak egiten hasi ziren EH Bilduko Zumarragako zinegotziak, bai Jaurlaritzan eta baita Zumarragako Udalean ere.
EH Bilduko zinegotziek BERRIAri azaldu diote nola ohartu ziren egoera horretaz. «Jabetu ginen kamioiak sartzen ari zirela hondakinak botatzera, nahiz eta lantegia itxita zegoen». Horren ondoren jakin zuten Arcelor Mittalek Zumarragako instalazio hori saldu egin ziola Hormor —Hormigones y Morteros Agote S.L.U— enpresari, baina hark ez daukala bertan aritzeko inongo baimenik, jardueraren ingurumen baimen bateratua Arcelorrek daukalako. «Horregatik galdetu genion Jaurlaritzari, eta erantzun ziguten Hormorrek baduela hondakinen garraiorako baimena. Hori gauza bat da, eta bestea da Zumarragako gune horretan aritzeko baimena izatea, eta horrelakorik ez du». Zumarragako Udalak adierazi du Hormorrek ez duela obra baimenik zabortegian isurketak egiteko.
Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaileek azken hilabeteotan hainbat errekerimendu egin dizkiote Arcelor Mittali zabortegi horren harira. Besteak beste, dauzkan egonkortasun arazoak konpontzeko eskatu diote, zigilatzean atzemandako akatsak zuzentzeko. Euste hormetan ikusi dituzten arrakalen berri eman diote, eta zabortegiaren segurtasunerako plan bat eskatu diote enpresari. Horri erantzunez, iazko uztailaren 23an enpresak txosten bat aurkeztu zion Jaurlaritzari, aitortuz instalazioak egonkortasun arazoak dituela: «Egindako ikerketak ondorioztatzen du estaltze geruzak errefortzu bat behar duela egonkortasuna ziurtatzeko».
Segurtasun faktore ahula
Hain zuzen ere, Lurgintza ingeniaritzak egindako azterketa bat hartu zuen Arcelorrek horretarako oinarritzat. Ikerketa horretan, teknikariek agerian utzi zuten zigilatzearen mantentzea eskasa zela eta euste hormetan eta ezpondetan segurtasun faktorea ahulagoa dela beharko litzatekeena baino. Halaber, zabortegiaren estaltze geruzaren gune batzuk zartatuta daudela eta hainbat gunetan arrakalak agerian direla ere jakinarazi zuten. Funtsean, arau hauste horien larritasuna «moderatutzat» jo du Lurgintzak, Jaurlaritzari bidalitako dokumentazioetako batean.
Aipatzekoa da, esate baterako, Zaldibarko zabortegia amildu zela zituen egonkortasun arazo larriengatik. Halako instalazioen segurtasun faktoreak gutxienez 1,50ekoa izan behar du egoera normalean, eta 1,30ekoa saturazio egoeran. Zumarragan, ezponda guztietan, 1 ingurukoa da segurtasun faktorea drainatze egoki batekin, Lurgintzaren ikerketaren arabera. Saturazio egoeran, berriz, 0,91 eta 0,89 artekoak ziren bost ezpondetako segurtasun faktoreak. Zaldibarren, esate baterako, segurtasun faktorea 1 zen amildu zenean, peritu ikerketek agerian utzi zutenez.
Egonkortasun arazo horien berri eskuetan, Jaurlaritzak Arcelor Mittali agindu zion sendotze proiektu bat egiteko 2022ko azaroaren 30a baino lehen. Eta ohartarazi zion «zigilatzearen osotasuna, kanal perimetralen funtzionamendua eta zabortegiaren egonkortasuna arriskuan jar ditzaketen jarduerak burutzea debekatuta» dagoela. Hori ez egitea «arau hauste larria» litzatekeela ere azaldu zion, eta 200.000 euro arteko isuna ekar lezakeela.
Hori izan zen Jaurlaritzak enpresari egin zion laugarren errekerimendua, aurtengo martxoaren 9koa, eta, ohartarazpen tonu zorrotzenekoa izan arren, aurrez egindako beste hiruretan ere agerian utzi zuen ingurumen baimen bateratuaren arauak urratzen ari zirela.
Horrekin batera, instalazioen salmentaren berri izanda, Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendari Javier Agirrek sinatutako laugarren errekerimendu horrek ohartarazi zuen indarrean den legeriaren eta ingurumen baimen bateratua betetzearen arduradun bakarra Arcelor Mittal dela. Ohartarazpen horren ostean utzi egin zioten Zumarragako zabortegira errautsak botatzeari.
Nolanahi ere, zabortegiaren egonkortasuna eskasa zela bazekiten arren, gutxienez urtebetez aritu ziren altzairuetako zepak botatzen Zumarragan. Jaurlaritzak bazuen horren berri, errekerimendu horietako batean ohartarazi baitzuen horretaz.
EH Bilduren taldearen galderei erantzunez Zumarragako Udaleko Hirigintza teknikariak aurtengo martxoaren 21ean kaleratutako ebazpen baten arabera, Hormigones y Morteros Agote S.L.U enpresa ari zen eremua erabiltzen altzairu hondakinak botatzeko. Alabaina, teknikariak zioen ez zuela eremuaren jabetzaren aldaketaren berririk.
Aitortu zuen, halaber, Arcelor Mittalek udalari kontsulta egin ziola zabortegiko orubea bereizteari buruz. Udalak, baina, erantzun zion arau subsidiarioek ez zutela aukerarik ematen halako industria instalazioak bereizteko. Txostenak zioen inork ez ziola udalari jakinarazi jardueraren titulartasuna aldatu zela. Aitortu zuen, hala ere, Ordiziako notarioaren aurrean sinatutako idatzi batek frogatzen duela Arcelor Mittalek lur eremua saldu ziola Hormorri, eta udala 2021eko uztailaren 21eko diru bilketan ohartu zela horretaz. Txostenean, hirigintza teknikariak zioen Jaurlaritzak bazuela salerosketa horren berri.
Gobernua eta udala, mokoka
Barne agiri eta adierazpen batzuetan ikusten da egoera honek deseroso jarri dituela bai Zumarragako Udala eta baita Eusko Jaurlaritza ere. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gai honi buruz galdetu zion Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari urte hasieran. Erantzunetan Tapiak aitortu zuen bazekiela enpresa hori zepak botatzen ari zela Zumarragako zabortegian, baina gaineratu zuen horretarako obra baimena ematea ez zegokiola Eusko Jaurlaritzari.
Udaleko Hirigintza teknikariak erantzun zion Tapiari. Zioenez, Arcelor Mittalek eta Hormorrek udalean egindako eskaera banari —partzelaren zati bat bereiztea galdegin zuen Arcelorrek, eta ke araztegietako instalazioaren eraisketa egitea, berriz, Hormorrek— ezetz erantzun zien udalak. «Ingurumen organoa da —Jaurlaritzari buruz ari da— zabortegiaren jarduera baimentzen duena, bai materialen joan-etorria eta gaien ezaugarriak kontrolatzen dituena, eta baita airera joaten diren isurketa posibleak ere». Areago, udal txostenak «harrigarritzat» jo du Jaurlaritzaren jokaera: «Zigilatze eta itxi osteko fasean dagoen zabortegi bat izanik, Jaurlaritzak, jakinda Olaberriko Arcelor Mittaleko plantako zepa beltzak botatzen ari zirela, ez jakinaraztea ezer udal honi, zeina, euren arabera, obra lizentzia emateko arduraduna den».