Milaka pertsona batu ditu Gernika-Palestina mugimenduak eguerdian, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta Israel egiten ari den «humanitatearen aurkako ekintzak» eta «genozidioa» salatzeko. Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotan sakabanatuta egin dituzte elkarretaratzeak, guztiak udaletxeen aurrean, eta ehunka pertsona batu ditu Bilboko deialdiak, esaterako. Etengabeak izan dira oihuak bertan: «Boikot Israel, Palestina askatu»; «Estatu sionista, estatu terrorista»; eta «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile» izan dira ozenen entzun diren aldarrietako batzuk, eta, ondoren, gainerako herrietan egin bezala, Irati Jimenez idazleak idatzitako testua irakurri dute Bilbon ere. Egoera urgentziazkoa dela gogorarazi du manifestuak: «Rafahn bizi duten egoera lazgarriak premiazko erantzuna eskatzen du».
Gernikako bonbardatzea gogoratu dute lehenik; nola suntsitu zuten faxistek, eta, ondoren, suntsipen haren egiletzari buruzko gezurrak nola zabaldu zituzten. «Gernikak ez du gertatu zitzaiona ahaztu, eta historiaren tribunalaren aurrean frogatu du herri txiki batek gezur handi bati aurre egin diezaiokeela». Eta, testuaren arabera, orain, Palestina da historiatik «erauzi» nahi duten herria.
«Ez dugu defentsarako eskubidearen izenean onartuko, ez dugu engainu horretan parte hartuko, ez dugu Palestinako herria iruzurraren eta engainuaren aurrean entregatuko». IRATI JIMENEZ Idazlea eta elkarretaratzeetan irakurri den testuaren egilea
Hala azaldu dute elkarretaratze amaieran irakurritako testuan: «Basakeria hori bizitzea zer izan daitekeen ez dakigu, baina badakigu basakeria zer den. Eta ez diogu beste izenik emango. Herri oso baten erauzketari genozidioa deituko diogu. Okupazioa okupazioa dela esango dugu». Israelek ospitaleak, unibertsitateak eta eskolak suntsitu dituela ere izan dute gogoan, bai eta Palestinan hildako haurrak ere, eta, horregatik, manifestazio amaierako irakurketaren arabera, uko egin diote horri «zibilizazioa» deitzeari ere. «Ez dugu defentsarako eskubidearen izenean onartuko, ez dugu engainu horretan parte hartuko, ez dugu Palestinako herria iruzurraren eta engainuaren aurrean entregatuko».
Erantzuteko beharra ere nabarmendu du manifestuak. «Humanitatearen kontrako krimen honen aurrean ezer egingo ez bagenu, geure humanitatea bera entregatuko genuke». Horregatik, babesa azaldu diete munduan hedatzen ari den Palestinaren aldeko ikasleen mugimenduari, eta astelehenerako deitu dituzten protestetara joateko deia egin dute. Ikamak deitu ditu, eta Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean izango dira, eguerdiz.
«Gazan ez dago Internetik, ez dago argindarrik ez irratirik ere, eta duela hilabete izan nuen familiarekin azken hartu-emana. Inork ez daki zer moduz dauden».
YAZAN AL HAHOUD Bilbon bizi den palestinarra
Jose Moralesek irakurri du testua euskaraz, baina gazteleraz eta arabieraz ere irakurri dute, ondoren. Hain zuzen ere, Yazan Al Hahoud gazatarrak irakurri du arabierazko itzulpena.
Kontzentrazioa amaitu ostean azaldu duenez, bost urte daramatza Bilbon lanean, eta «tentsio handiz» bizi ditu sorterritik iristen zaizkion albisteak. Izan ere, Gazan du familia, eta ez du haien berri handirik. «Ez dago Internetik, ez dago argindarrik ez irratirik ere, eta duela hilabete izan nuen haiekin azken hartu-emana. Inork ez daki zer moduz dauden, non dauden edo non egiten duten lo». Egoera estu horretan, horregatik, eskerrak eman dizkio Gernika-Palestina herri ekimenari gaurkoaren gisako ekintzengatik.
Nyx hoteleko ekintza
Kontzentrazioak ez ezik, bestelako ekintzak ere izan dira goizean. Bilbon, esaterako, sei pertsona igo dira Nyx hotelaren aurrealdera. Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota zioen pankarta bat zabaldu dute bertan. Jakinarazi dutenez, «kapital israeldarra» du hotelak, eta, motibo horregatik, orain artean ere ekintza bat baino gehiago egin dute bertan, Gazaren aurkako erasoak hasi zirenetik.
Paskinak ere zabaldu dituzte Bilboko ekintzaileek, eta, bertan gogoratu dutenez, aurreko hilean Bilboko Udalak uko egin zion Palestinaren aldeko mozio bati, eta, horregatik, hiria «interes sionistaz beteta» dagoela salatu dute. Eta Israelekin dituzten harremanak eten ditzatela eskatu diete Bizkaiko Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari zein Caf enpresari.
Jaitsitakoan, Ertzaintzak identifikatu egin ditu sei ekintzaileak.
Donostian, Gasteizen eta Bilbon ez ezik, besteak beste, honako herrietan izan dira kontzentrazioak: Etxarri Aranazen, Arbizun (Nafarroa); Agurainen, Amurrion, Laudion, Laguardian, Kanpetzun (Araba); Hernanin, Tolosan, Zumaian, Pasai Donibanen, Alegian, Errenterian, Lezon, Irunen, Hondarribian, Arrasaten, Zarautzen, Eibarren, Urretxun, Zumarragan eta Mutrikun (Gipuzkoa); Bermeon, Gernikan, Ean, Muxikan, Berrizen, Durangon, Iurretan, Zaldibarren, Erandion, Sopelan, Berangon, Leioan, Itzubaltzetan, Plentzian, Bakion, Mungian, Meñakan, Larrabetzun, Diman, Ugaon, Basaurin, Bilbon, Lekeition, Ondarroan, Sestaon, Santurtzin eta Sodupen (Bizkaia).