Iruñean eta Bilbon tolestuta dirudite gaur egunkariaren orriek. Europako Parlamenturako hauteskundeen bezperan, Palestinaren aurkako erasoak eten daitezela eskatzeko manifestazio jendetsua egin dute Gernika-Palestina deialdiak eta Yala plataformak hala Bilbon nola Iruñean, eta, beraz, bi hiri horietan egin dute bat politika orrietako, nazioarteko zein Euskal Herriko aktualitateak. Deialdi bateratua egin dute Genozidioa stop! Europa ez izan konplize lelopean, eta bi zati izan dituzte mobilizazioek. Iruñean Golemetik eta Bilbon udaletxetik hasita, manifestazioa egin dute lehenik, eta, besteak beste, lelo hauek oihukatu ditu jendeak ozenen: «Gora palestinar herriaren borroka»; «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile»; «Hildako haur bakoitza gure haurra da». Eta, ondoren, performance isila egin dute ibilbidearen amaieran, Antoniutti parkean Iruñean eta Guggenheim museoaren inguruan Bilbon. Gernikako sirena entzun da bozgorailuetan lehenik, eta, antolatzaileen jarraibideei jarraituz, hainbat minutuz lurrean etzanda egon dira deialdiarekin bat egin duten milaka manifestariak, begiak itxita eta isilik.
«Europako Batasunari exijitzen diogu ez dezala kolaboratu, ez aktiboki ez pasiboki, Israelgo Estatu sionistarekin».
JON MAIABertsolaria eta manifestazioko testuaren egilea
«Egiten dugun ezer ez da nahikoa izango, baina ezer ez dago soberan». Performancearen ostean, Jon Maia bertsolari eta letragileak espresuki manifestaziorako idatzitako testua irakurri dute hainbat pertsonak bai Iruñean baita Bilbon ere. «Gaurko egunez, bereziki Europako Batasunari exijitzen diogu ez dezala kolaboratu, ez aktiboki ez pasiboki, Israelgo Estatu sionistarekin. Europako Batasunari exijitzen diogu bere esku dagoen guztia egiteko basakeria hau amaitzeko. Nahikoa da!».
Mobilizazioari eta esperantzari eusteko deia egin du Maiak, testuaren bidez. «Historiaren arorik ilunenetara itzultzea edo etorkizuna defendatzea erabakitzen den bidegurutze historikoan gaude. Gure mundualdiko garai erabakigarri batean gaudela jakitun gara».
Gosea eta eritasuna
Euskaraz, gazteleraz eta arabieraz irakurri dute Maiaren testua, eta, Iruñean, Ola Arafat gazatarra izan da arabierazko irakurlea. Israelek bonbardaketak hasi zituenetik galdu dituen senideez aritu zaio BERRIAri, irakurketa hasi aurrean. «270 egun baino gehiago dira erasoak hasi zirela, eta senide asko galdu ditut. Familiaren parte handi bat hil da. Egunero jasotzen ditut berriak, eta denak dira txarrak. Gaur jakin du bizirik nituen nebak non dauden. Al-Nuseirateko errefuxiatuen esparruari eraso egin dio Israelek, eta ehunka hildako izan dira, eta jakin dut justu nire nebek kanpalekua zuten lekuan egin dituztela eraso horiek. Era guztietako armak ari dira erabiltzen: bonbak, erasoak, gosearen arma eta osasunaren arma ere bai. Ez dago zaurituak sendatzeko sendagairik, eta horrek esan nahi du erasoetan hiltzen ez direnak eritasunak hilko dituela».
«Era guztietako armak ari dira erabiltzen: bonbak, erasoak, gosearen arma eta osasunaren arma ere bai. Ez dago zaurituak sendatzeko sendagairik, eta horrek esan nahi du erasoetan hiltzen ez direnak eritasunak hilko dituela».
OLA ARAFATNafarroan bizi den gazatarra
Bestalde, gobernuei «presioa» egin behar zaiela adierazi du Lidon Soriano Nafarroako Yala mugimenduko kideak hedabideei egindako adierazpenetan. Gogoratu du Israelek nazioarteko araudia apurtu arren oraindik ez duela zigorrik jaso, eta horregatik aipatu du gobernuei egin beharreko presioa. Orain arteko keinuak ez dira nahikoak, Sorianoren hitzetan, eta eskari zehatza egin die agintariei: «Eten ditzatela harremanak Israelekin». Herritarren erantzuna ere hartu du kontuan. «Israelek hamarkadak daramatza apartheid eta okupazio sistema bat ezartzen, eta gizartea ari da esaten masiboki, eta ez soilik hemen baizik eta mundu osoan, hau geldiarazi egin behar dela».
«Israelek hamarkadak daramatza apartheid eta okupazio sistema bat ezartzen, eta gizartea ari da esaten masiboki, eta ez soilik hemen baizik eta mundu osoan, hau geldiarazi egin behar dela».
LIDON SORIANOYala plataformako kidea