Milaka pertsona atera dira kalera Donostian, «arrazakeria» salatzera

'Elkartasunari debekurik ez' lelopean, Donostiako Udalak Egiako afari solidarioak galarazi izana gaitzetsi dute.

Kaleko Afari Solidarioen aldeko manifestazioa
Manifestazioaren hasiera. Andoni Canellada / Foku
Edu Lartzanguren.
2024ko urriaren 27a
20:12
Entzun

Jendetza batu da gaur Donostian Elkartasunari debekurik ez lelopean eginiko manifestazioan, Udalak Egiako afari solidarioak debekatu izana salatzeko.

Milaka pertsona bildu dira abiapuntuan, Egiako Blas de Otero plazan. «Faxistak kanpora» ohikatuta egin dute aurrera hiriaren erdialdera. Amaieran, udaletxearen aurrean bildu dira, Alderdi Ederren. Han, esan dutenez, «ezinbestekoa da antolakuntza antifaxista indartzen jarraitzea».

Ika-mika handia sortu du Gipuzkoako hiriburuan EAJ-PSEren esku dagoen udalak aste honetan harturiko erabakiak. KAS Kaleko Afari Solidarioak boluntario talde bat da, eta misio batekin egin du lan azken urteotan: kalean bizi direnei edo baliabiderik ez dutenei egunean otordu bat eskaintzea. Lau urtez egin dute lan horretan Donostiako Egia auzoan, arazorik gabe, baina joan zen astelehenean, PPko zinegotziak buru zituen talde batek elkarretaratze bat egin zuen janaria banatzeko lekuan, «segurtasun» eske. Afari solidarioak eta auzoan azken urteotan eginiko lapurretak lotu nahi izan zituzten elkarretaratzearen antolatzaileek.

Ertzaintzak egitasmo solidarioari sostengua adierazteko bilduriko hainbat herritar identifikatu zituen. Hurrengo egunean, «segurtasun arazorik izan ez» zedin, Egian otorduak banatzea debekatua zutela jakinarazi zien Udaltzaingoak boluntarioei.

Ostegunean bilkura egin zuten, debekua salatzeko, eta jana partitzen jarraituko zutela adierazi zuten KASeko kideek, horretarako beste leku bat bilatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.