Milaka lagunek txonbo egin dute Getxoko Ibilaldian

Antolatzaileen arabera, eguna «biribila» izan zen, eta herritarren erantzuna, berriz, «itzela». Lortutako dirua Haur Hezkuntzarako eraikin berria egiteko erabiliko dute.

Jende ugari batu zen Getxon, Bizkaiko ikastolen jaialdian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jende ugari batu zen Getxon, Bizkaiko ikastolen jaialdian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko maiatzaren 27a
09:15
Entzun

Arrakastatsua izan zen atzoko Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen jaia; Algortako San Nikolas ikastolak (Getxo, Bizkaia) antolatuta egin zuten, Txonbo! lelopean. Antolatzaileen arabera, eguna «biribila» izan zen, eta herritarren erantzuna, «itzela»: «Guztion artean egun gogoangarria antolatu eta aurrera eraman dugu».

Egitarau joria prestatua zuten antolatzaileek atondutako lau guneetan, eta, tarteka euria egin bazuen ere, horrek ez zuen zapuztu giro ona. Musika, haurrentzako ikuskizunak, dantza erakustaldiak eta bestelako ekitaldiak egon ziren egun osoan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduik, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek eta Getxoko alkate Amaiak Agirrek parte hartu zuten hasiera ekitaldian. Bildarratzen esanetan, «egindako ibilbidea ospatzeko» eguna zen atzokoa, bai eta «etorkizuna ilusioz irudikatzekoa» ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemak egindako lana goretsi zuen, eta nabarmendu ikastolak «sistema horren parte garrantzitsua» direla.

Ibilaldia
Giro ona Algortako bazter guztietara hedatu zen Ibilaldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Ikastolek ere ordezkaritza zabala izan zuten ekitaldian. San Nikolas ikastolako presidente Unai Arzubiagak «bihotza, herria, tradizioa eta berrikuntza» aipatu zituen ikastolen lanaren oinarritzat, eta Ibilaldiko lehendakari Josune Bañalesek ikastolen lana goraipatu zuen: «Ikastoletan gazte euskaldun konprometituak nahi ditugu, eraldatzaileak, ekintzaileak, arduratsuak, bihotz onekoak eta zoriontsuak. Gizarte hobea izatea dugu jomuga, eta hori lortzen ahalegintzen gara egunero».

Ikastolen Batzarra

Bañalesek gogorarazi zuen ekainaren 22an Ikastolen VII. Batzarra egingo dutela Iruñean: «Milaka guraso, irakasle, langile, ikasle eta herritar ari gara buru-belarri lanean biharko hezkuntzari, ikastolei eta Euskal Herriari ekarpena egiteko. Azken hilabeteetako lan guztiaren emaitzak ikusiko ditugu Iruñean».

San Nikolas ikastolaren Haur Hezkuntzarako eraikin berria egiteko erabiliko dute atzo lortutako dirua. Atzo arratsaldean, antolatzaileek oraindik ez zekiten ezarritako helburuak bete dituzten ala ez, baina «herritarren erantzun itzela» nabarmendu zuten.

San Nikolas ikastolak Galdakaoko Eguzkibegi ikastolari eman zion lekukoa, hark hartuko baitu bere gain datorren urteko Ibilaldia antolatzeko ardura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.