Milaka herritarrek hartu dituzte Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleak gaur, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari mezu argi bat emateko: «Ez digute balio irudi kanpainek eta promesek, egiturazko arazoetarako benetako konponbideek baizik». Osakidetzaren pribatizazioa etetea eta lehen arreta lehenestea exijitu diote Osasun Sailari. Finean, eredua aldatzeko eskatu diote, prebentzioa eta osasuna sustatzea oinarri hartuta.
OPA Osasungintza Publikoa Aurrera herri plataformak ez du etsi: osasun ituna adosteko mahaian egoten utzi ez dioten arren, kalera jo dute berriz. Bereziki, gaur. Manifestazio jendetsuak egin dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Osasun publikoaren defentsan, promesa gehiagorik ez! Konponbide errealak orain! lelopean.
Arratsaldean egin dute Donostiakoa, eta hiriaren erdialdea txiki geratu da. Herriz herri eta auzoz auzo antolatzen dira osasun publikoaren aldeko herri plataformak, eta indar handia erakutsi dute gaur. «Lehen arreta indartu», «osasun publikoa defenda dezagun» eta «osasuna ez da negozioa» leloak oihukatu dituzte herritarrek, Donostiako kaleetan zehar zebiltzala.
«Aurreko gobernuak esaten zigun Osakidetzak ez zuela arazorik, gero, aldiz, esaten ziguten baietz, badituela. Orain esaten digute dena konpontzeko bidean dela. Gu herritarren ondoan gaude, eta badakigu hori gezurra dela. [Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako] Osasun sailburuari zera esan nahi diogu: promesa gutxiago, eta ekintza gehiago. Erreparatu diezaiotela errealitateari. Itun eta argazki gutxiago, eta errealitate gehiago», adierazi du Kontxi Rebollok Bulebarrean, plataformen izenean, manifestazioa hasi aurretik.
Osasun eskubidea
Askatasunaren etorbidea alde batetik bestera bete ostean, Bulebarrera itzuli dira. Kioskoaren inguruan biltzen hasi dira. «Sartu, sartu. Plaza bete behar dugu. Ikus dezala Osasun sailburuak zenbat gauden hemen», esan die Rebollok manifestariei. Kioskoaren ingurua leporaino bete dute. Osasun eskubidea defendatzea da haien xedea, eta gaur argi utzi dute horrelakorik ezin dela bermatu doako eta kalitatezko osasun sistema publiko, sendo eta unibertsal bat izan gabe.
Donostiako manifestazioa bukatzean, Arantxa Corralesek eta Jon Irastorzak hartu dute hitza, eta plataformen izenean hitz egin diete manifestariei; mintzaldia bera izan da Bilbon eta Gasteizen ere. Lehen arretaren egoeran egin dute azpimarra: «Osasun publikoa desegiteko eta pribatizatzeko estrategia baten parte dira lehen mailako arreta murriztea eta azpifinantzatzea, langile falta, lan kargak eta lan prekaritatea, medikurik gabeko osasun zentroak, herritarrek beste udalerri batzuetara joan behar izatea artatuak izateko, larrialdiak kolapsatuta egotea eta pazienteak korridoreetan artatzea. Horrek hondatzen du zerbitzuaren kalitatea».
Ikusi gehiago
Oso kritiko azaldu dira Osasun sailburuaren inguruan: «Marketin kanpaina intentsiboa» garatzen aritzea leporatu diote. Izan ere, nabarmendu dute sailburuak itxaron zerrendei buruz aditzera eman dituen datuak «manipulatuta» daudela, helburu batekin: «Herritarrak nahastea eta desmobilizatzea». Horregatik, «gardentasuna» eskatu diote, eta itxaron zerrenden kontrol publikorako modua eman dezala.
Arreta, okerrera
Arretaren kalitatea okertu dela ohartarazi dute: «Errealitate gordina zera da, kopuruak oraindik pandemia aurrekoak baino handiagoak direla, arreta espezializatutan 19 hilabete baino gehiagoko itxaron zerrendak daudela —familia medikuntzan aste batekoak—, eta agendak zamatu direla; batez ere, familia medikuntzan: lan zama handitu da, eta, arreta denbora, murriztu».
Beste datu batzuei ere erreparatu diete: osasun sistema publikoak klinika pribatuetara bideratutako pazienteen datuei. Osasun sailburuak duela pare bat hilabete iragarri zuen %65 murriztu direla, baina, plataformen ustez, hori aurrekontuetan islatu beharko litzateke. «2024ko eta 2025eko aurrekontuetan klinika pribatuetara bideratutako diru kopurua handitu egin da. Beste behin, diru publikoaren ehunka milioi enpresa pribatuetara joango dira, eta ez da kasualitatea, Osasun Saileko eta Osakidetzako goi kargudunak bertan kokatzen baitira. Ate birakarietan ez dago murrizketarik», salatu dute.

«Ate birakariez» hitz egitean Gotzone Sagardui Osasun sailburu ohiaz ari dira, besteak beste; Gasteizko klinika pribatu batean ardura postu bat eman berri diote. Plataformen ustez, «Sagarduik iragarritako planek bere horretan diraute», eta horregatik azaldu dira kritiko osasun ituna adosteko prozesuaren inguruan: «Inoiz baino beharrezkoagoa da presio sozialari eustea, eta erantzule politikoei, sindikalei eta sozialei eskatzea beharrezkoak diren egiturazko aldaketak jorratzeko, eta aldaketa estetikoak gainditzeko».
Ildo horretatik, plataformek ahoan bilorik gabe zerrendatu dituzte haien ustez Osakidetzak behar dituen egiturazko aldaketak: zerbitzu gehiago ez pribatizatzea eta jada pribatizatutakoak publifikatzea, lehen arreta lehenestea, itxaron zerrendak murriztea eta lantaldea egonkortzea.
Aurrez aurreko arta
Lehen arretari dagokionez, aurrez aurreko arta eman behar dela eskatu dute, eta kupoek gomendatutakoak izan behar dutela. Kontsulten denborari ere neurria jarri diote: «Kalitatezko arreta bermatzeko nahikoa denbora duten kontsultak exijitzen ditugu».
Gaineratu dute ez litzatekeela «euro bat ere» jarri beharko klinika pribatuetarako, eta defendatu dute lantaldea egonkorra izatea eta lan baldintza duinak edukitzea.
Manifestazioek hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalen babesa jaso dute, eta haiei denei eskerrak eman dizkiete. Nabarmendu dute osasun publikoa defendatzeko mobilizazioak egingo dituztela aurrerantzean ere: «Herritar guztiei herri eta auzoetan antolatzeko deia egiten diegu, elkarrekin gure osasun sistemaren murrizketak eta pribatizazioa eta haien ondorioak gelditu ditzakegu. Osasuna dugu jokoan».