Sagues. Donostia. Gaur arratsaldea. Sirena hotsa. Ozen. Oso ozen. Dozenaka oinetako pare lurrean: batzuk, umeenak; handixeagoak dira besteak. Palestinan hildako pertsonak irudikatzen dituzte. Inguruan, milaka euskal herritar. Babesa ematen. Eta Israelek sufrimendua eten dezala eskatzen, Palestinako okupazioa amai dezala exijitzen. Hain zuen, Israelek Palestinako menia hautsi eta egun gutxira, jendetzak bat egin du Gernika-Palestina herri ekinaldiak gaur arratsalderako Donostian deitutako manifestazioarekin, eta bestelako eragileak ere batu dira deialdira: ELA, LAB, Steilas, CCOO, Etxalde, CGT, Solidari, EH Bildu, PSE-EE, Podemos, Ezker Anitza, EH Bai.
«Genozidioa Stop. Israel, su etena!» pankarta aurrean, eta «Sos Gaza» hizkiak ondotik. Atzean, jendetza, milaka pertsona. Alderdi Ederren hasi dute manifestazioa, eta ia ordu eta erdi behar izan dituzte Sagueseraino iristeko. Tartean, aldarrikapenak eta eskeak. Bat guztien gainetik: «Boikota Israeli, Palestina askatu!». Beste batzuk ere bai: «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile». Eta: «Ez da gerra bat, genozidioa da».
Haien ordezkari, Gernika Palestina ekinaldiaren izenean, Ibon Meñika bozeramaileak hartu du hitza: «Munduak ezin du egoera hau jasan. Ez dugu onartzen Israelgo Gobernuaren garbiketa etniko saiakera hau». Haren esanetan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari epaileen aurrean esertzea dagokio: «Haurrak, kooperanteak, kazetariak eta ospitaleak jopuntuan jarri ditu berriz ere. Hitz bakarrean: genozidioa».

Euskal Herriak elkartasuna adierazi dio berriro ere Palestinari. Elkartasuna, eta bizi duten egoeraren gaitzespena. Manifestazioaren amaieran, Josean Bengoetxea aktoreak eta Naroa Iturri kazetariak irakurri dute Jon Maia bertsolariak idatzitako testua: «Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizartearen aurkako azken erasoen aurrean, gure salaketa ozena adierazteko, 'Nahikoa da' esateko, eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik, Palestinako herriari gure babesa helarazteko». Bizitzen ari direna «jasanezina» baita: «Jasanezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean». Eta Israel ez ezik beste erantzule batzuk ere badirela nabarmendu dute: «Jasanezina da hainbat herrialderen eta erakunderen konplizitatea».
«Haurrak, kooperanteak, kazetariak eta ospitaleak jopuntuan jarri ditu berriz ere. Hitz bakarrean: genozidioa»
IBON MEÑIKAGernika-Palestina ekimenaren bozeramailea
Egoera salatzearekin batera, Palestinako herriaren eskubide legitimoak ere aldarrikatu dituzte: «Hemen bildu garen herritarrok adierazten dugu ez dugula onartuko Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik». Israelen aurka jo dute, tinko: «Irmo adierazten dugu behar den guztietan jarraituko dugula salatzen Israelen bihotz gabeko gerra politika sionista genozida eta harekin bat egiten duen ororen konplizitatea».
Protestan segitzeko deia
Aurrez egin bezala, mobilizatzen jarraitu asmo dute, eta herritarrei adi egotea galdegin diete, ez kentzeko begirik Palestinari, jarraitzeko salatzen eta konponbidearen aldeko bidea urratzen. Meñika: «Ez dugu etsiko. Palestinako herriak esperantzarako eskubidea du, eta ahotsa altxatzen jarraituko dugu, beste behin ere Gernikako herria bere ondoan senti dezan». Dagoneko jarri dituzte bi egun. Lehenengoa, martxoaren 29a, datorren larunbata: Kursaal aretoan eragile sozialekin, politikoekin eta sindikalekin ekitaldi bat egingo dute, eta elkarrekin ondu duten adierazpenaren berri emango dute bertan. Bigarrena, berriz, apirilaren 8a: «Euskal Herri osoko herri eta hiri guztietan mobilizatzeko deia egiten diogu euskal jendarteari».
Bengoetxearen eta Iturriren esanetan, badago horretarako beharra: «Palestinaren borroka justizia unibertsalaren aldeko borroka da, genozidio ororen aurkako borroka da, giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka da. Gutako bakoitzaren eta gure seme-alaben etorkizuneko munduaren borroka da».