Osasungintza

Milaka lagun mobilizatu dira osasungintza publikoaren alde Bilbon, Donostian eta Gasteizen

ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzan duten egoera «jasangaitza» salatu dute. Neurriak hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari.

Osasungintza publikoaren alde Bilbon egin duten manifestazioa, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 23a
15:13
Entzun

«Nik bai, nik sinesten dut osasungintza publikoan. Lan baldintza duin batzuengatik». Hori irakurtzen zen atzo Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioen pankartetan. Milaka lagunek Osakidetzan den egoera «jasangaitza» salatu dute gaur, eta neurriak hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, baliabideak handitzeko. Bilboko mobilizazioa izan da jendetsuena.

ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen deialdira gehitu dira EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Ezker Anitza alderdi politikoak, baita bestelako hainbat eragile ere, tartean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua eta Bizkaiko Medikuen Elkargoak.

Sindikatuen arabera, jokoan dagoena «osasungintza publikoaren etorkizuna da». Zehazki, Osakidetzari zera eskatu diote: «lehen arreta indartzeko epe luzerako plangintza sendoa». Gai hori sakon jorratu du gaurko BERRIAk. Azaldu dutenez, egoerak hobera egiten ez badu, mobilizazio gehiago deituko dituzte, eta ez dute baztertu greba egiteko aukera.

Salaketak

Manifestazioen aurretik, sindikatuek azpimarra egin dute gaur mobilizatzera bultzatu dituzten arrazoietan. ELAk, adibidez, salatu du Osakidetzara bideratzen den aurrekontua duela hamar urtekoa baino txikiagoa dela: «EAEn BPGaren %4,9 bideratzen da osasungintzara; Espainian %6 inbertitzen da, eta Europako batezbestekoa %7 da». Gehitu dute Osakidetzak langile gehiegi dituela aldi baterako lan kontratuarekin, beharginen %58.

Ikusi gehiago:Sarbide bat baino gehiago

LABek, berriz, esan du Osakidetzaren arazoa egiturazkoa dela, eta gaur egun duen kolapsoa gaitzetsi du: «Herri gisa erantzun behar diogu aurrekorik ez duen eraso global honi».

CCOOk azpimarratu du osasungintza publikoa ongizate estatuaren oinarririk garrantzitsuenetako bat dela. «Azken urteetako murrizketen ostean, ordea, COVID-19ak kolapsoa eragin du». ELAren antzera, Osakidetzan diru gutxiegi inbertitzen dela salatu du.

UGTk langileen egoera nabarmendu du, «ahituta, nekatuta eta nazkatuta» daudelako. Eta, azkenik, Satsek salatu du herritarrek Osakidetzara joateari utzi diotela: «Tentsioa geroz eta nabariagoa da ospitaleetan, eta ez dugu nahikoa langile». Urrian 4.000 behargin kaleratu izana ere gaitzetsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.