Beroa, Oiongo San Bizente ikastola eta Ika helduen euskalduntzean eta alfabetatzean diharduen euskaltegi sarea. Horiexek izan dira gaur Gasteizen Olarizuko zelaietan ospatu duten Araba Euskaraz jaiko protagonistak. Beroa, bertaratutako milaka lagunak gerizpetzera behartu dituelako; San Bizente ikastola, aurten bildutako dirua jasoko duen ikastola delako; eta Ika, Arabako Errioxan azken lau hamarkadetan egindako lanarengatik omendu dutelako.
Goizeko hamarretan hasi da festa. Hasiera ekitaldian izan dira, besteak beste, Gasteizko alkateorde Beatriz Artolazabal, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Ikastoletako ordezkarien eta agintarien hitzaldiekin batera, Maider Lasa Santamariaren abestiak eta Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko ikasleen dantza bat ere izan dira.
Ikusi gehiago
Jaia hiru gunetan banatu dute. Izan dira arte eszenikoak eta Go!azen-en karaokea; ikastoletako ikasleen erakustaldiak eta dantzak; bertsoak; haurrentzako jolas txokoa eta zenbait kontzertu: besteak beste, Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta Araba Euskaraz-en aurtengo kanta konposatu duen taldea, EH, Mertxe. Ibilbidean gaiteroak, konpartsak eta casteller-ak ere egon dira.
Hirugarren urtez egin dute Araba Euskaraz Olarizun. Urtero ikastola batek hartu arren ardura, zortzi ikastolen artean elkarlanean antolatu ohi dute jaia. Urte osoko lanari ginga jarri diote, horrenbestez, gaur. Badute eskarmentua halakoak antolatzen San Bizente ikastolan, seigarren aldia baita Araba Euskaraz antolatzeko ardura hartu dutena. Lana ez da, baina, egun batera mugatzen: iazko udazkenean ekin zioten beharrari. Gaurko jaiaren aurretik, hainbat ikuskizun, kontzertu eta jaialdi egin dituzte, guztiak ere euskaran ardaztuta, kirolarekin eta aisiarekin lotuta.
San Bizente ikastola
Oion Arabako Errioxan dago. Errioxa eta Nafarroa ditu mugakide. «Bazterretik ari gara, bazter herritik», azaldu du Roberto Gonzalez Muro Araba Euskaraz-eko komunikazio arduradunak. Baina Oiongo ikastolak «indar zentripetua» eragitea lortu duelakoan dago, «errioxarrak eta haragotik etorri berriak euskarara erakarri» baitituzte.
Berrogei urte pasatxo ditu Oiongo San Bizente ikastolak. Sortu zenean, Arabako Errioxako biztanleen %4 baino ez ziren euskaldunak, eta gaur egun lortu dute %40tik gora izatea. «Gure gogo, borondate eta grina da Arabako Errioxa euskalduna izatea, Euskal Herri euskaldun batean».