Osasun sistema

Milaka lagun atera dira kalera osasun sistema publikoaren alde

Donostian, Bilbon eta Gasteizen manifestazio jendetsuak egin dituzte, Osakidetza «desegiten» ari direla salatzeko b«Negoziatzeko borondatea» duen mahai sektoriala eskatu diote Osasun Sailari

Sindikatuek antolatutako manifestazioetan herri plataformak, pentsiodunak eta alderdi politikoak ere izan dira. Irudian, Donostiako manifestazioa. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko otsailaren 25a
12:38
Entzun

Milaka lagunek Gasteizko, Bilboko eta Donostiako kaleak hartu dituzte gaur, aldarri batekin: «Osakidetza salba dezagun».SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta SME sindikatuek antolatutako manifestazioak osasun publikoaren alde inoiz egindako jendetsuenak izan direla nabarmendu dute antolatzaileek. Donostian, esaterako, manifestazioaren burua Askatasunaren etorbidearen mutur batera heltzen ari zela, oraindik manifestariak zeuden beste muturrean. «Benetan negoziatzeko borondatea» duen mahai sektorial bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta salatu dute Osakidetza «desegiten» ari dela.

Denetariko herritarrak aritu dira kaleak aldarriz betetzen: osasun langileak, erabiltzaileak, haurrak, pentsiodunak... Tartean izan dira zenbait alderdi politikotako ordezkariak ere; esaterako, EH Bildukoak eta Elkarrekin Podemosekoak. «Osakidetza ez dago salgai», «Murrizketarik ez», «Osasun publikoa defenda dezagun» eta bestelako aldarriak entzun ahal izan dituzte kaleetan. Antolatzaileek adierazi dute ez direla soilik ari osasun sistema publikoa defendatzen: «Bizi baldintza duinak eta zerbitzu publikoak defendatzen ari gara».

Igor Eizagirre ELA sindikatuko kideak salatu du Osakidetzako langileen lan baldintzak «etengabe» kaskartzen ari direla: «Gaur, bi langiletik bat behin-behinekoa da. Horietatik 8.000k bederatzi urte baino gehiago daramate behin-behineko izaten. Gainera, egutegiak eta txandak etengabe aldatzen dituzte, eta ez dago kontziliaziorako neurririk». Maitena Larrañaga SATSE sindikatuko kideak erantsi du osasun langileak «nazkatuta» daudela. «Lehengo urtean oposizio bat egin genuen, eta Osakidetzak oraindik ez du ebatzi. Derrigortu gaitu hurrengo oposiziora aurkeztera, horrek ekartzen duen sufrimendu guztiarekin», salatu du.

«Osasungintza publikoa pribatizatzen eta desegiten ari dira, eta ez dugu onartuko. Gobernuak ez du Osakidetza ondo kudeatu nahi; jendea zerbitzu pribatuetara bidaltzen ari dira eta enpresa pribatuen irabaziak bultzatzen dituzte», adierazi du LAB sindikatuko kide Eneko Pascualek. Izan ere, «Pribatizazioari ez» izan da manifestariek gehien oihu egin duten aldarrietako bat. Eizagirrek azaldu du Gipuzkoan osasungintza psikiatrikoa pribatizatuta dagoela, eta Tolosaldean ez dagoela ospitale publikorik. Beste adibide bat jarri du Larrañagak: «Azken urteotan kirurgia zerrendak %36 baino gehiago hazi dira, eta horrek herritar asko behartu ditu aseguru pribatu bat izatera. Osasun sistema publikoa pribatizatzeko era bat da». Eizagirrek gogorarazi du Bizkaian hiru herritarretik batek aseguru pribatu bat daukala.

Langile falta

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur adierazi du Osakidetza ez dela «desegiten» ari, eta azaldu du osasun sistemaren arazoa ez dela «lan baldintzena edo diruarena». Osasun sailburuaren ustez, osasun langile falta dago: «Europa osoan ari da gertatzen». Sindikatuek, ordea, azaldu dute langileak egon, badaudela. UGT sindikatuko Yolanda Hernandezek adierazi du Osakidetza ez dela langile gehiago kontratatzen ari. «Lan gainkarga sistematikoa» ere salatu dute. Hamar urtean, langileek erosahalmenaren %20 inguru galdu dute, sindikatuen arabera.

Bilboko, Donostiako eta Gasteizko manifestazio jendetsuak amaitzean, antolatzaileek negoziatzeko eskaria berretsi diote Osasun Sailari, eta honakoa ohartarazi diote: «Egoera honetan jarraituz gero, gure mobilizazioak areagotuko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.