Giro ederrean ospatu dute Zangozan (Nafarroa) Nafarroa Oinez-en egun handia. Antolatzaileek egin duten balorazioan, nabarmendu dute azken egunetan izandako euriteek lanak zaildu dizkietela, baina azkenean ondo zeudela aparkalekuak, eremuak eta zirkuitua, eta gorabeherarik gabea izan dela jaia. «Giro bikaina izan dugu arlo guztietan», adierazi dute.
Goizean, irekiera ekitaldiarekin eman diote hasiera festari. Nagore Oria Zangozako Ikastolako zuzendaria eta Carlos Arzelus ikastolako lehendakaria arduratu dira argi zuziak pizteaz. Lau piztu dituzte, Nafarroa Oinez-en aurtengo helburu bakoitzeko bat: kalitatezko hezkuntza euskalduna, auzolana, jasangarritasun energetikoa eta baliabideak.
Arzelusek hitza hartu du jarraian, eta helburu horietako bi izan ditu hizpide, «ikastolen izaeran garrantzitsu bilakatu diren bi»: auzolana eta jasangarritasun energetikoa. «Auzolana gure balioen isla da. Eskuak, bihotzak eta borondateak elkarbanatutako helburu baten alde batzea da: euskara loratuko den eta belaunaldi berriak beren hizkuntzan, kulturan eta tradizioetan errotuta haziko diren etorkizun bat bermatzea da», esan du.
Ikusi gehiago
Ana Ollok ere hitz egin du, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak. Txalotu egin du Nafarroa Oinez aurten landa eremuan egin izana, duela 7 urtetik eremu ez-euskaldunean dagoen toki batean. «Ezin dugu ahaztu ikastolek funtsezko rola izan dutela lurraldea euskararen bidez egituratzeko, hizkuntza hezkuntza proiektuaren ardatzean jarriz. Iraganean, euskaraz ikastea ezinezkoa zenean, Nafarroako herri askotan hor egon ziren ikastolak», esan du.
Omenaldia eta lekukoa
Lekukoa emateko ekitaldian, berriz, Zangozako Ikastola sortu zuten lagunak omendu dituzte, batzarra osatu zuten gizonak eta etxea eta seme-alabak zaintzen geratu ziren emakumeak.
Horren ostean, Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak datorren urtean Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastolari pasatu dio lekukoa, Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolari. Iñaki Erroz zuzendariak eta Maider Nuin lehendakariak hartu dute.
Hiru gune
Gaurko, 3,5 kilometroko ibilbidean hiru gune atondu dituzte antolatzaileek: Piztu gunea, dantzak eta musika izan dituena; Mintzatu gunea, tailerrak eta kontzertuak eskaini dituena; eta Gozatu gunea, ikuskizunak eta kontzertu gehiago hartu dituena.
Egitaraua oparoa izan da, eta adin guztietarako ekintzak izan ditu. Kontzertuei dagokienez, oholtzara igo dira, besteak beste, Ibil Bedi, Anari, Leihotikan eta Kaleko Urdangak. Egun guztian ibilbidean zehar ibili dira, gainera, gaiteroak, txarangak, ttunttuneroak eta abar.
Ikastolen jaietan ohiko bilakatu den moduan, erronka probak ere izan du protagonismoa.
Zangozako Ikastolak ontzat jo du 2024ko Nafarroa Oinez. Eguraldia gorabehera, aparkalekuak, eremuak eta zirkuitua «ezin hobeki» egon direla adierazi dute, eta ospakizuna gorabeherarik gabe igaro dela. Giro «bikaina» egon dela arlo guztietan, alegia. Etorri direnei eskerrak emateaz gain, azpimarratu egin dute bisitariek aparkalekuetako sarreretan eta irteeretan izandako pazientzia eta antolakuntzaren jarraibideei kasu egin izana.
Zangozako Ikastolak eskerrak eman dizkie bertaratu diren guztiei. «Eguraldia lagun, iragarpena bete egin da, eta jaiaz gozatzen lagundu digute egun eguzkitsuak eta tenperatura beroek».