Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga epaitu dituzte «Baionako auzitegia andeatzeagatik»: mila euroko isuna ordaintzera kondenatu dute Torre Roca, eta Gurrutxaga, ordea, 500 eurokoa ordaintzera, gibelapenarekin. Biek uko egin diote erdaraz deklaratzeari. Horren ordez, behin eta berriz aldarrikatu dute euskaraz egiteko duten eskubidea: epailearekin minutu luzez eztabaidatu ondoan, Poliziak deitu ditu epaileak, eta bi ekintzaileak auzi aretotik kanporatu dituzte, sostengatzera jinak ziren herritarren oihuen artetik. Deliberoak, azkenekoz, bi auzipetuak gelan izan gabe iragarri dituzte.
EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi kideek bat ekintza egin zuten iazko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean: Baionako epaitegiko teilatu gainera igo ziren, eta euskararentzat justizia galdegin zuten, Justizia euskararentzat leloa idatzirik epaitegiko horman. Bi auzipetuen sostenguz, eta euskararentzat eta euskaldunentzat justizia galdegiteko eta Euskararen Errepublika defendatzeko, ehunka pertsona elkartu ziren joan den igandean Baionan, EHEk deitutako mobilizazioan.
Gaurko ere elkarretaratzera deitu zuten, eta jende saldoa bildu da 13:45ean, Baionako auzitegi aitzinean. Bi auzipetuak epaitegira sartu aitzin, oihuz, kantuz eta txaloz adierazi diete sostengua.

Ezin euskaraz deklaratu
Torre Rocak eta Gurrutxagak horien errua aldez aurretik aitortzeko modua bazuten goizean, baina ez dira joan horretarako ezarrita zegoen saiora. Automatikoki, beraz, prokuradoreak galdegiten zuen zigorrari uko egin diote: 300 euroko isuna Gurrutxagarendako, eta 630 eurokoa Torre Rocarendako. Horiek hola, prokuradorearen lehenengo zigorrari uko eginik joan dira arratsaldeko auzira ekintzaile biak.
Auzipetuei altxatzea galdegin die epaileak, eta barandara hurbildu dira. Gurrutxagari mintzatu zaio lehenik, zeinak interprete bat baitzuen, frantsesez ez dakielako; auziaren hatsarrea frantsesetik espainolera itzuli dio. Ordea, deklaratzeko aukera eman zaiolarik, interpreteari zuzendu zaio Gurrutxaga, espainolez, beraz: «Euskaraz deklaratu nahi dut. Jaso duzue prokuradoreari bidali diodan gutuna? Euskal Autonomia Erkidegoan euskara ofiziala da, eta, beraz, badut eskubidea administrazioan euskaraz egiteko»; «administrazio espainolean», erantzun dio epaileak. «Hemen ere bai», Gurrutxagak; «beste batzuek egin dute».
Epaileak argudiatu du ezin izan dutela euskaraz itzuliko zuen interpreterik atzeman gaurko, eta orduan «espainolez egin beharko» duela, «edo isilik egon». Azken hitzak egin dizkio Gurrutxagak interpreteari: «Ez baitidazue euskaraz deklaratzen uzten, ene ama hizkuntzan, lurralde honetako hizkuntzan, Euskal Herriko hizkuntzan, ez dut deklaratuko».
Torre Rocaren aldia izan da gero. Lehenik eta behin, epaileari euskaraz zekienetz galdetu dio, eta ezezkoa jaso. «Jakinen banu ere ez nuke euskaraz entzunen ez erantzunen auziaren denboran. Frantziako Errepublikaren legedia da», erran du epaileak. Auziari segida ematera zihoala, Torre Rocak moztu du: «Lege bakarrak ere ez dit debekatzen euskaraz deklaratzea». Epaileak erantzun dio: «Instituzioetan erabiltzen dugun hizkuntza frantsesa da». Torre Rocak, berriz: «Erakuts iezadazu euskaraz deklaratzea debekatzen didan legea».
Minutu luzeetako eztabaidaren ondotik, epaileak «gizona auzi gelatik kanporatzeko» galdegin die poliziei. «Duintasunaren aurkako erasoa da. Ezin diozue norbaiti debekatu bere hizkuntzan hitz egitea. Gizateriaren eta oinarrizko eskubideen aurkako erasoa da», leporatu dio Torre Rocak. Lau polizia hurbildu zaizkio, eta baziren besterik ere gela zaintzen; «ez naiz ados», erran die. Poliziek militantea besotik hartuko zutela, gelatik bere kabuz atera da, Gurrutxagak akonpainaturik.
Orroaz hasi dira sostengua erakustera etorriak ziren militanteak: «Justizia euskararentzat!», behin eta berriz errepikatu dute; kanpoan ere ezagun zen oihartzuna. Epaileak auzia bertan behera utzi du gela hustu arte, eta deliberoa laburki emateko itzuli da gero.
Bi epaiketa eta isunak
Ez da lehen aldia Torre Roca atxilotzen dutena. Lehenago ere egin ditu euskararen aldeko desobedientzia ekintzak, Herribiltza taldearekin eta EHErekin. Bi aldiz epaitu dute Baionako Auzitegian, eta bietan uko egin dio epaiketan parte hartzeari, epaileak ez baitio onartu euskaraz deklaratzeko eskubidea.
Iazko martxoan izan zuen lehen epaiketa Torre Rocak, euskararen alde egindako pintaketa batzuengatik. Hilabeteko presondegi zigorra eman zioten, gibelapenarekin, eta bostehun euroko isuna ordaintzera zigortu. Dei egin zion auziari. Irailean berriz epaitu zuten, Baionako suprefeturan pintaketa egin eta frantses hutsean idatzitako hainbat bide seinale kentzea leporatuta. 3.268 euroko isuna ezarri zioten denera.
Nafarroa Behereko EHE taldeak urrian iragarri zuen Torre Rocak ez dituela ordainduko Baionako Auzitegiak ezarri dizkion isunak. Oraingoan, ez dute oraino zehaztu isuna ordainduko dutenetz, ezta deliberoari deia eginen diotenetz. «Talde erantzuna» emanen dute ondoko egunetan.