Itsasoko plastiko arrastoekin lotu ohi dira mikroplastikoak. Izan ere, ikerketa askok frogatu dute itsasoak tamaina txikiko plastiko arrastoz kutsatuta daudela. Jakina da mikroplastikoak gehienbat ibaiek garraiatuta iristen direla itsaso eta ozeanoetara. Aldiz, ez da horren ezaguna plastiko zati txiki horiek airetik noraino hedatzen diren. Orain arte, bi hiritan baino ez ziren jaso airetik eroritako mikroplastikoen laginak: Parisen eta Dongguanen (Txina). Oraingoan, berriz, hiriguneetatik aldenduta dagoen natur eremu batean neurtu dute mikroplastikoen kopurua: Pirinioetan, Bernadouzeko estazio meterologikoan (Okzitania), 1.425 metroko garaieran.
Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, aire korronteen azterketak eta simulazioak eginez kalkulatu dute ehun kilometro inguru egin ditzaketela. Nature Geoscience aldizkariak argitaratu du ikerketaren emaitza eta ondorioztatu du plastiko zati txiki horiek distantzia esanguratsuak egin ditzaketela atmosferan barreiatuta.
Ikerketak bost hilabetez neurtu du mikroplastiko kopurua, eta emaitzek adierazi dute megahirietan jasotako kopuru bertsua dagoela Pirinioen bihotzean ere. Zehazki, metro karratuko 365 partikula jaso zituzten egunean. Partikula gehienak 50 mikra baino txikiagoak ziren, eta gainerako film eta zuntzek ez ziren ehun mikra baino handiagoak. Plastiko motari dagokionez, gehienak polietilenozkoak eta poliestirenozkoak ziren —plastikozko poltsak egiteko erabiltzen dira, besteak beste—, eta beste asko polipropilenozko zuntzak ziren —ehungintzan oso ohikoak—.
Mikroplastikoek honako ezaugarri hauek dituzte: bost milimetro baino gutxiagoko diametroa, eta esfera edo filamentu forma. Bi modutara sor daitezke AZTIko itsas kutsaduran aditu Oihane Cabezasen arabera: "Itsasoak plastikoz beteta daude, eta horiek degradatzean sor daitezke mikroplastikoak. Baina gizakiok ere sortzen ditugu; adibidez, kosmetikoetan erabiltzen dira. Esate baterako, krema esfoliatzaileetan egoten dira, xanpuetan, gorputzeko xaboietan, umeentzako produktuetan... Azala garbitzen dugunean, uretan joaten da, eta araztegiak ez dira gai mikroplastikoak garbitzeko; beraz, ibaietara joaten da". Hainbat hortzetako pastatan ere egon daitezke.