«Betiko geldituko da idatzita Mikel hemen, kuartel horretan, hil zutela». Idoia Zabalza Mikel Zabalza zenaren arrebaren hitzak dira; hain zuzen, anaia hil zioten lekutik metro gutxi batzuetara eginak, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko komandantziaren aurrean. Han, Donostiako Udalak plaka bat jarri dio Mikel Zabalzari; 1985ean atxilotu, torturatu eta hil zuten.
Jende andana bildu da Baratzategi kalearen amaieran. Eta horien aurrean, Zabalzaren senideak. Hunkituta eta esker oneko, bai Donostiako Udalak «biktimen memoria babesteko hartu duen konpromisoagatik», bai gizartearen parte handi batek helarazi dien babesagatik. «Badakigu egiaren jabe garela, eta plaka hau izateak nolabaiteko sostengua ematen dio defendatu dugun horri. Urrats handi bat egin da memoriari dagokionez», azaldu du Idoia Zabalzak familiaren izenean.
Aurrerapausotzat jo du ekitaldia Eneko Goia Donostiako alkateak ere: «Beste urrats bat da gure hirian biolentziak eragin dituen biktimen inguruan egia, justizia eta erreparazioa lortzeko». Eta hitz horiekin erantzun die azken egunetan ekitaldiaren kontra egin dutenen kritikei. Izan ere, Goiarekin batera, ekitaldian izan dira EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko udal ordezkariak. Ez, ordea, PPkoak, eskatua baitzuten hura bertan behera uzteko.
Hain zuzen, halako jarrerak hizpide hartuta, EH Bilduk adierazi du gaurko «aitortza publiko eta ofiziala» lortzeko bidea ez dela erraza izan: «Luzea izan da, erakundeek jarritako trabei batu behar zaizkielako egiaren ukazioa eta biktima gisa merezi zuen aitortzarik ez izatea». Halere, koalizioak aurrerapausotzat jo du ekitaldia, baliagarria delakoan «sistematikoki torturatu den herri baten» memorian eragiteko.
Hain zuzen, ekitaldian egia eskatu dute. Hala zioen bertaratutako zenbait lagunek zabaldutako pankartak: Hemen ez dago autobus gidaria. Non dago? Egia behar dugu. Eta egia judizialik ez den arren, Zabalzak badu egia instituzionala, Hego Euskal Herriko erakundeen bitartez. Horren adierazle da Ana Ollo Nafarroako presidenteordeak eta Jagoba Alvarez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak ekitaldian parte hartu izana. Baina baita askotariko eragileek ere. Gaur, loreak jarri dizkiote Zabalzari, besteak beste, Maixabel Lasa, Maria Jauregi eta Gorka Landaburu ETAren biktimek ere.
Gaurko ekitaldia Mikel Zabalzaren oroimenez egin da, baina hartan ez da hura bakarrik oroitu. Izan ere, lore eskaintza amaitu berritan, txaloek isiltasuna bete dutenean, hiru irudi azaldu dira jendartetik. Bat, Zabalzarena. Bat Ion Arretxerena, eta beste bat Idoia Aierberena. Biak ere Zabalzarekin batera atxilotuak eta torturatuak. Arretxe 2017an hil zen, eta Aierbe, 2018an. «Zaila izaten da horrelako bizipen latzak gainditzea, gugan bego beren ahalegina eta oroimena», adierazi zuen Fito Rodriguez idazleak Aierbe hil zenean.
Mikel Zabalza, Ion Arretxe eta Idoia Aierbe 1985eko azaroan atxilotu zituen Guardia Zibilak. Hirurak torturatu zituzten, baina Zabalza hil ere egin zuten. «Zabalza eskuetatik joan zaie, galdeketan geratu da. Inoiz ez dute atzemango zer gertatu den. Litekeena da bihotza gelditu izana buruan plastikozko poltsa jartzearen ondorioz», adierazi zion Pedo Gomez Nieto CESID Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak Alberto Perote koronelari. Egindakoa ezkutatzeko asmoz, baina, Guardia Zibilak beste bertsio bat ezarri zuen. Bidasoa ibaira bota, eta adierazi zuten ihesean ari zela erori eta ito egin zela.