TORTURA

Mikel Zabalzaren egia argitzeko eskatu dute askotariko ahotsek

1985an torturaren ondorioz hildako orbaizetarraren senideek, alderdi politikoek eta torturaren bertze hainbat biktimak egia argi dezala eskatu diote Madrili, Gogora Institutuan antolaturiko mahai inguru batean.

Mikel Zabalzaren eta harekin batera torturaturikoen senideak, gaur, Gogora Institutuan, solasaldia hasi aitzineko lore eskaintzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 13a
19:28
Entzun

Miguel Angel Llamas Pitu-ren ustez, Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketen audioak hainbertzeko «zalaparta» sortu badu, tortura sistematikoa izan dela erakusten duelako da: «Ahotsaren hoztasuna entzunda ikusten da ohiko praktika bat zela torturarena». Non dago Mikel? dokumentala egiteko prozesuan atzeman zuten audio hori, eta, azkenean ikus-entzunezkoan ez sartzea erabaki bazuten ere, harrabots handia sortu du azken asteotan gizartean zein politikagintzan; hain zuzen ere, horregatik: Mikel Zabalzarena ez baitzen kasu bakarra izan. «Paradoxikoki, audio horrek ekarri du torturatuekiko zegoen errezelo errezel hori kentzea».

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailearenak dira azken hitz horiek: gaur, Bilbon, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan egon den ordezkaritza zabalaren ahotsetako batenak, eta askotariko talde horren erakusgarri. Gogora institutuak antolatuta, hain zuzen, Llamasek eta Amaia Merinok egindako Non dago Mikel? dokumentalari buruzko solasaldia egin dute gaur Bilbon, eta egileek eta Mikel Zabalza zenaren arreba Idoia Zabalzak baino ia gehiago hitz egin dute publikoko askotariko lagunek. Gonbidatuen artean izan dira, erraterako, Zabalzaren bertze hainbat senide; baina baita harekin batera sarekada berean atxilotu eta torturatutakoen familiakoak ere: erraterako, Ion Arretxe zenaren bikotekide Ana Vila Mateo eta Mikel Arretxe anaia, Idoia Aierbe zenaren ahizpa Ana Aierbe eta Marcelo Altuna bikotekidea, eta Manolo Bizkai bera, Mikel Zabalzaren torturak eta sufrimendu oihuak ondoko gelatik entzun behar izan zituena.

Ez dira bakarrak izan, ordea: Paco Etxeberria auzitegi medikuak ere hartu du hitza, baita 1985eko udazken ilun hartan gertaturiko guziaren kronika egin zuen Koldo Ordozgoiti kazetariak ere. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak ere han izan dira; eta, tartean, Aitor Esteban EAJko diputatua eta Roberto Uriarte Elkarrekin Podemosekoa mintzatu dira. Entzuleen artean zen ETAk hildako Juan Mari Jauregi zenaren alaba Maria Jauregi ere, eta torturak pairatu behar izan zituen bertze gizonezko bat ere bai, akaberan mintzatu dena: «Ez dut dokumentala ikusiko. Oso gogorra egiten ari zait».

Nork bere ikuspegitik, torturaren errealitateari ahotsa jarri diote denek, bi ordutik goiti iraun duen mahai inguru polifonikoan. Eta eskaera bat egin dute hitza hartu duten guziek, aho batez: torturari buruzko egia azaleratu dadila, eta horrekin batera aitor eta errepara dezatela gertaturikoa, berriro gerta ez dadin. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburuak horixe eskatu dio Espainiako Gobernuari mahai ingurua hasi baino lehen egindako hitzartzean: «Estatuak bermatu behar du Mikel Zabalzaren kasuan egiarako eskubidea, eta, hala badagokio, aitorpena, autokritika eta erantzukizunak hartzea ekarri behar luke».

Zabalzaren senideei eta harekin batera atxilotu eta torturatu zituztenei eta haien familiakoei lore eskaintza eginez hasi dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ekitaldia.

Sekuentziaz sekuentzia

Peroteren eta Gomez Nietoren arteko elkarrizketarena ez da izan Non dago Mikel? dokumentalean sartu ez duten elementu bakarra, eta kanpoan utzitako hainbat irudi sekuentzia erakutsi dituzte gaur, mahai inguruaren hari gisa erabili dituztenak. Ion Arretxeren tortura testigantzak entzunarazi dituzte, erraterako, baita torturak pairatu zituen Idoia Aierberen ahizpa Anaren hitzak ere: «Idoiak ez zuen torturaz hitz egiten. Lotsa sentitzen zuela uste dut, eta pena zeukala. Errudun sentitzen zen». Ahizpak argi du, ordea, torturatu egin zutela: «Ume bat plastikozko poltsa batekin jolasten ikusten bazuen, segituan joaten zen kentzera». Esklerosi anizkoitzak jo zuen azkenean, azken egunetan burua galtzeraino. «Baina sekula ahantzi ez zitzaiona zen torturatua izan zela», zehaztu du Altuna bikotekideak. Sirena hotsa entzutean urduri jartzen zelako, adibidez. Paco Etxeberriak jarri dio ahotsa eritasunari: «Ezin dugu ziurtatu hortik ote datorren, baina eritasunak lasterragotzen dituen faktore bat da. Horrelako gauzak hain dira gogorrak!». Hunkituta, Etxeberriak.

Ana Vila Mateok zehaztu du, aldiz, Ion Arretxek egunero hitz egiten zuela torturaz, eta gaur egun berak ere egunero oroitzen duela: «Ubelduak joan egiten dira, baina gainontzeko guztia gelditu egiten da». Liburu batean idatzita utzi zuen dena Arretxek, eta dokumentalerako testigantza jaso zuten. Merino: «Guretzat Mikelen ahotsa zen Ionena, eta hala izaten segitzen du. Ion Mikel da».

Ordozgoiti kazetariak ohartarazpen bat egin du: izan badaiteke, izan zitekeela okerragoa ere. «Komunikabideok eta herritarrek ez bagenu presiorik egin, oraindik desagertuta egongo zatekeen Zabalza». Eta ez zutela kasualitatez Endarlatsan utzi, Gipuzkoatik 100 metro eskasera, baina Nafarroan. Bat egin du Etxeberriak. Bi ideiekin: «Inork ez zuen sinisten bertsio ofiziala, ezta Donostiako fiskalburu Javier Zaragozak ere». Eta Jorge Argote guardia zibilen abokatuaren agerpen ez «espontaneoa»: «Bera etorri zen kazetariongana». Kontraerranez beteriko bertsio ofiziala azaltzera.

Testigantza bezainbat eskaera egin dituzte ekitaldian. Estebanek, adibidez, eskatu du Espainiak desklasifika ditzala Zabalzari buruzko dokumentuak. Harago jo dute Hernanek eta Etxeberriak: torturatu guzien egia aitortzeko ekitaldi ofizialak egitea galdegin dute. Idoia Zabalzak, berriz, politikariei eskatu die bete ditzatela bertzeak bertze Nafarroako Parlamentuan egindako hitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.