Mikel Zabalza oroitu dute haren heriotzaren 39. urteurrenean

Senideek eta lagunek omenaldia egin diote Altza auzoan. Biktima gisa aitortu izana urratsa dela esan dute, baina erantzukizun politikoak zuritu gabe daudela ohartarazi.

Idoia Zabalzak hitza hartu du gaur Mikel Zabalza arrebaren omenaldian. MAIALEN ANDRES/ FOKU
Idoia Zabalzak hitza hartu du gaur Mikel Zabalza arrebaren omenaldian. MAIALEN ANDRES/ FOKU
edurne begiristain
2024ko azaroaren 23a
19:34
Entzun

Aurten 39 urte bete dira Mikel Zabalza hil zutenetik. 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Ion Arretxe, Idoia Aierbe, Aitor Zabalza eta Manuel Bizkairekin batera. 20 egun geroago, Bidasoa ibaian agertu zen Zabalzaren gorpua, tortura zantzuekin. Gaur, haren sendiak eta hurkoek omenaldia egin diote Donostiako Altza auzoan, Mikelen Txokoa izena hartu duen tokian, non haren oroimenezko murala dagoen. Bertsoekin, kantuekin eta lore eskaintza batekin omendu dute.

Datorren larunbatean, azaroaren 30ean, Donostiako Udalak plaka bat jarriko du Intxaurrondon Zabalzaren omenez, eta Idoia Zabalza arrebak esan du «pauso garrantzitsua» dela memoria gordetzeko, eta Euskal Herriaren historia «zabaltzeko eta kontatzeko».

Mikel Zabalza Herri Ekimena taldekoek ere urrats gisa jo dute instituzioek Zabalza biktima gisa aitortu izana, baina Donostiako Udalari eskatu diote pauso bat harago jotzeko, eta «eragile aktiboa» izan dadila bide judizialean aurrera egiteko. «Euskal instituzioen aitortza dugu orain, baina beste osagai bat falta dugu: erantzukizun politikoa dutenek gezurrean kateatuta segitzen dute». Salatu dutenez, Espainiako Gobernuak eta PSOEk ez dute egia aitortu, ezta barkamenik eskatu ere. Kontrara, «tortura eta torturatzaileak babestu eta goraipatu» dituztela salatu dute, eta urriaren 12an Guardia Zibilak Gasteizen egindako desfilea adibide gisa jarri.

Datorren urtean beteko dira 40 urte Zabalza hil zutenetik, eta Altzako lagunek Orbaizetako (Nafarroa) lagunekin batera urteurrenerako hainbat ekimen prestatuko dituztela aurreratu dute. Urte osoko egitaraua egin asmo dute Zabalza gogoratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.