Mikel Torres Portugaleteko (Bizkaia) alkatea izanen da Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeetako bat, PSE-EEk BERRIAri baieztatu dionez. Torresek adierazi du «asko» kostatu zaiola erabakia hartzea, udal arloko politikaren aldekoa izan delako beti, «herritarrengandik hurbilen dagoena» delako. Izan ere, Torres Portugaleteko alkatea da 2008tik, eta Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusia ere bada. Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna da, finantzen arloko master bat du, eta ekonomiako bi doktoretza. Halere, bigarren lehenkariorde berriak ez daki euskaraz mintzatzen.
14 urte zituela hasi zen politikan, gazte sozialistetan militatzen. 1995. urtean Portugaleteko Udalbatzan hasi zen zinegotzi, eta hamahiru urte geroago alkate izendatu zuten lehenbiziko aldiz. Geroztik kargu horretan aritu da. SER katean elkarrizketatu dute Torres: «Inoiz ez dut udal arloko politikagintzatik atera nahi izan. Uste dut hori dela herritarrengandik hurbilen dagoen politika, baina egia da aldaketa garai hauetan lehendakariz aldatzeko momentua dela, eta alderdi sozialistarentzako berria izango den proiektu bati aurre egin behar zaiola, gobernu programa trinko batekin».
Programa horren alde lan eginen duela adierazi du, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «arazo errealak» konponduko dituztela sinetsita dago: «Beti etorkizunari begiratuz, eta gutxi iraganari». «Lan egiteko moduetan aldaketa sakonei aurre egin behar diegu, ea herria etorkizunerako prestatu behar dugu. Zentzu horretan leialtasunez eta herritarrengan pentsatuz egin behar dugu lan beti», borobildu du.
Portugaleteko Udalean zer gertatuko den galdetuta, adierazi du «oso erraza» dela aurrera eraman beharreko prozesua: datorren astelehenean ezohiko bilkura bat eginen dute, eta bertan bere dimisioa aurkeztuko du. Hamabortz eguneko epea dago bertze bilkura batera deitzeko, non hurrengo alkatea nor izanen den hautatuko den.
Zehaztu du badakiela zein izanen diren hurrengo legegintzaldiko sailburu sozialistak, baina hori jakinaraztea alderdiko idazkari nagusiari eta Jaurlaritzako lehendakariari berari dagokiela.
Izen gehiago
Torresena da, oraingoz, alderdiek baieztatu duten kargu bakarra. Halere, sareetan eta hedabideetan bolo-bolo dabiltza bertze hainbat izen. El Diario Vasco egunkariak, erraterako, jakinarazi du Nerea Melgosa izanen dela Justizia Saileko burua.
Bihar hartuko du Pradalesek aginte makila, Gernikan eginen duten ekitaldian (Bizkaia). Eusko Jaurlaritza berriaren osaerari buruzko izen batzuk zabaltzen ari badira ere, lehendakariari dagokio kargu bakoitza nork hartuko duen jakinaraztea —eta sailak nola banatuko diren argitzea—, eta aurreikusten da bihar emanen duela horien berri. Halere, aste hasieratik bolo-bolo ibili da jeltzaleen eta sozialisten artean nola banatu dituzten sailetako batzuk: Vocento taldeak eta EITBk zabaldutako informazio horien arabera, jeltzaleek kudeatuko dute Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna, Ogasuna eta Kultura, eta PSE-EEren esku geldituko dira Enplegua eta Lana, Garraioa eta Turismoa, eta Etxebizitza Saila.