PSE-EEren Bizkaiko idazkari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Mikel Torresek iragarri du bere burua aurkeztuko duela berriro Bizkaiko sozialisten buru izateko. Bere alderdiaren Bizkaiko Batzorde Eragilearen bileran egin du iragarpena: «Berriro aurkeztuko naiz. Bizkaiko sozialista gisa, ohorea eta pribilegioa izango litzateke ostera ere burkide guztien konfiantza izatea. Ibilbide honetan proiektu ilusionagarri bat eratuz joan gara, eta oso emaitza onak izan ditu».
Torresen iritziz, oraindik «gauza asko daude egiteko», eta erantsi du espero duela berriro ere Bizkaiko sozialisten babesa lortzea «elkarrekin lan egiten jarraitzeko».
Hamar urte baino gehiago eman ditu Torresek ardura horretan, 2014tik baita PSE-EEren Bizkaiko idazkaria. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua ere bada, eta urte askoan Portugaleteko alkatea ere izan zen (Bizkaia).
Bizkaiko sozialistek martxoaren 22an egingo dute X. Biltzarra, Bilboko Euskalduna jauregian, eta han aukeratuko dute idazkari nagusia. Hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 5etik 10era izango da. Epe hori igarota beste inor aurkeztuko ez balitz idazkari nagusi izateko, Torresek automatikoki jarraituko luke zeregin horretan. Espero da biltzarrean berrehun bat ordezkarik parte hartuko dutela.