Mikel Salegiren bizitza eten zuten hemezortzi tiroak

Mikel Salegi oroitzeko ekitaldia egingo dute senideek eta lagunek gaur, Kursaalean. Duela 50 urte hil zuten poliziek, kontrol batean.

Javier Buces eta Itziar Salegi, liburuarekin eta kartelarekin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Javier Buces eta Itziar Salegi, liburua eta kartela eskuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abenduaren 13a
20:00
Entzun

Mikel Salegi 21 urteko gaztea polizia kontrol batean hil zuten, hemezortzi tiroz, lankide batzuekin afaldu ostean, autoan lankideekin Usurbildik (Gipuzkoa) Donostiara zihoala. Poliziek euskal herritarren aurka zuten herra haren lekuko dira hemezortzi tiroak. Senideek lagunen bitartez izan zuten gertatutakoaren berri. Haren memoria, egia, aitortza eta justizia bila aritu dira joan deneko 50 urtean. Abenduaren 18 batean hil zuten, duela 50 urte, eta gaur, zauria itxi, eta dolua egiten hasteko eguna izango dute salegitarrek, ez aurretik gizarte zibilari eta elkarte memorialestei eskerrak eman gabe. 

Donostiako Kursaalean egingo dute Salegi oroitzeko ekitaldia, 18:00etan. Itziar Salegik, Mikelen arrebak, azaldu ditu helburuak: «Mikel oroitu nahi dugu, eskerrak eman nahi dizkiegu azken 50 urteetan lagundu gaituzten guztiei, eta guk ja ziklo bat itxiko dugu, dolu bat egin, eta gure bihotzak sendatzen hasi».

Ez dute ahazteko 50 urteko bidea. Javier Buces Aranzadi zientzia elkarteko kideak ondu du bide hori jasotzen duen historia, liburu batean: Mikel Salegi, oroitzapenetik oroimenera, del recuerdo a la memoria. Hori opa die senideei, dolua egiten hastea, kapitulu bat ixtea eta Salegi oroimen kolektibora igarotzea.

Liburuan jaso dutenaren arabera, 1960-1978 artean estatuko polizia indarrek eta eskuin muturreko indarrek 52 pertsona hil zituzten Euskal Herrian. Bucesen arabera, 1960tik aurrera beste belaunaldi bat iritsi zen unibertsitateetara, elkarteetara eta lantokietara. Ez zuen ezagutu gerra edo gerra ondoreneko egoerarik gogorrena, eta gazte horiek hasi ziren altxatzen frankismoaren aurka. Erantzuna, errepresio zuzena: atxiloketak, torturak, hilketak...

Borroka soziala eta nazionala

Euskal Herrian bi aldagai uztartu ziren: borroka soziala eta nazionala. Buces: «Oposizio indartsuena Euskal Herrian izan zen, eta hemen daude errepresio zuzenak utzitako daturik bortitzenak. TOPeko —Ordena Publikoko Auzitegia, frankismoaren salbuespen auzitegia— epai gehienak euskal herritarren aurkakoak dira». Oposizio handi horri errepresio handiagoa eginez erantzun zion erregimenak.

Giro hartan harrapatu zituzten salegitarrak gaztetan. Familia abertzalekoak ziren. Peli Salegi, aita, eusko gudarosteko milizia abertzaleetan, Saseta batailoian borrokatutakoa zen 1936ko gerran. Han pasatutakoak kontatzen zizkien aitak seme-alabei. Salegi: «Frankismoa izugarria zen. Guri iristen zitzaizkigun 1968ko maiatzeko mugimenduko oihartzunak, Che Guevararen borroka... eta mundua aldatu nahi genuen».

Gatazka politikoa bor-bor zegoen. 1974ko abenduaren 17an, ETAk bi guardia zibil hil zituen tiroz Arrasaten, Gipuzkoan. Luis Santos tenienteordea, 52 urtekoa, eta Argimiro Garcia, 50 urteko guardia zibila. Halakoetan, Poliziaren kontrolak erruz ugaritzen ziren, argudiatuz atentatuaren egileak harrapatzea zutela helburu.

Atentatu haren ostekoa ez zen gutxiagorako izan. 1974ko abenduaren 20an, guardia zibilek kontrola jarria zuten Usurbilditik Donostiarako bidean, Errekalde parean. Gau ilun eta euritsua zen. Salegik afaria zeukan lankideekin. Afaria amaitu ostean, hiru autotan abiatu ziren etxerako bidean. Lehenean zihoazenak geratu zituzten lehenik kontrolean. 

Abisatu zieten hiru auto zirela, eta autoaren marka, kolorea eta matrikula zenbakiak ere eman zizkieten. Lekukoek ez dakite azaltzen zergatik eta nolatan hasi ziren guardia zibilak tiroka hirugarren autoa azaldu zenean. Baina hala egin zuten. Autoak hogei zulotik gora zituen, eta Salegiri hemezortzi tiro eman zizkioten.

Mikel Salegi zihoan autoa, tirokatuta. MIKEL SALEGI, OROITZAPENETIK OROIMENERA
Mikel Salegi zihoan autoa, tirokatuta. MIKEL SALEGI, OROITZAPENETIK OROIMENERA

Tiroketa amaitu zutenean, poliziek lurrean zeuden balak jaso zituzten, frogarik ez uzteko. Eta joan egin ziren. Lankideek beste auto batean eraman zuten Salegi Donostia ospitalera. «Ofizialki sekula ez digute ezer esan. Lankideengatik jakin genuen zer gertatu zen».

Ospitaletik Polloeko hilerrira eraman eta lurperatu egin nahi izan zuten, senideek ikus ez zezaten. Lortu zuten Loiolako kuartelera joanda gorpua ikusteko baimena. Marisa Urbieta amak, eta Itziar, Miren eta Nekane arrebek Polloen ikusi zuten gorpua. Itziar Salegi: «Agindu genion ez genuela ahaztuko eta ez genuela negarrik egingo. Lehena bete dugu; bigarrena, ez».

«Mikelena azkena izan dadila»

Agurrerako, Donostiako Koruko Andre Maria basilika jendez lepo zegoen. Han bertan, Marisa Urbietak gutun bat irakurri zuen. «Gaur prentsan irakurri dut Arrasaten hildako guardia zibilen senideen galera. Eta zinez sentitzen dut. Hango homilian justizia izango dutela agintzen zaie. Justizia bera eskatzen dut nire semearentzat. Azpimarratu nahi dut justiziak desberdinkeriaz jokatu duela bi kasu hauetan. (...) Zera nahi dut benetan, Mikelen heriotza ez izatea alferrikakoa, baizik eta balio dezala bizikidetza librean, justiziazkoan eta bakean bizitzeko, aspaldian ukatzen baitzaigu hori, eta zuek hemen egoteak erakusten du zein gogo bizia dagoen horretarako. (...) Ez dut nahi mendekurik. Gauza bakarra nahi dut: nire semearen odola izatea galtzen den azkena (...)».

Elizako ateak ireki zirenean, eskuin muturreko dozenaka pertsona eta polizia andana zeuzkaten kanpoan zain, lerrokatuta. Elizkizunera joandakoek handik pasatu beharra zuten irtengo baziren. Ateratzen hasi orduko, jendea gupidarik gabe jotzen hasi ziren. 

«Ez zuten mugarik. Inpunitate osoa zuten. Izugarrizko herraz jo zuten harrapatu zuten guztia»

ITZIAR SALEGIMikel Salegiren arreba

Urbieta jo zuten, eta Salegiren lankide batek esan zien hura ama zela, hura ez jotzeko, bera jotzeko. Lankide hura ere jo zuten; haurdun zegoen, eta umea galdu zuen. Ez zen haurdun zegoen bakarra, eta, abisatzen bazuten, honako hau erantzuten zuten: «Hobeto, putakume bat gutxiago». Salegik hau gehitu du: «'Euskaldun guztiak hilko ditugu', oihukatzen zuten. Ez zuten mugarik. Berdin zion haur, zahar edo gazte. Inpunitate osoa zuten. Izugarrizko herraz jo zuten harrapatu zuten guztia».

Berrehun pertsona atxilotu zituzten elizkizunaren ostean. Haietako asko torturatu zituzten. Jende pila bat zauritu zuten, baina hamabi baino ez ziren ausartu osasun etxera joatera, bestela handik zuzenean espetxera joateko arriskua zegoelako. Salegi: «Hiru neskak etxetik kanpo egin genuen lo, atxilotzeko beldur ginelako. Ama eta amona bakarrik utzi genituen. Ez naiz akordatzen non egin genuen lo».

Hileta osteko salaketak

Juan Mari Bandres abokatua zenak egindako lana eskertu du Salegik. 150 testigantzatik gora jaso zituen hark, eta Abokatuen Elkargoak kereila bat jarri zuen, kontuak eskatzeko. Ausardia sekulakoa izan zuten diktadura betean salaketa haiek jartzeko. Baina auzi hura ere itxi zuten. Bandresek Lazkaoko Beneditarren Fundazioan utzitako testigantzei esker jaso ahal izan dute orduko izugarrikeria. 

Beste salaketa bat ere jarri zuten, Salegiren hilketa argitzen saiatzeko. Rafael Luqueri kontrol batetik ihes egiten saiatu izana egotzi zioten. Dibisio Urdinean egona zen. Gerra kontseiluan epaitu zuten. Ezin izan zuten erakutsi ihes egiten ari zenik, kontrola ikusi orduko autoa frenatu zuelako, errepidean horren markak zeudelako, eta gainera tiroak autoaren aurrealdean bota zituztelako. Behin Luqueren aurkako akusazioa baztertuta, ea orduan erantzulea nor zen galdetu zuen sendiak, baina auzia bere horretan itxi zuten.

«Egia lortzeko, artxiboak ireki beharra dago. Eskerrak Bandresek dokumentu batzuk utzi zituen Lazkaon»

JAVIER BUCESAranzadi zientzia elkarteko ikerlaria

Bide penala itxita, bide zibila jorratu zuten, eskatzeko aitor zezatela estatua bigarren mailako erantzulea zela. Azkenean, lortu zuten, hamar urteko prozesu malkartsu baten ostean.

Liburua aurkeztuz eta Kursaaleko ekitaldia eginez aldi bat itxi nahi dute salegitarrek. Erakundeek huts egin dieten sentipena dute: «Gurekin egon direnak elkarte memorialistak eta gizarte zibila izan dira». Buces: «Egia lortzeko, artxiboak ireki beharra dago; bestela, ezin da. Eskerrak Bandresek dokumentu batzuk utzi zituen Lazkaon».

Senideek eta lagunek mimo handiz antolatu dute biharkoa. Salegi nor zen gogoratuko dute. Horren inguruko testigantzak jaso dituzte. 50 urteko ibilbidea gogoratuko dute, eta modu kolektiboan amaitu, halaxe antolatu baitituzte bai liburua, bai ekitaldia: «Azkenean, norekin bukatuko dugu zikloa? Benetan lagundu digutenekin. Horrek sendatzen du bihotza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.