Hilberria

Mikel Martin EHGAMeko militantea hil da

EGHAM, Zutik eta Munduan Elkarlanean elkarteetako kide izan zen. 2005ean, Espainiako armadako lau militarrek jipoitu egin zuten; erasoa izan eta sei urtera kondenatu zituzten.

Mikel Martin EHGAMeko kidea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 2a
15:39
Entzun

Bera gabe gauza pilo bat ez lirateke egongo orain dauden moduan». Mikel Martin zendu da gaur goizean, Errenteriako (Gipuzkoa) eta Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduetako erreferentea, minbiziak jota. EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, beste hainbat kiderekin batean. 70eko hamarkadaren amaiera aldera hasi ziren antolatzen, eta haiek salatu zuten Francis trabestiaren hilketa: «Kikildu beharrean, kalera atera ziren; hura izan zen lehen aldia EHGAM bezalako talde batek eraso homofobo bat eta erailketa salatu zituena». Iñaki Queralt EHGAMeko kidearen hitzak dira horiek. Errenteriakoa Euskal Herriko «Stonewall txikia» izan zen, eta, egun hartatik aurrera, etengabe jarraitu zuen Martinek LGTBI pertsonen eskubideen eta beste «hamaikaren» alde.

Martinen heriotza jakin bezain laster, eskaera bat egin dio EGHAMek Errenteriari: begizta belztun ortzadarraren bandera balkoietan esekitzea. Euskal Herri osora ere hedatu dute eskaera aste amaiera zeharrerako; «ikus dadila elkartasun hori».

«Guretzat haren lekukoa hartzea kristoren zama izango da, baina hartu eta aurrera egingo dugu. Sikiera joan da jakinda jendea badela bere pausoei jarraitzeko», adierazi du Queraltek. Martin ez zen izan ibilbide motzekoa: 1970eko hamarkada amaierako mobilizazioetan hasi zen, «edozer borroka bere» egiten zuela, eta gaur egun arte hala segitzen zuen. Zutik eta Munduan Elkarlanean elkarteetan aritu zen Martin. Errenteriako Udaleko LGTBI+ Aholku Kontseilua sortzen ere lagundu zuen.

Martin, jipoituta

2005eko urtarrilaren 13an egin zen ezagun haren kasua. Egun hartan, Espainiako lau militarrek Martin jipoitu zuten Donostiako Urbieta kalean, konorterik gabe uzteraino. «Ziur ETArekin eta Ibarretxeren planarekin ados dauden horietakoa zarela», esan zioten militarrek eraso egin bitartean. Entzute handia izan zuen gertaerak, eta handik sei urtera eman zuten kasuaren epaia: bi militarri bina urteko espetxe zigorra eta 300 euroko isuna ezarri zieten —ez zuten espetxe zigorra bete behar izan—; beste bi akusaturi, 4.500 euroko isuna bakoitzari. 7.670 euroko kalte ordaina ere ezarri zieten akusatuei.

Lehen bi militar horiek erasoa izandako egunean bertan atxilotu zituen Donostiako Udaltzaingoak; epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi zituzten. Alcala de Henareseko (Espainia) militarrak ziren, eta urte hasieran lekualdatu zituzten Donostiako Loiolako kuartelera, segurtasuna indartzeko —orduko Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapatero eta PPko buru Mariano Rajoy Euskal Herrian izan ziren erasoa jazo eta hurrengo asteburuan—.

Martinek erasoa salatu zuen, eta handik urtebete baino gehiagora jakin ziren epaiketako aldeen eskaerak. Fiskaltzak 18na hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen lehen bi militarrentzat, eta 6.000 euroko kalte ordaina. Beste bientzat, berriz, 4.200na euroko isuna, erasoa eragozten ez saiatzeagatik.

Zutik elkartearen iritziz, fiskaltzak eskatutako zigorra «ez zen nahikoa». Epaiketan, hiruna urteko zigorra galdegin zuen LGTBI aktibista jipoitu zuten bi militarrentzat. Beste bientzat, 7.200na euroko isunak. Baita 40.000 euroko kalte ordaina ere laurentzat.

«Ez nago erabat pozik»

2010eko urrian hasi zen lau militarren aurkako epaiketa. 2011ko urtarrilean eman zuten epaiaren berri, erasoaren seigarren urteurrenean. Martinekin hitz egiteko parada izan zuen BERRIAk: «Ez nago erabat pozik, gure zigor eskaera handiagoa baitzen, baina nahikoa hurbiltzen zaio».

Sei urteren buruan, arrazoia eman zioten EHGAMeko kideari. 2005eko urtarril hartan, Espainiako Defentsa ministro Jose Bonok adierazi zuen «ikerketa sakon bat» jarriko zutela abian, eta ezbaian jarri zuen erasorik jazo izana ere: «Ez da ezertxo ere gertatu». Bonori zuzendu zizkion Martinek hitzok, epaia argitaratu zuten egunean: «Galdetu nahiko nioke Bonori ea, epaia eskuan izanda, zalantzak dituen oraindik ere. Esan zuena zuzentzeko eskatuko nioke».

Beste bi kontu ere nabarmendu zituen aktibistak. Bata, erantzunik gabeko erasorik ez egotea lortu zutela «hainbeste denboraren ondoren»; «eraso bat dagoenean, zenbat eta azkarrago izan epaia, askoz hobe». Bestea, «inpunitatea haustea» lortu zutela: «Lau harroputz horiek uste zuten militarrak izateagatik edozer egin zezaketela, inork ezer esan gabe».

Erasoaren arrazoiaz, Maria Aleman epaileak ebatzi zuen ez zela argi geratu erasoaren larrigarriak izatea ez Martinen orientazio sexuala, ezta haren ideologia ere. Hark, ordea, kontrako iritzia zuen: «Haien ideologia faxistari erreparatuta, kaletik nirekin topo egin, eta pentsatuko zuten: 'Hara hemen euskalduntxo bat. [...] Herri baten parte izateagatik eta nire ideia politikoengatik jo nindutela agerian uzten du horrek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.