Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak eman dute Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien Sariaren eta Gazte Sariaren 2020ko epaia. Aurrenekoa Mikel Manzisidorrek jaso du; epaimahaiaren arabera, Nazio Batuen Erakundean Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen garapenean euskal eragilerik garrantzitsuenetako bat da Manzisidor, Rene Cassinez geroztik.
Epaimahaiaren ustez, «bereziki aipagarria da Nazioarteko Zuzenbidean bi alorretan egindako ekarpena: gizakiak ura izateko duen eskubidean eta gizakiaren zientziarako eskubidean». Gainera, «bere ekarpena Amerika, Europa eta Euskal Herriko unibertsitateetan izandako jarduerarekin bateratu du, gizarteratze eta dibulgazio lanekin, bai eta mundu guztian zehar egindako lankidetza, laguntza humanitario eta giza eskubideen defentsarekin ere».
«Bere zorroztasun intelektual, zintzotasun, berrikuntzarako gaitasun eta ardurari esker, Mikel Manc
zisidor mundu globalean Giza Eskubideen garapenerako erreferente nabarmena da», erantsi du epaimahaiak, eta nabarmendu Manzisidorren «etorkizuneko proiekzioa, gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoa den esparru horretan sakontzeko eta horretan laguntzen jarraitzeko».
Leteren berrikusketa
Bestalde, Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizak osatutako taldeak eskuratu du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat lanarengatik. Hala erabaki du aho batez epaimahaiak. Lanak poeta eta kantariaren obraren berrirakurketa bat egitea du helburu, publiko berrietara heltzeko; horretarako, artistaren obraren inguruko errezital musikatu bat ondu, eta disko-liburu formatuan argitaratuko dute 2020-2021eko epealdian.
Gurrutxagak eta Otxoa de Alaizak 31 urte dituzte. Gurrutxaga doktorea da euskal literaturan, eta, hain zuzen, Xabier Leteren poetikaren inguruan landu zuen doktore tesia. Otxoa de Alaiza Pianoko lizentziaduna da, eta musikaren alorra sakon landu du azken urteotan.