61 urteko gizon bat hil da gaur Iruñean, lehen solairu bateko balkoitik kalera erorita. Atzo goizean gertatu zen istripua, 11:45 aldera: gizonezkoa konponketak egiten ari zen Barañaingo etorbidearen eta Urdazubi kalearen artean zuen etxebizitzan; eskailera tolesgarri batera igo, eta kalera erori zen. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan artatu zuten, kolpearen ondorioz izandako traumatismoengatik, eta han egon da erietxeratua zendu den arte.
Hildakoa Mikel Irigoien Iriarte zen, eta ezaguna zen Iruñean, kirolaren esparruan eginiko lanarengatik: Donibane kirol elkarteko lehendakari izan zen zortzi urtez, 2016tik 2024ra bitartean. Bestalde, Aedona Nafarroako Kirol eta Aisialdi Entitateen Elkarteko presidente eta Animsa informatika enpresa publikoko langilea ere izan zen. Erakunde horiek guztiek «samina» adierazi dute ezbeharrarengatik, eta doluminak eman dizkiete Irigoienen senide eta lagunei.
«2016 eta 2024 bitartean klubeko presidente izan zena funtsezkoa izan da Donibane kirol elkartearen hazkundean, eta, horrez gain, izaera eta nortasun handia izan ditu, gure klubaren balio guztien adibide gisa», idatzi du Donibane kirol elkarteak sare sozialetan zabaldutako mezu batean.