Mikel Irastorza ETAko ustezko kidea atxilotu zuten atzo goizean, Azkaineko (Lapurdi) etxe batean, Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean egin eta Parisko Terrorismoaren Aurkako Ministerio Publikoak gidatutako polizia operazioan. Miaketa luze baten ondotik, etxearen jabeak ere atxilo eraman zituzten; Baionako polizia etxean dituzte hirurak. Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne Ministro izendatu berriak adierazi du ETAren kontrako «kolpe gogorra» izan dela.
Irastorzak 41 urte ditu, eta donostiarra da. Duela urte batzuk, Nazio Eztabaidaguneko ordezkari izan zen. Polizia iturriek zabaldu duten informazioaren arabera, 2008tik zegoen ihes eginda. 2015eko irailean Baigorriko etxe batean David Pla eta Iratxe Sorzabal atxilotu ondotik, ETAko buruzagi «nagusitzat» zuten. ETAri «burua moztu» diotela adierazi dute iturri horiek. Etxearen jabeak 59 urteko gizonezko bat eta 56 urteko emakume bat dira.
Urriaren 12an Frantziako Oise herrian ETAren armategi bat aurkitu ondotik etorri da atzoko polizia operazioa. ETAren 75 errebolber, 70 pistola, ehizarako bi fusil eta munizioa atzeman zituzten, lau bidoitan lurperaturik. «Zulo estrategikoa» zela erran zuen Espainiako Barne Ministerioak. Handik egun batzuetara, ETAkinformazio hori gezurtatu zuen ohar batean, bere kontra jarritako «tranpa bat» izan zela salatuta. Armategi hori aspalditik zaindua zela jakinarazi zuen, eta arma horiek zigilatze prozesutik kanpo utziak zituela. Halaber, armagabetzean «konpromiso berriak» ere iragarri zituen.
Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu zuen armagabetze «erabateko eta behin betikoari» ekin behar diola ETAk, euskal gizarteko ordezkariekin adostasunak landuta. Frantziako eta Espainiako estatuei, berriz, «oztoporik» ez jartzeko eskatu zien.
Bake eta gerra logika
Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egindako operazioa txalotu du Espainiako Barne ministro berriak, Juan Ignacio Zoidok, eta ETAren azpiegituren aurkako «kolpe gogorra» izan dela nabarmendu du. «Hura atxilotuta, ETA ahuldu egin da, eta galdu egin du bere erreferentzia; ondorioz, bere helburuak lortzeko aukerak zaildu zaizkio». ETAren buruzagitzan mugimenduak sumatu dituztenean Espainiako Estatuko segurtasun indarrek «eman beharreko erantzuna» eman diela ebatzi du.
Público agerkari digitalari egindako adierazpenetan, Mariano Rajoyren gobernuak ETAren kontra daraman «gerra estrategian» kokatu zuen operazioa Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak. Haren arabera, armagabetze ordenatu eta egiaztagarria «blokeatzea» da helburua.
EH Bai koalizioak, berriz, gogor salatu du polizia operazioa. «Atxiloketa hauek ezin ditugu kokatu testuinguru politikotik kanpo. Azken urte hauetan konponbide prozesuaren aldeko urratsak egiten direnean, gizartearen gehiengo zabal batek konponbide prozesuak aitzina egin dezan aldarrikatzen duenean eta ETAk behin eta berriz berretsi duenean bake iraunkor baten alde egiten duela, ez luke atxiloketarik egon behar». Mugimendu abertzalearen iritziz, bi gobernuek mezu argi bat helarazi nahi izan dute: konponbide lerro bakarra «bide poliziala eta errepresioa» direla. «Aieteko konferentziatik bost urtera, bada garaia Frantziako Gobernuak bakearen aldeko urratsak egin ditzan», adierazi dute. Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak, berriz, salatu du Frantziak bakea baino «gerra nahiago» duela, urriko «propaganda» ekintza eta atzoko atxiloketak eginik.
Sare mugimenduaren izenean, bakearen aldeko engaiamendu berriak gorpuzten ari diren garaietan «iraganeko errezetak» erabiltzea leporatu zion Joseba Azkarragak Espainiako Gobernuari. Hala, erran zuen atxiloketak «lekuz kanpo» dauden «zentzugabekeriak» direla. Herritarrek deituta, atxiloketak salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsean, Azkaineko herriko plazan eta Donostiako Gabriel Zelaia plazan.
Mikel Irastorza ETAko ustezko kidea atxilotu dute Azkainen
Irastorza zegoen etxearen jabeak ere atxilo eraman ditu Frantziako Poliziak; Baionako polizia etxean dituzte hirurak. «Gerra logika» salatu dute EH Bilduk eta EH Baik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu