Mikel Ibañezen heriotzaren atzean «errepresioaren itzala» dagoela salatu dute

Herenegun hil zen preso ohia, gaixotasun larri baten ondorioz; aurtengo urtarriletik aske zen, baldintzapean

Mikel Ibañezen argazkia, haren egoera salatzeko 2008an eginiko agerraldi batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Mikel Ibañez errefuxiatu eta preso ohia hil da. Gaixotasun larri bat dela eta, 2008ko maiatzetik aske zegoen, Elgoibarko bere etxean. Ezker abertzaleak, Etxerat-ek eta AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atsekabea eta dolua azaldu dute Ibañezen heriotzarengatik, eta haren senide eta lagunei «berotasuna, gertutasuna eta laguntza» eskaini diete. Salatu dute Espainiako Estatuak euskal militanteen aurka eta bereziki euskal presoen aurka darabilen «errepresio eta espetxe politika ankerra» dagoela Ibañezen heriotzaren atzean.

Ibañez gogoratu eta gaixotasun larriak dituzten presoen egoera salatzeko eta horiek berehalako aska ditzatela eskatzeko, manifestazio bat egingo dute bihar arratsaldean Elgoibarren. Heriotza zigorrik ez, gaixo dauden presoak kalera! izango da leloa, eta 18:00etan abiatuko da, herriko plazatik. Etxerat-ek emandako datuen arabera, gaur egun sei euskal preso daude gaixotasun larri eta sendaezinekin espetxeratuta. Beste zazpi etxean daude, baldintza zorrotzekin.

Mikel Ibañezen kasuan, azken lau urteak izan dira gogorrenak. 2007an atxilotu zuten bigarren aldiz, Parisen, Uruguaitik bere familia bisitatzera zetorrela. Ordurako gaixorik zegoen, baina Frantziako Justiziak hura Espainiaratzea onartu zuen. Espetxean zela, ospitaleratu egin behar izan zuten, eta minbizia zuela jakin zuen orduan. Ebakuntza egin, eta espetxera eraman zuten berriro. Diabetesa eta soriasia ere bazituen, eta tratamendurik ez zuela jasotzen salatu zuten behin eta berriz haren senide, abokatu eta konfiantzazko medikuek.

Haren osasuna aintzat hartuta, 2008ko maiatzean utzi zuten aske, kontrolpean, abokatuek eskaera ugari egin ostean. 2010eko uztailean, bihotzekoak jota, Donostiako Ospitalean eduki zuten, baina abuztuan berriro atxilotu zuten, ordurako osatuta zegoela argudiatuta. Hilabete geroago utzi zuten berriro aske, kontrolpean. Urtarrilean, baldintzapeko askatasuna eman zioten.

1992an Uruguain atxilotu zituzten errefuxiatuetako bat zen Ibañez. Montevideoko La Trainera jatetxe ezagunean 1995. urtean eginiko sarekadan atxilotu eta Espainiaratu zuten lehenengoz,beste zazpi lagunekin batera. Neurri horren aurka greba orokorra antolatu zuten Montevideon, eta bi pertsona hil ziren. ETAri laguntza emateagatik epaitu zuten Ibañez, baina ez zuten frogarik aurkitu, eta aske utzi zuten. Uruguaira itzuli zen.

Erakundeen «utzikeria»

AAMk «utzikeria handiz» jokatu izana leporatu die erakundeei. Ibañezi «osasun asistentzia egokia» izateko eskubidea denbora luzez ukatu egin diotela gogoratu du, «bai espetxean, bai etxean preso izan dutenean».

Ibañezen senide batek BERRIAri 2008an eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuenez, espetxeko kideengatik izan ez balitz, Ibañez kartzelan hilko zen. Azaldu zuenez, minbizia atzeman aurretik, erabat ahulduta, Soto del Real espetxeko patioko txoko batean igarotzen zituen orduak. Eta salatu zuen kide batek konortea galduta koman ziegan topatu zuen arte ez zutela ospitalera eraman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.