Mikel Azurmendi idazle eta antropologo donostiarra hil da, 79 urte zituela. Gaztetan ETAko kidea izan zen, baina 1990eko eta 2000ko hamarkadetan oso jarrera aktiboa izan zuen ETAren kontra, eta, adibidez, Ermuko Foroaren eta Aski Da elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Euskal abertzaletasunaren aurkako jarrera argia ere izan zuen, eta artikulu eta testu ugari idatzi zuen horren inguruan.
Filosofia ikasi zuen Parisko Sorbona Unibertsitatean, eta Antropologia Sozialeko irakasle izan zen EHUn. Jose Maria Aznar presidentea zelarik, 2000ko hamarkadaren hasieran, Espainiako Gobernuak Etorkinak Gizarteratzeko Foro Sozialeko presidente izendatu zuen. Hainbat liburu idatzi ditu, saiakerak eta eleberriak batez ere.
BERRIAko Igandea gehigarriak 2011n elkarrizketatu zuen, Begoña Urroz haurraren hilketaren (1960) egiletzari buruzko artikuluan. «ETAko biktima elkarteen eta terrorismoaren kontrako ekintzaile gisa, beti atentzioa deitu dit», esan zuen Azurmendik, Urroz ETAren lehen biktimatzat jotzen zutela eta. «ETAk ez zuen gaitasun operatiborik leherketa kate bat egiteko, ezta leherketa bakarra egiteko ere». ETAren bonba izan balitz jakingo zukeela adierazi zuen, militante gutxi zirelako eta berriak jakiten zirelako. Begoña Urrozen familiak bonba zeinek jarri zuen jakiteko eskubidea zuela defendatu zuen. «Honezkero, ETA ez da gaiztoagoa izango egin ez duen ekintza bat egotzita».