Mikel Albisuri babesa adierazi diote Euskal Herriko 65 irakurle taldek

Nafarroako Gobernuari eskatu diote ez dezala oztoporik jarri Albisuren literatur jardunaren eta irakurle taldeen dinamizazioan.

(ID_13384771) (Iñigo Uriz/@FOKU) .2023-11-28, Iruñea
Irakurle taldeen adierazpena sinatu dutenetako bost dinamitzaile: Mikel Taberna, Garazi Arrula, Ines Castilla, Josu Jimenez Maia eta Sagrario Aleman. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko azaroaren 28a
13:45
Entzun

Lehenik, Aurizperriko irakurle taldeak Eman bakea literaturari izenburupeko adierazpena atera du. Hari jarraiki, Euskal Herriko 65 irakurle taldek beste adierazpen bat atera dute, Mikel Albisuren literatur jarduna errespetatu dadila galdegiteko: horien artean daude taldeetako 37 dinamizatzaile eta 276 irakurle.

Gaur eguerdian prentsaurrekoa egin dute Labaren egoitzan, Iruñean, bi adierazpenak aurkezteko. Josu Jimenez Maiak irakurri du agiria euskaraz, eta Ines Castiellak gazteleraz. Euren alboan izan dira testua sinatu duten hiru taldeetako dinamizatzaileak: Mikel Taberna, Garazi Arrula eta Sagrario Aleman.

Duela bi aste, Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak salatu zuen Albisuk irakurle talde bat gidatzen zuela Aurizperrin. Elkarte haren presioaren eraginez, Nafarroako Gobernuak udalei eskatu zien idazlearekin lankidetzan aritzeari uzteko. Albisu 2004ko urriaren 3an atxilotu zuten, Biarnon, ETArekin lotuta. Hamabost urte eman zituen preso, eta, Frantziak ezarritako zigorra osorik beteta, 2019ko urtarrilean askatu zuten.

Gaurko agerraldian, Josu Jimenez Maiak Euskal Herriko irakurle taldeen adierazpena irakurri du. Gogora ekarri du Albisu 1980ko hamarkadatik dela ezaguna kultura eta literatura arloan. «Covite elkarteak lan egiteko eskubidea ukatu nahi izan dio irakurle taldeen dinamizazioaren bidez egiten duen kultur ekarpena debekatzeko eskatzerakoan».

Haien ustez, gobernuak «epaitegi bati legokiokeen rola hartu du, herritar libre bat zigortu dezaten eskatuz». Hala, gobernuari galdegin diote atzera egin dezala bere erabakian eta ez diezaiola oztoporik jarri Albisuren literatur jardunari zein irakurle taldeen dinamizazioari: «Irakurle taldeetako partaideak dira lanaren neurria zein den erabakitzeko zilegitasuna duten bakarrak».

65 irakurle taldeak Euskal Herri osokoak dira: Tafallatik Baigorrira eta Erandiotik Pasaiara. Aferak Nafarroan eragin duenez, agiria sinatu dutenetako hogei talde hangoak dira.

Aurizperriko adierazpena

Albisuk gidatutako Aurizperriko irakurle taldeak abiatu du babes dinamika. Talde horretan elkartzen dira Aezkoako, Erroibarko, Aurizko, Artzibarko, Luzaideko eta Orreagako irakurleak, «giro goxo eta adiskidetsuan norberak bakardadean irakurri liburuak sortu dizkion hausnarketa, sentimendu eta iritziak askatasun osoz taldeko besteekin partekatzeko». Euskaraz aritzen dira.

Haien esanetan, saio aberasgarriak izan dira, eta literaturan sakontzeko balio izan die. «Badira inarrosi gaituzten liburuak, badira gure bizitzaren oihartzunak ekarri dizkigutenak, badira ere gertakari eta bizipen ezezagunen berri eman dizkigutenak. Batzuk Euskal Herrikoak, beste batzuk euskararen bitartez kanpotik ekarriak».

Hortaz, ez dute ulertzen gobernuak nolatan egin dion men Covite elkartearen eskariari, idatziaz adierazi dutenez: «Adierazpen hau sinatzen dugun Aurizperriko irakurle taldeko kideon ustez, solasaldiak antolatzeko ardura duen Mikelen aurkako erasoa ez ezik literaturaren eta euskararen kontrako erasoa ere bada hau. Eta eskatzen dugu bakean utz gaitzatela, orain arte bezala, denon aholkuak entzunda Mikelek proposatzen dizkigun irakurgaiez gozatzen». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.