Mikel Albisuren aurkako epaiketa salatzeko elkarretaratzea egin dute 126 idazlek eta editorek

Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak irakurri du ‘Eman bakea’ izeneko testua, eta Joseba Sarrionandiak eta Garazi Arrula Txalapartako editoreak irakurri dute sinatzaileen zerrenda.

unai etxenausia
2022ko urtarrilaren 18a
16:10
Entzun

Euskal Herriko 126 idazlek eta editorek adierazpen bat plazaratu dute, Eman bakea izenburupean, Mikel Albisu Iriarteri babesa adierazteko. Donostiako Bulebarrean aurkeztu dute adierazpena gaur goizean, eta bertan agiriaren sinatzaileetako batzuk eta Albisu bera izan dira. Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak irakurri du testua, eta Joseba Sarrionandiak eta Garazi Arrula Txalapartako editoreak irakurri dute sinatzaileen zerrenda. Horietaz gain, Bulebarrean izan dira Jule Goikoetxea, Gotzon Barandiaran, Josu Landa, Jon Alonso, Oier Guillan eta Joxe Austin Arrieta sortzaileak, besteak beste. 30 pertsona inguru bildu dira guztira.

ETAk Gregorio Ordoñez PPko zinegotzi eta Gipuzkoako PPko orduko presidentea hil zuen 1995eko urtarrilaren 23an, Donostian, eta, hilketa hari lotuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zuen Albisu 2021eko abenduan. Albisuk azaldu zuen haren aurkako akusazio berriak «torturen eta gezurren bitartez» eskuratutako elementuetan oinarritzen direla.

Elkarretaratuak Albisu bigarrenez epaitzearen kontra agertu dira; izan ere, Frantziako Estatuan hogei urteko espetxe zigorra bete zuen, eta duela hiru urte askatu zuten. Horregatik, orain Espainian «berriro ere zigortu» nahi dutela salatu dute, are, Frantzian bete duen zigorraren «arrazoi berdintsuengatik eta inolako froga materialik gabe».

Idazkia sinatu dutenek «bere sorkuntza libreki» eskaintzen jarrai dezan nahi dute. «Gure artean jarrai dezan nahi dugu». Horrez gain, nabarmendu dute Euskal Herrian «askatasuna eta bakea» behar direla.

Nahiz eta guztiak ez diren elkarretaratzean egon, Euskal Herriko aurpegi ezagun askok sinatu dute idazkia: Miren Agur Meabe, Alaine Agirre, Koldo Izagirre, Jon Benito, Edorta Jimenez, Castillo Suarez, Irati Jimenez, Agurtzane Intxaurraga, Jon Arretxe, Harkaitz Cano, Hedoi Etxarte, Eneko Olasagasti, Amets Arzallus, Ander Lipus, Antonio Casado da Rocha, Asier Serrano, Kirmen Uribe, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran, Imanol Murua Uria, Iñaki Segurola, Isabel Etxeberria, Itziar Ugarte, Joanes Urkixo, Kattalin Miner, Lander Garro, Pako Aristi, Mari Luz Esteban, Xabier Montoia, Miren Amuriza, Josu Goikoetxea, Uxue Apaolaza, Pello Lizarralde, Xabier Izaga, Unai Iturriaga, Ane Labaka, Asel Luzarraga, Julen Belamuno, Aurelia Arkotxa, Jorge Gimenez, Jon Alonso eta Idurre Eskisabelek, besteak beste.

Albisu 2004ko urriaren 3an atxilotu zuten, Biarnon, ETArekin lotuta. Hamabost urte eman zituen preso, eta, Frantziak ezarritako zigorra osorik beteta, 2019ko urtarrilean askatu zuten. Orain, Dignidad y Justicia elkarteak eskatu du auzibide batzuk irekitzeko, zenbait atentaturen «egile intelektualak» ikertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.