Nafarroako Kutxa. 'Dieten auzia'

Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Enrique Maia inputatu ditu epaileak

CANeko batzorde iraunkorraren bileratan parte hartu zuten lau goi kargudunetatik hiru deitu ditu deklaratzera Maria Paz BenitokBarcinak ere parte hartu zuen, baina ezin dezake inputatu epaileak, foruduna delako

joxerra senar
Iruñea
2013ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak inputatu gisa deklaratuko du apirilaren 12an Maria Paz Benito epailearen aurrean. Era berean, Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegiko magistratuak Alvaro Miranda 2007tik 2012ko ekainera arte Nafarroako presidenteorde ohia eta Enrique Maia Iruñeko egungo alkatea inputatu ditu. Maiak apirilaren 15ean deklaratuko du, eta Mirandak hilaren 16ean. CANeko Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorraren bileratan parte hartu eta dietak kobratzeagatik eroskeria delitu zantzuak antzeman ditu Benitok. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak ere parte hartu zuen bileretan, baina, foruduna denez, epaileak ezin du zuzenean inputatu. Oraingoz ez dago inputatuta.

1. Zer da Batzorde Iraunkorra?

Legalitatetik at zegoen organo aholku-emaile bat zen Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorra. 2010eko abuztuaren 31n egin zuen lehen bilera, eta 2011ko irailaren 26an azkenekoa. Urtebete horretan, zortzi egunez bildu zen, eta egun bakoitzeko ordu erdinako bi bilera egiten zituzten. Egunean bi aldiz bildu eta bi aldiz kobratzen zuten. Batzorde horretan, 2011ko ekainaren 30era arte Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Yolanda Barcina biltzen ziren; lehenengo biak Nafarroako Gobernuaren izenean eta bestea Iruñeko alkate gisa (Gobernua eta Iruñeko udala dira CANen erakunde sortzaileak).

Uztailaren 1etik aurrera, Sanzek Nafarroako lehendakaritza utzi, eta Barcinak ordezkatu zuen. Barcinak ekainaren erdialdera Iruñeko alkatetza utzi eta presidente izendatu bitartean, 19 egunez ez zuen kargu publikorik izan, baina ekainaren 30ean bi dieta kobratu zituen. Sanzek,berriz, presidente ohi gisa 75 urtera arte bileretara joateko eskubidea zuen. Enrique Maiak azken lau bileratan parte hartu zuen.

2. Eta ez da Erakunde Sortzaileen Batzordea?

Ez. Izen antzekoak dituzte, eta, horregatik, nahasgarriak gerta daitezke. Erakunde Sortzaileen Batzordea CANen 2010eko estatutuetan jasota zetorren eta ofiziala zen berez; batzorde iraunkorra, berriz, ez. Batzorde ofizialean, gobernuko, udaleko eta parlamentuko ordezkariak esertzen ziren. Parlamentuko lau ordezkariak, adibidez, 2010eko maiatzaren 27an osoko bilkuran izendatu zituzten. Han, Sanz, Miranda, Barcina eta Maiaz gainera, Alberto Catalan, Carlos Garcia Adanero, Roberto Jimenez Jose Iribas, Javier Caballero, Ana Elizalde eta Samuel Caro esertzen ziren. Batzorde ofizial hori 20 aldiz bildu zen, eta eguneko hiru dieta ere kobratu zituen.

Ez bata ez bestea ez ziren batzorde eragileak, eta partaidek ez zuten erantzukizunik hartzen. Horregatik, bi kasuetan moralki erabat gaitzesgarria gerta daiteke dietak kobratzea; betiere, ahaztu gabe Sanzek, Mirandak eta Barcinak batzuetan zein besteetan kobratzen zutela. Legez, ordea, batzorde ofizialak ez du arazorik; iraunkorrak, ordea, bai.

3. Zergatik dira dieta ezkutukoak?

Batzorde iraunkorraren berri lau partaideek eta CANeko goi agintari bakan batzuk soilik zekiten. Ogasunari dirua deklaratzen bazioten ere, ez zuten jakinarazten. Alberto Pascual batzorde horietan guztietan CANeko idazkari zenak martxoaren 8an epaileari deklaratu zionez, batzorde ofizialeko kideek ere ez zekiten paraleloki Barcinak, Sanzek, Mirandak eta Maiak beste bilerak egiten zituztela. Bilera bereziak zirela izendapenak berak egiaztatzen du. Lehen aktetan Erakunde Sortzaileen Batzordearen informazio bilerak deitzen zitzaion. Pascualen hitzetan, «egunez egun» aldatuz joan zen izena. Idazkari ohiak deklaratu zuenez, Miguel Sanzek erabakitzen zuen noiz biltzen zen batzorde iraunkorra, noiz batzorde ofiziala.

4. Eta alegalak?

Estatutuetan ez zetorren ez batzorde iraunkorraren ez bestelako informazio bileren aipamenik; baina, gainera, CANen barne araudietan hamar hilabete geroago jaso zen. Epaileak auto batean azaldu zuenez, espresuki jaso zen batzorde iraunkorra 2011ko ekainaren 24an jasotako CANen Antolamendu eta Barne Araudiaren Araudian. Data hori oso garrantzitsua da, aditzera eman dezakeelako aurretik egindako bileretan jasotako diru sariak arauz kanpokoak direla.

5. Nork legeztatzen zituen bilerak?

Aurrezki kutxaren goi organoen barruan, Ordainketen eta Langileriaren Batzordeari zegokion araudia ezartzea, diru sari guztien kopurua zehaztea eta batzorde iraunkorrari oniritzia ematea. Batzorde horretako ordezkari gisa ziren Jose Antonio Asiain eta Ricardo Marti Fluxa kontseilariak. Enrique Goñi zuzendari nagusiak ere horren berri bazuen. Parlamentuan otsailaren 19ko agerraldian, bileren aktak erakutsi zituen, eta batzorde iraunkorra «zortzi aldiz» bildu zela esan zuen. Ez zuen aipatu eguneko bi aldiz biltzen zirela.

6. Zer egiten zuten bilera horietan?

Entzun, besterik ez. Akten arabera, aurrezki kutxari buruzko informazioa jasotzen zuten: balantzeak edo banatutako kreditu bereziak. Adibidez, CANek Caja Burgoseko eta Banca Civicako kontseilari baten enpresa bati emandako kreditu baten berri eman zieten eta jakinarazi Gaztela Leongo legeak debekatu egiten duela Caja Burgos partaide den ezein erakundek kreditua ematea. Akten arabera, ez zuen inork arazorik jarri. Era berean, akta batzuk manipulatuta dauden zantzuak antzeman ditu epaileak. Beste bilera batzuen akten kopia direla uste du, eta CANi egiazko aktak eskatu dizkio, baita informazio hori gordetzen den zerbitzariaren datuak ere.

7. Zer delitu antzeman ditu epaileak?

Foru Hobekuntzaren arabera, Nafarroak aurrezki kutxen gaineko «eskumen osoa» du, eta, besteak beste, zaintza egitea dagokio. Epaileak 2002tik 2012ra egindako ikuskaritza txostenak eskatu dizkio gobernuari, baina ez du txostenik. CANek berak bidalitako urteko txostenak bakarrik berresten zituen Gobernuak. Hartara, batetik, omisiozko prebarikazio delitua antzeman du epaileak, baina horri lotuta, baita eroskeria delitua ere, «zaintza egiteaz arduratu behar ziren pertsonek kobratzen zituztelako diru sariak».

8. Zer dio Gobernuak?

Ez du ezer esan. UPNk, berriz, atzo oharrean zioenez, ikuskaritzaren eskumena «Espainiako Bankuan ordezkatuta egon da beti». «Gobernuko ezein teknikarik edo aditu juridikok ez zuenohartarazi inoiz Nafarroako Kutxari buruzko ikuskaritza egitea zegokiola Gobernuari». Alta, 1992ko foru dekretu baten arabera, Ekonomia departamentuari zegokion aurrezki kutxen zaintza eta kontrola. Goi ikuskaritza, berriz, Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.