POLITIKA

Miguel de los Toyosek Eibarko alkatetza utzi du

Jon Iraola PSE-EEko zinegotziak hartuko du kargua. De los Toyos Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketarako sailburuordea izango da aurrerantzean.

Miguel De los Toyos, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2021eko otsailaren 24a
10:44
Entzun

Miguel de los Toyos Eibarko (Gipuzkoa) alkateak dimisioa eman du, 2023ko udal hauteskundeei begira erreleboa emateko. Agerraldi batean, azaldu du Jon Iraola PSE-EEko zinegotzi eta PSE-EEren udal taldeko egungo bozeramaileak hartuko duela alkatetza, bi urte barruko hauteskundeetan hura izan dadin hautagaia. Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketarako sailburuordea izango da; hain zuzen, Arriola sailburu eta Eibarko alkate ohiaren azpikoa.

Iraolak azaldu du «erronka bat» dela udalaren buruan jartzea, baina «gogoz, arduraz eta, batez ere, errespetuz» hartzen duela: «Nire onena emango dut eibartarrak merezi duten bezala ordezkatzeko».

Toyosek sare sozialetan zabaldutako mezu batean aitortu duenez, ez da «erabaki erraza» izan: «Ez da erraza nire sentimenduak lerro gutxi batzuetan laburtzea. Baina nabarmendu nahi dut nire bizitzaren aro hau oso eskertuta amaitzen dudala».

De los Toyosek hamahiru urte egin ditu Eibarko alkatetzan, 2008an Iñaki Arriolaren lekukoa hartuta, eta 26 guztira udalean. 1968an sortua da, eta 1995ean sartu zen zinegotzi, Arriola bera alkatea zela. 2003an, berriz, udal gobernuaren bozeramaile lanetan aritu zen.

Haren agintepean, PSE-EE lehen indarra izan da Eibarren, 2011, 2015 eta 2019ko hauteskundeetan botoen %30-%33 eskuratuta. Hain zuzen, Eibarko alkatetza izan da sozialistek azken urteetako apalaldiaren testuinguruan alkatetzari eustea lortu duten udalerrietako bat.

Aurten, Eibarko Udala izan da interesguneetako bat aurrekontuen eztabaidan, PSE-EEk eta EAJk EH Bildurekin adostu dutelako 2021erako aurrekontu proiektua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.