Migratzaileak. Hegoaldeko muga. Helena Maleno. Caminando Fronteras taldeko kidea

«Migrazioaren kontrola bizitzeko eskubidearen gainetik jarri dute»

Helena Maleno ekintzailea «heriotza politikez» mintzo da: uste du gerra bat dagoela mugetan, eta bizitza batzuk baztertu egiten direla bertan. Salatu du jardun horiek arma enpresak elikatzen dituztela.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Prezio garestia ordaindu du Helena Malenok (El Ejido, Espainia, 1970) etorkinen eskubideak defendatzeagatik: heriotza mehatxuak jaso ditu, eta Espainiako Poliziaren zein Marokoko auzitegien susmopean izan da hainbat urtez, Caminando Fronteras kolektibotik Mediterraneoa gurutzatzen ari ziren migratzaileak erreskatatzeko eskatzeagatik. Bilbon izan da berriki, Vida en la necrofrontera (Bizitza nekromugan) txostena aurkezten.

2018an, Espainiako hegoaldea bihurtu zen Europara sartzeko bide nagusia, baina iaz Mediterraneoko fluxua zertxobait apaldu zen. Nola dago egoera orain?

Zifrek diote %60 pertsona gutxiago iritsi zirela 2019an, baina aurreko urtean hildakoen kopurua gainditu egin zen: 2018an 843 biktima zenbatu genituen, eta iaz, 893. Basakeria hutsa da: migrazioaren kontrola bizitzeko eskubidearen gainetik jarri dute. Orain ontzi gutxiago iristen ari dira Europara Mediterraneotik, baina baldintza okerragoetan irteten dira —ontzi txarragoetan eta eguraldi kaskarragoarekin—, eta bide arriskutsuagoak hartzen dituzte; aurten Kanarietako bidea zabaldu da berriz. Izan ere, bide bat ixtean, beste bat irekitzen da. Ez dago dei efekturik, baizik eta irteera efektua: jendea beren lurraldeetatik egozten ari gara. Hala adierazten dute askok: «Ez dut migratzeko eskubiderik, ezta ez migratzeko eskubiderik ere».

Itsas Salbamenduaren jarduna mugatu zuen Espainiak iaz. Maroko erreskateak egiten ari da?

Marokok ez dauzka Espainiaren baliabideak erreskateetarako, Adibidez, ez du hegazkinik; Espainiaren laguntza behar du paterak airetik detektatzeko. Izatez, nazioarteko itunen arabera, bi herrialdeak derrigortuta daude koordinatzera, baina ez zaie interesatzen. Era berean, Espainia Itsas Salbamendua desegiten ari da: oso larria da gobernuak aginte goren militar bat ezarri izana halako erakunde zibil batean pateren erreskateetarako; estatubatuarrez betetako yate bat hondoratuko balitz, onargarria litzateke guardia zibil baten aginduari itxaron behar izatea haien bila joateko? Pentsaezina litzateke, baina halakoa da egoera beste bizitza batzuk jokoan daudenean.

Berriki, emakume bat patera batean erditu da, eta haurra hil egin da. Gero eta egoera arriskutsuagoetan migratzen ari al dira emakumeak?

Bai. Gero eta emakume gehiago ari dira migratzen. Batetik, beren lurraldeak ustiatzen dituzten enpresekiko gatazkek eragin handia dutelako haiengan, euren gorputza gerra arma gisa erabiltzen baita. Eta, bestetik, sexurako eta etxeko lanetarako merkatu bat dagoelako Europan, gorputz horiek eskatzen dituena. Gainera, andreek normalizatuta daukate euren gorputzekin prezio bat ordaindu behar dutela lekualdatze horietan. Halere, haien diskurtsoa eskubideak bilatzea da: eskubideen Europa dute buruan, nahiz eta eskubide horiek gero eta murritzagoak diren, batez ere migratzaileentzat.

Espainia Ceuta eta Melillako kontzertinak kentzen hasi da, baina, aldi berean, Marokok harresi paraleloa eraiki du. Asko aldatu da hango egoera?

Demokraziaren zulo beltzak dira Ceuta eta Melilla. Eskolatu gabeko berrehun ume inguru daude han, ez daukatelako dokumentaziorik bertakoak izan arren. Harresian egunero gertatzen denak erakusten du mugak eskubiderik gabeko espazioak direla: kontrol militarraren alde, atzera egin du demokraziak. Eta itsasoan berdin gertatzen ari da: erreskatatutako pertsona bati, tragedien biktimentzako protokolo bat aplikatu ordez, atzerritar legea ezartzen zaio; senide bat itota hiltzen ikusi dutenek 72 ordu pasatu behar dute polizia etxe batean... Latza da hori, eta pentsaezina litzateke herrialde demokratiko batean. Gainera, Ceuta eta Melillako mugen kontrolarekin diru asko egiten ari dira enpresa batzuk; adibidez, Indra.

Zer interes ekonomiko dago mugetan?

Mugei eta migratzaileen kontrolari lotutako arma industriarekin diru asko irabazten ari dira enpresa batzuk. Eta, lurralde bat militarizatzen denean, demokrazia galtzen da. Negozio horren barruan sartzen da mugen esternalizazioa ere: Libian, adibidez, gerrako jauntxoekin eta industria kriminalarekin negoziatzen ari da Frontex, eta material militar pila bat saltzen ari dira hegoaldean Nigerrekiko muga militarizatzeko. Eta esternalizazio horren atzean ere beti daude enpresa berdinak.

«Nekromugei» buruzko txosten bat argitaratu duzue, eta bertan aipatu duzue «nekrokapitalismoa». Zer kontatzen dute mugek sistema kapitalistari buruz?

Gorputz batzuk baztertu egin daitezkeela, biztanleriaren parte baten sufrimenduak eta heriotzak dirua ematen dutela. Sistema kapitalistaren oinarria dira heriotza politikak; etxe kaleratzeak ere badira nekropolitika, baina mugetan argiago ikusten da, estatuek migrazio kontrolaren bidez justifikatzen dutelako. Ez da inor lotsatzen pentsatuz iaz hamasei ontzi desagertu zirela eta ez dagoela telefono ofizialik senideek erantzunen bat izan dezaten.

Giza eskubideen inguruko diskurtsoan zegoen adostasuna galdu da?

Bai. Hau ez da giza eskubideen Europa, baizik eta pribilegioena. Eta ez naiz soilik eskuin muturraz ari: denok berraztertu behar dugu gure jarrera. Adibidez: erreskate batean ume bat itotzen ari denean, grabatu egiten dugu, argudiatuz ikusarazi behar dela jendea sentsibilizatzeko; baina sentsibilizatzeko min hori ikusi egin behar izateak esan nahi du ume hori ez dugula berdintzat jotzen. Giza eskubideek edukia galdu dute.

Eskubide horiek defendatzeagatik kriminalizazioa jasan duzu zuk: iaz artxibatu zen Marokon zenuen auzibidea. Jazarpena murriztu da, ala etengabea da?

Etengabea da. Azken bost urteetan migratzaileen eskubideen defendatzaileen aurka izandako 250 kasuren berri izan dugu Europan: jana emateagatik, harrera antolatzeagatik, itsasoan biziak erreskatatzeagatik... Elkartasunaren kriminalizazioa sistematikoa da, antolatua dago, mugen kontrolaren politikaren parte da. Hortaz, babes kolektiborako sareak ere eratu behar ditugu.

Gobernua osatu berri da Espainian. Zer espero duzu? Zer neurri hartu behar luke?

Lehenik, heriotza politika horien ikuspegia aldatu behar da: arrazakeria instituzionalaren aurka jardun behar du, eta bizitzeko eskubidea defendatu. Baina egiturazko hori guztia egin bitartean, hainbat neurri har daitezke bihar bertan: atxikitze zentroak itxi, atzerritar legea baliogabetu, adingabeak babestu, desagertuen familiei erantzun, kostaldera iristen direnei laguntza psikologikoa eman... Asko dago egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.